Hitz egin dezagun musikaz

Prousten madalena bezala: Kafe Aleak liburuz betetako poltsa hartzera joan –nire herriko taberna bateraino garraiatu ditu Ibon Rodriguezek– eta institututik atera berri diren nerabeekin gurutzatu nintzen udazkeneko arratsalde hotz hartan. Ez naiz horrelako xehetasunak artikuluetan kontatzekoa eta oraingoan ere ez nuen egingo, eszenak, giroak, liburuko edukiak nerabezarora braust itzuli ez banindute, Entzun! aldizkari zaharren garaira; diskoak deskargatzen zituzten inguruko geekak esku bakarrarekin konta zenitzakeen denboretara; prentsa, irratia, telebista eta tabernak musika deskubritzeko kanal bakarrak ziren ke arteko egunetara. Entzun behar zen zerbait aurkituz gero, lagunei kontatzera korri egiten zenuen. Dena delako kanta ez zegoenez klik batean eskura, hitzak –teknologia zaharkitu hau– erabili behar zenituen esplikatzeko zergatik flipatzen ari zinen halako talderekin.

Barka txapa horrengatik –malenkoniatsu jarri naiz, snif–, baina liburuan 121 lagunek 121 diskori buruz idatzi dituzten artikuluak leitzen hasi, eta duela urte batzuk koadrilan musikaz zenbat hitz egiten genuen etorri zait gogora. Bestela esanda, zein gutxi hitz egiten dugun orain. Jon Eskisabelekin bat nator: Kafe Aleak aurkeztu zenean Berrian idatzi zuen, kontzertuetatik at geroz eta gehiago eremu indibidualera mugatzen ari dela musika zaletasuna; horregatik direla garrantzitsuak mota honetako ekimenak.

Apaindura gutxiko azala, maketazio txukun eta sinplea, zuri-beltzeko argazkiak eta disko bakoitzaren portada eskuz marraztuta –copyright arazoak saihesteko antza; Jon Martin, Alots Arregi eta Joseba Agirrezabalagaren irudiek liburuari estetika berezia ematea lortu dute gainera–. 1990eko hamarkadatik salbatua dirudien lan honek XXI. mendeko bigarren hamarkadan sortu izana du abantaila, musikari buruzko informazio bila hastean Interneteko naufrago bihurtzeko arriskua daukazun garaian. Gomendio egokiak inoiz baino beharrezkoagoak direnean.

1958koa da liburuko diskorik zaharrena eta 2010ekoa berriena. Tarte horretan argitaratu diren Euskal Herriko eta nazioarteko lan esanguratsu ugari aurkituko dituzu –esaten den bezala, ez daude denak baina dauden denak dira; edo ia–. Liburuaren aldeko puntuetako bat: ez ditut gomendatutako disko eta musikarietako asko eta asko ezagutzen; hitzaurreok dira bilatzen hasteko akuilua.

Irakurri ditudan artikuluek ez dute arau-emaile izateko intentziorik; esango nuke ofizioz edo bokazioz kritikari direnek ere plano pertsonaletik heldu diotela liburu honetara ekarri duten testuari eta beraz zorroztasunean gal dezaketena, hurbiltasunean eta patsadan irabazi dutela. Eta egia esan, egileen zerrenda ikusita, Leire Lopezek eta Ibon Rodriguezek egin duten koordinazio lana txalotzea beste erremediorik ez dago, konglomeratua ez baita nolanahikoa –nire filosofo esloveniar gogokoenarekin ere kontaktatu dute!–.

Zer gehiago esango dizuet ba: liburua eskuratu nahi baldin baduzue Kafea eta Galletak ekimenaren webgunean ikus dezakezuela non erosi (www.kafeaetagalletak.net). Edo tabernan jaso nuen poltsatik aleren bat sobratu zaidala baliatuz, prezio hobeagoa lortzen saia zaitezkete, gbereziartua@argia.eus helbidera idatziz.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude