Euskal hedabideek ahots bateratua izan dezaten

  • Hekimen elkartea sortu dute euskara hutsean lan egiten duten herri ekimeneko hedabideek, gizartearen eta instituzioen aurrean “bakarka baino, elkarrekin” agertzeko helburuz.

Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu zuten azaroaren 21ean Hekimen elkartea.
Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu zuten azaroaren 21ean Hekimen elkartea.Dani Blanco

50 euskal Hedabide baino gehiagok Hekimen elkartea sortu dute. Hedabide ez publiko horiek orotara 600 langile inguru dituzte eta ehunka mila herritarrengana iristen dira. Horregatik, “ahots bateratua izatea” garrantzitsua dela azpimarratu dute.

“Euskal Herri euskalduna nahi badugu komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da”, adierazi zuten joan den astean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean. “Euskararen komunikazio esparrua txikia, ahula eta hauskorra dela badakigu. Hala ere, asko gara eta jende askorengana heltzen gara”.

Hekimeneko zuzendaritzak zortzi kide ditu eta honakoak dira: Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur8, Gazteberri, Hamaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista. Iban Arantzabal Tokikom-eko zuzendaria izango da Hekimeneko presidentea.

Euskal Hedabideen Behatokia

Duela bi urte hasi ziren euskal hedabideak harremanak lantzen, bizi zuten “egoera gaitzak” bultzatuta. Denbora horretan, Gipuzkoa Berritzen egitasmoaren laguntzarekin, lanean aritu dira eta Hekimen elkartea da horren fruitua “euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera” datorrena.

“Desafioak ez dira makalak –dio Hekimenek zabaldutako oharrak–. Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu dirulaguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, eta abar. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia, eta lan eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan. (...) Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko”.

Hekimenek azaldu du bera osatzen duten hedabideak gogor ari direla lanean “XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa” izateko. Aurrera begira erronka ugari aurreikusten dituzte eta horiei erantzuteko, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dute; bertan bilduko lirateke Hekimen bera, unibertsitateak, erakundeak eta hedabide publikoak.

“Ilusioz dator Hekimen, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako”.


ASTEKARIA
2012ko abenduaren 02a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude