argia.eus
INPRIMATU
Krisia: politikaren porrota eta gizarte zibilaren gorakada

GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2012ko abenduaren 02a

Pertsona eta giza talde asko ari dira bereziki pairatzen hainbestetan aipatzen ari garen krisi ekonomikoaren ondoriorik larrienak. Langabezia, prestazio sozialen murrizketak, eta azkenean, etxe desjabetzeak dira gure eguneroko ogia.

Finantza krisia hasi zenez geroztik gizarteak espero zuen sistema politikoaren erantzun sakona eta erabatekoa. Halere, ez zen horrelakorik gertatu, eta, nahiz eta sistema politikoari eta botere publikoei krisiari aurre egitea eskatu zitzaien, beharbada, irmotasun eta konfiantza gehiegirik gabe egin zen eskaera hori.

Gizartearen jarrera apalak eta sistema politikoaren aitortutako “ezintasunak” krisiaren eskuetan utzi gaituzte. Hori  dena lehertu aurretik, sistema politikoak ez zuen nahi izan krisiaren jatorrian zeuden arrazoiei aurre egin, eta krisia agertu eta gero, ez du jakin erantzuten pertsonen defentsan.

Alderantziz, denok –botere publikoek barne, noski– bagenekien higiezinen sektorea “burbuila” artifizialean oinarriturik zegoela. Bagenekien horren atzean finantza erakundeen negozio potoloa zegoela eta horren ifrentzua herritarron gain-zorpetzea zela. Kausak argi daude: erosi nahi genituen etxebizitzen tasazioak edo balorazioak puztea, mugarik gabeko maileguak ematea eta, oinarrian, estatuaren pasibotasuna.

Baina krisiak “burbuila” leherrarazi duenean, estatuaren jarrera ez da aldatu. Sistema politikoaren erantzuna ildo bakarretik joan da: gastu publikoaren zorroztasuna eta murrizketa sozialak. Estatuak ez du aldatu krisiaren kausa bat bera ere, eta denak bere horretan jarraitzen du. Aldiz, finantza sistema salbatzen ari da horren truke eska zitekeen erantzukizuna exijitu gabe. Hona hemen sistema politikoaren porrota: krisiaren kausak ez aldatzea; egoera larrian dauden pertsonen eskubideak murriztea, eta batez ere, sistema ekonomikoaren aurrean etsitzea eta bere ezintasuna onartzea.

Zorionez, gizartean ez da ikusi ez pasibotasunik ez ezintasunik. Arazo larrienei aurre egiteko prest agertu da gizartea: elkartasun mugimendu berriak sortu dira, kaleak okupatu dira eta guztiz ahaltsu diren finantza erakundeen aurrean ez du burua makurtu. “Haserretuen” mugimenduaren filosofiari jarraituz, benetako demokrazia partehartzailea aldarrikatu,  finantza eta ekonomia sistemaren ahalmena errefusatu eta herriaren ahotsa entzun dadila exijitu ditu.

Hemen dago gizartearen gorakada. Gizarte “haserretuak” erakutsi du guztiz posible dela honelako “matxinada” antolatzea eta erantzuna jasotzea. Gizarte honek erantzun du: alde batetik, finantza erakundei aurre egin die, euren jarrera salatuz, euren erabakien ondoriorik larrienak argi erakutsiz; bestalde, botere publikoei erantzun sakona eskatu die: hondamen hau gelditzea eta neurriak hartzea pertsona guztion duintasuna bermatzeko.

Erantzuna ezagutzen dugu: finantza erakundeek tinko eutsi diote euren posizioari; estatuak gainetik kendu nahi izan du arazoa erantzun apal-apal eta guztiz ez eraginkorra emanez. Bigarren aldiz, sistema politikoak etsi egin du ahaltsuen aurrean. Hona hemen bere bigarren porrota.

Ez dakit gizarte hau noiz arte konformatuko den, baina argi dago udazken honek ekarri digula itxaropen izpirik. Ea izpi horrek sistema politikoa argitzen duen eta erakusten dion denon onerako benetako erantzuna zein den.