Kazetaritza modernoa lantzeko gune librea

  • Abenduaren 3an Argiak webgune berria estreinatuko du. Aldaketaren ideia nagusiak azalduko dizkiogu irakurleari ondorengo artikuluan, nahiz eta xehetasun txikiak bere kabuz deskubritu beharko dituen.

ARGIA.com-ek webgune berria estreinatuko du abenduaren 3an
ARGIA.com-ek webgune berria estreinatuko du abenduaren 3an

Argiaren webgunean sartzeko ohitura duenak aldaketak sumatuko ditu abenduaren 3tik aurrera, bai azalean, baita mamian ere. Azalaren diseinu eta antolaketa berri eta begi-bistakoaz gain, informazioa sailkatu eta kontsultatzeko bide berriak abiatuko ditugu, gai jakinetako kanal espezializatuen bitartez. Blogei diseinua berritu eta blogari berriak aurkeztuko ditugu. Multimedia kanalean atal gehiago irekiko ditugu, eta edukiak Creative Commons lizentziapean jarriko ditugu.

Copyright-etik Creative Commonsera

Azken urteotan edukiak askatze bidean pausoak eman ditugu eta aurrerantzean, Argiako edukiak Creative Commons Aitortu - Partekatu lizentziapean argitaratuko dira. Horri esker, materiala hartu, moldatu, kopiatu eta argitaratu ahal izango du edonork, beti ere egilea Argia dela aitortuz gero. Izan liburu, blog, Wikipedia, telebistako saio edo bestelako euskarrietan. Euskarari eta euskal kulturari ekarpena egin nahi izan diogu, edukien hedapena lagundu asmoz.

Aurpegi berritua

Webgunearen orri nagusiak aldaketa handia izango du. Nazioarteko hedabiderik erreferentzialenetatik ideiak hartuta, Argiaren neurrira egindako webgunea prestatu dugu, aldi berean, hautatutako norabidean hazten utziko digun egitura duena. Irakurleak ikusiko du garbiagoa dela webgunea, atal gehiago izango dituela –orain arte ez genituen inkesta eta eztabaida orriak adibidez–, argazkien tamainarekin jokatzeko aukera izango dugula, edo albistearen garrantziaren arabera, titularren tamaina bera ere moldatuko dugula. Webguneko elementuen mugikortasuna ere erraztuko du tresna berriak, guztia kazetaritza lana ahalik eta erarik profesionalenean egin eta aurkezteko.

Edukien irisgarritasunari arreta berezia jarri diogu, eta abenduaren 3tik aurrera azaletik bertatik irakurri ahal izango da informaziorik interesgarriena; ez da espresuki astekariaren atalean sartu beharko asteroko erreportaje eta elkarrizketak irakurtzeko.

Gaien araberako kanal espezializatuak

Halere, aurrera begira hartutako erabakirik garrantzitsuena informazioaren egituraketa izan da. Hemendik aurrera, informazioa sailkatzeko orduan forma bezain erabakigarria izango da edukia. Nahiz eta orain arteko formaren araberako banaketari eutsiko diogun, alegia astekariko artikuluak batetik, multimedia elementuak bestetik, argia.eus-erako idazten ditugun albisteak ere beren aldetik, eta blogak azkenik, horrekin batera edukiaren ikuspegitik ere sailkapena egiten hasiko gara.

Kanal espezializatuen sistema ezarriko dugu eta informazio guztia –izan dokumental edo astekariko erreportaje– horietan biltzen joango gara. Adibidez, nazioartea, politika, kultura eta ekonomia bezalako gai zabalak izango ditugu, baina baita euroaren krisia, euskara Nafarroan, estaturik gabeko nazioak, transgenikoak edo haurren literaturari buruzko kanalak ere, batzuk aipatzearren, interesgune ezberdinak dituzten publikoei erantzuteko.

Abiadura handiko garaiak bizi ditugu, eta azken finean dena sarean geratzen den arren, biltoki funtzioa lantzea garrantitsua iruditu zaigu, etorkizunean gai zehatzetan atzera begiratzeko gauza izan gaitezen, eta baita gaur egun gai jakinen gertuko garraipena egiteko ere. Kanal bakoitzak RSS jarioa izango du, eta sare sozialetan kanal espezializatuak sortuko ditugu, esan bezala, gaien jarraipena errazteko.

Blogak indartu

Orain hiru urte hasi zen Argiako lantaldea blogen munduan lehen urratsak ematen. Ordutik bidea egin dugu blogintzan, eta webgune berria kazetaritza lantzeko modu malguagoa eskaintzen duen mundu honetan sakontzeko baliatu nahi dugu. Hala, blogei itxura aldatuko diegu, kazetarion blogak berdefinitu eta gaiak gehiago zehaztuko ditugu.

Zazpi blogari berri ere izango ditugu gure komunitatean: Axier Lopez, Kike Amonarriz, Miel Anjel Elustondo, Irati Sarasua, Montse Auzmendi, Julen Leuza eta Gorka Azkarate. Gehiago ere izango dira etorkizunean.

Multimedia kanala zabaldu

Multimedia atalean ere hainbat berrikuntza egingo ditugu. Beranduegi Web Telebista, Dokumentalak, Film laburrak, Argazkiak, Diaporamak, Ekitaldiak eta Muntaia bereziei atal berri bat gehituko zaie: Bideo herrikoiak. Jendeak beren ekimenez egindako bideoen biltoki izan nahi du atal honek, erreferentzia gune bat, mota guztietako lanak ikusi ahal izateko.

Bestalde, orain arte Bideoak atala izandakoa zehaztu egingo dugu. Egun 340 elementu daude eta kontsulta errazagoa izan dadin, Elkarrizketak” eta Erreportajeak atalak bereiziko ditugu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude