Gurasoak eskolako patioan euskaraz hasi zirenekoa

  • Arabako bertso txapelketaren errebantxa egun batez, Euskal Jai bete-betea antolatu  zuten Arraia-Maeztun. Orain dela bi urte. Amezti euskara elkartearen lehenengo ekintza izan zen hura. Ume txikien gurasoek osatzen dute batez ere elkartea, eta euren arteko harremanetan aldaketa igarri dute: azken bi urteotan eskolako patioan euskara gehiago entzuten da.

Duela bi urte, Arraia-Maeztu udalerrian, Euskal Jaia antolatu zuen Amezti euskara elkarteak. Belen Garulo elkarteko kidearen ustez, arrakastatsua izan zen ekitaldia. Jaiak erakutsi zuen euskaldunek elkartzeko beharra sentitzen dutela.
Duela bi urte, Arraia-Maeztu udalerrian, Euskal Jaia antolatu zuen Amezti euskara elkarteak. Belen Garulo elkarteko kidearen ustez, arrakastatsua izan zen ekitaldia. Jaiak erakutsi zuen euskaldunek elkartzeko beharra sentitzen dutela.

Mendialdeko Araban, herri txikiz osatutako udalerria da Arraia-Maeztu, 700 biztanle ingurukoa. Duela urte bitik hona ekintzak antolatu eta herriari bizitasuna ematen dabiltza Amezti euskara elkarteko kideak. Herri handienean, Maeztun, egiten dituzte ekintza gehienak. Maeztuar nagusiek aspaldi galdu zuten euskara, baina bada belaunaldi bat batez ere eskolan euskaldundutakoa. Orain guraso dira, eta euskara berreskuratu, eta transmisioan lan egiteko ilusioarekin daude euskara elkartean.

Duela urte bi hasi zen abentura. Ordurako bertso eskola zegoen, eta bospasei lagun zebiltzan, tartean Itxaso Balza de Vallejo: “Topagunetik deitu gintuzten, galdetuz ea zerbait handiagoa antolatzeko prest egongo ginatekeen”. Herrian deialdia egin eta jende ugari agertu zen: “Beharra zegoela konturatu ginen”.

Eta behar horretatik, Arabako koadrila arteko bertso txapelketaren errebantxa aitzakia hartuta, Arraia-Maeztun Euskal Jaia antolatu zuten. Herrietako taldeekin herri kirolak, umeentzako jolasak, bertso poteoa, bazkaria, dantza plazan… “Izugarri potentea izan zen”, Belen Garulo elkarteko kide eta euskara teknikariaren berbetan. Bere iritziz, elkartzeko beharrak eragin zuen Euskal Jaiaren arrakasta: “Ordura arte ez zegoen ezer eta elkartu izana gauza handia izan da guretzako”.

Gurasoetatik umeetara

Urte bi hauetan hainbat saltsatan ibili dira Amezti euskara elkarteko kideak: mendi martxak, tailerrak, hitzaldiak, umeentzako zinea, Kanpezuko taldearekin batera Mintzalagun programa… Gurasoak izanda, gurasoengan eta umeengan pentsatuta egiten dituzte ekitaldi gehienak. Helburuak argiak dira: “Umeek ikusten dute euskara eskolatik kanpo ere hitz egiten dela eta zelan hitz egiten dugun helduok gure artean”. Gurasoen arteko harremanetan aldaketa igarri egin dute Garulok eta Balza de Vallejok: “Eskolako patioan ikusten da egoera nola aldatu den, gurasoon hizkuntza aldatu egin da”. Lehenago, guraso batzuk euskaldunak zirenik ere ez zekitela diote: “Sorpresak hartu ditugu batzuekin; ikasi zuten, baina ez dute erabiltzen, eta umeari ‘etorri’ esatean ez dakizu benetan euskara dakiten”.

Garulok eta Balza de Vallejo 18 urtegaz hasi ziren euskara ikasten, beste hainbat gurasoren antzera. Bi urte hauetan gurasoen arteko erabilera handitu bada ere, umeen artean oraindik ez dute askorik nabaritu, nahiz eta gero eta ohitura gehiago dagoen. Maeztuko eskolan B eta D ereduan ematen dituzte klaseak, beraz umeek ezagutza badaukatela eta, erabilerari buelta emateko itxaropentsu daude.

Antolatutako ekintzekin oso gustura badaude ere, hutsunetxo bat dagoela aitortzen dute Garulok eta Balza de Vallejok: guraso ez diren herritarrak. “Egon badaude elkartean, eta etortzen dira mendi martxetara eta… baina egia da ekintzak antolatzerakoan familiei begirakoak etortzen zaizkigula burura”. Elkartearen helburuetako bat adin tarte zabalagora eta udal osora hedatzea da. 17 herri txiki daude Arraia-Maeztun, eta hain erraza ez bada ere, horretan jardungo dute.

Erdaldunengana gerturatzen

Hain herri txikia izanda, herritar denek ezagutzen dituzte honezkero Ameztiko kideak. Hasieran baina, taldearekiko mesfidantza apur bat egon zela gogoratzen du Belen Garulok: “Jendeak ez zekien elkartea zertara zetorren, euskara ez da ohiko gauza hemen”. Elkarte bat zegoela bai, baina zertarako, ez zuten ulertzen; “baina ohitzen hasi direla uste dut, eta euskaldunak ez izan arren, gurasoak umeengatik hurbiltzen dira zinemara edo mendi martxetara”. Elkartearen komunikazio bidea e-postaz gainera, umeen eskolako motxila dela dio Garulok: “Herri osora begirako ekintzak izaten dira, eta beti saiatzen gara euskaraz egiten dugula argi uzten”.

Harremanak indartzen

“Esango nuke euskarari esker harreman handiagoa dugula euskaldunok beste herriekin beste biztanleek baino”, azaldu du Belen Garulok. Izan ere, Maeztun bertan egindako lanaz gainera, Urbizu eta Kanpezuko euskara elkarteekin ere harremana daukate Ameztiko kideek, Mintzalaguna eta bertso munduari esker. Herrian bertan, guraso eta familien arteko harremanak indartu egin dira euskara elkarteko ekintzekin.

Bidea hasi da

Euskararen berreskurapenerako kontzientzia ereinda dago, eta fruituak batzen dabiltza. Araba osoan euskarak erabileran erronka handia daukala badakite Ameztiko kideek, “Euskal Herri osoan bezala”. Aurten kaleratutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, azken hogei urtetan elebidunen kopurua hirukoiztu egin da Araban. Gazteen erdiak badaki euskaraz, baina %7k baino ez du erabiltzen.

Mendialdean duela gutxira arte ez dute euskara teknikaririk eduki. Bidea hasita dago orain, eta ikusten dute, Kanpezun, adibidez, euskara elkarteak lan handia egin duela: “Urteak dabiltza lanean, eta eragin handiagoa dute herrian; udalak ere beste ikuspuntu bat dauka euskararekiko. Esaterako, argitaratzen duen dena elebiduna da”, azaldu du Belen Garulok: “Horiek gauzok urteekin lortzen direla uste dut”. Eta eurek ere lortuko dutela uste dute Ameztiko kideek: “Maeztun aldaketa igarri da, patioan batez ere. Oso herri txikiak dira, eta gauza txikia dirudien hori, asko da guretzako”.
 

Ametsetatik amezti

Ametza zuhaitzaren izenetik dator Amezti euskara elkartearen izena. Herrian, Izkiko Natur Parkean, haritz mota hori da zabalduena. Izkikoa Europako ameztirik handiena da.

Elkarteko bileretan normalean sei eta hamar pertsona artean batzartzen dira: “Bikotekidea umeekin gelditzen da, eta beraz, zortzi familia inguru garela esan dezakegu”. Batzuetan ludotekan egiten dituzte batzarrak, batzuk umeak zaintzen, eta besteak koadernoa eskuan. Arraia-Maeztuko herrietatik handienean, Maeztun, edukitzen dute elkargunea. Han dute eskola, taberna, dendak…

Ikasturte berrirako egutegia egiteko bezperetan elkartu gara eurekin. Mendi martxak, tailerrak, aurten Korrika ere etorriko da… Ideiak landu eta orain arteko ilusioarekin ekiteko prest daude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude