Euskararen etorkizuna, lankidetzan

Topaguneak hiru urte darama eraldatzen, euskararen normalizazioan eraginkorrago izateko. Bide horretan, geltoki garrantzitsua izan zen 2011ko Kongresua, han adostu baitzen ikuspegi berria.

Berriki burutu dugu II. Kongresua, eta bertan ikuspegi hori ekarri dugu eraldatzeko bide zehatzetara. Eraldabide horiek bateratu egiten gaituzte, mugimendu bihurtu. Eta, beraz, indartu. Baina zertarako?

Euskararen normalizazioan 30 urteko ziklo bat amaitu da eta ziklo horrek uzten du, lorpen handiekin batera, topea jo izanaren sentsazioa.

Dagoeneko hausnarketa eta berrikuntza dabil han-hemenka euskalgintzako eragileen artean, topea gainditu eta ziklo berri bati indartsu ekiteko.

Bidegurutzeak ziurgabetasuna sortzen du eta krisi ekonomikoak, larritasuna. Biak ere akuilu onak gurdia mugiarazteko. Baina badaude faktore gehiago ere bilakaeraren alde:

– Aro politiko berriak lankidetzarako aukerak zabaltzen ditu herri erakundeen eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta.

– Jakinduria handia metatu dugu hizkuntza normalizazioaren gainean, diziplina ugaritan: soziolinguistika, psikolinguistika, gizarte psikologia, diskurtsoen garapena, komunikazio estrategiak...

– Beste hainbat esparrutan ere normalizazio prozesu azkarrak ezagutu ditugu: feminismoa, ekologismoa, homosexualen eskubideak...

Gauzak horrela, adostu beharko genuke egitasmo bat, 30 urteko ziklo berri baterako. Egitasmoaren hezurdura litzateke plangintza potente bat: helmugako helburua, jardunbideak eta palankak, baliabideak eta epeak, funtzio banaketa, neurketa sistema zorrotza...

Egitasmoaren giharra izango litzateke euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatua, bi esparruen arteko lankidetza sustatuko lukeena eta gizarte osoari irekia, gizarte osoan eragiteko.

Azkenik, hezurdura eta gihar horiek behar duten bihotza izango da euskal hiztun ahalmendua, jantzia eta antolatua, ekintzailea, euskaraz biziko dena bizipozez, agoniarik gabe.

Topaguneak hiru urteko ibilbidean metatu duen indarra emango du ziklo berria abiatzen. Eta animatu nahi ditugu euskaltzaleak, gizarte eragileak eta erakundeak egitasmoaren oinarriak elkarrekin jarri ditzagun.

Gure iraganarentzat etorkizuna eskatzen zuen Txepetxek, Kongresuan omendu genuen liburuan. Euskarari etorkizuna emango diogu indarrak batuta, lankidetzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude