"Nafarroan atzera goaz"

  • Abokatua, kide den plataformak (Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Asanbladak) presio lana egin zuen Nafarroako Gobernuarengan, 2002ko legea atera zedin. Hamar urte beranduago, lege aurrerakoiagoa eginaraztea dute helburu. Plataformatik manifestaziorako dei egin du: azaroaren 25ean 12:00etan Gaztelu Plazan, “gizartea ez baita gaiaren larritasunaz jabetu, eta errealitateak erakusten du neurri gehiago hartu behar direla”.


2012ko azaroaren 25an
Teresa Zabalegi Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Asanbladako kidea da.
Teresa Zabalegi Nafarroako Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Asanbladako kidea da.

Nola dago genero indarkeriaren kontrako borroka Nafarroan?

Foru Erkidegoan lege bat onartu zen 2002ko uztailean: neurri integralak biltzen zituen baina oso lege deskafeinatua atera zen eta 2003ko martxoan beste lege bat egin zuten, beste puntu batzuk gehiago jasoz. Lege hori garatzen duen Foru dekretua 2007ko otsailaren 28an onartu zen. Baina legean zeuden neurriak ere ez ditu kontuan hartzen dekretu honek. Adibidez, emakumeen arretarako zentroak legeak estipulatzen ditu, baina araudiak ez. Hamar urte bete ditu lege horrek eta erakundeetako indarrek, PSON eta UPNren arteko hausturaren aurretik, esaten zuten beste lege bat egingo zutela, ikusten zelako zegoena ez zela nahikoa. Baina egungo egoera politikoarekin, honetaz ez da jada batere hitz egiten. Plataformaren ikuspegitik, lege hau oso-oso gutxienekoa da. Hasteko, genero indarkeriaz jasotzen duen definizioak nahasteak sortzen dituelako, gizonezkoen kontrakoak ere genero indarkeriatzat hartuz. Egia da baita ere, Nafarroako legeak kontuan hartzen dituela bai familia inguruan eta baita publikoki egindako indarkeria kasuak; Estatuko legeak, aldiz, genero indarkeria bakarrik ulertzen du familia inguruan eman bada edo harreman sentimentalik egon bada tartean. Guretzat oso garrantzitsua da prebentzioan (hezkuntzan) egin beharreko lana, eta legeak esaten duen arren hezkidetza unitateak eratuko direla, praktikan ez da egin. Emakumeen arretarako zentro integralak ere oso beharrezkoak dira, eta ez dira praktikan jarri. Eta profesionalizazioan ere herren gabiltza: hain gai zehatza, konplexua eta zabala izanik, beharrezko ikusten dugu profesianalak oso espezializatuak eta prestatuak egotea, bestela ez dira egoera asko ulertzen. Hori beharrezkoa da lege munduan (abokatu, epaile, langile...), gizarte langileetan, osasun alorrean, eremu guztietan alegia. Ez dago horrelako formaziorik, egia da genero indarkeriarako epaitegiak sortu zirela, Iruñean, Tuteran, Agoitzen, Lizarran eta Tafallan. Baina epaitegi hauetan ari diren langileek askotan ez dute prestakuntza berezirik, eta norberaren sentsibilizazioaren esku geratzen da kontua; baldin badu inplikatuko da eta ez badu, kasu asko ezingo ditu ulertu.

Legea nola aplikatzen da?

Aurrera beharrean, atzera goaz horretan. Kalean uste da berdintasuna lortuta dagoela, denok badakigula zer den genero indarkeria eta gizartea orokorrean horren kontra dagoela. Baina kasuz kasu aztertzen denean zer den indarkeria, hor datoz eztabaidak. Salaketa jartzen duten emakumeen kontrako kanpaina bizi dugu, eta batez ere indarkeria bukatu nahi duen mugimenduaren kontrakoa. Nolabait zalantzan jartzen dira salaketa hauek guztiak eta gaiaren larritasuna. Horrek zer dakar? Kasu askotan emakumeek salaketa atzera botatzea. Asko hitz egiten da salaketa faltsuei buruz, gainerako delituetan aipatu ere egiten ez direnean. Beti daude salaketa faltsuak, baina estatistikek erakusten dute genero indarkeriazko salaketen kasuan portzentajea minimoa dela, aldiz, pisu handiegia ematen zaio. Baita ere ikusten da gaia desideologizatu egiten dela, emakumeen gaia dela, nahiz eta ideologikoki zabalduta eta onartuta zegoen arazo publikoa dela, berriro ikusten dugu eremu pribatura itzultzen ari dela. Erakundeen ardura behar luke legea egokitzen saiatzea, eta ez dira horretan ezer egiten ari. Lehendik zegoena egiten ari dira, eta hartu beharreko neurriek inbertitzea eskatzen dute, eta baliabideak handitzea, eta alderantziz, murrizketak egiten ari dira.

Gizarte laguntzaileengana jotzen dute lehenik emakumeek. Prestatuta daude ongi erantzuteko?

Guk aldarrikatzen dugu beharrezkoak direla emakumeen arretarako zentro integralak, gutxienez Iruñean eta 20.000 biztanletik gorako herri eta eskualde-buruetan. Bertan espezializatutako langileek emakumeak alor denetan orientatuko lituzkete, zer laguntza dituzten –salaketarik ez jartzeko motibo nagusia izaten baita baliabide ekonomiko eza–, salaketa jarri nahi ez dutenek zer beste baliabide dituzten, eta beren behar denei nola aurre egin (etxebizitzaren arazoari, osasunari, arazo psikologikoari...). Mota honetako zentroa Tuteran zegoen, baina ez du behar beste baliabiderik jaso eta iaz ixtekotan egon zen. Egun akordio batera iritsi dira, baina ez du lehengo zerbitzu osoa eskaintzen. Egunerokoan, eskualde-buruak diren herrietara jo behar dute emakumeek.

Familia eta Berdintasunerako Institutua da orain Nafarroakoa. Zer dakar izen aldaketak?

Atzerapausoa. Lehenik Nafarroako Emakumearen Institutua sortu zen. Duela lauzpabost urte Berdintasunerako Institutua jarri zitzaion izena, bere edukia zuena, helburu horretara iristeko baliabideak biltzen zituelako. Eta aurten beste buelta bat eman diote eta Familia eta Berdintasunerako deitzen da. Nork jakin urte batzuk barru Berdintasuna kendu eta Familiarako Institutua izango den. Familiaren gaiak ez du zerikusirik berdintasunarekin, eta bultzatzen dutena familia eredu bat bada, berriro eredu patriarkalak birproduzitzen ari gara, zeinetan oso arau jakinak dauden eta emakumea gizonaren menpe dagoen. Gainera baliabideak bi gaietarako banatu behar dira, eta familiaren barruan dago adin txikikoen gaia, premiazkoa dena. Eta hainbeste aldaketa politiko dagoenez, ez dakigu zer norabide hartuko duen Insitutu honek.

Zein dira behar nagusiak?

Juridikoki dagoen arazorik handiena da ekintzak frogatzea. Etxean gertatzen denez, epaitegiek ez dute ikertzen eta emakumea frogarik gabe doa epaiketara, horregatik emakumeentzat oso frustrantea da. Parte medikorik baduzu gaitzerdi, baina kalte fisiko larriak ez badira (bultzadak...) edo erasoak psikologikoak badira, salaketak ez du batzuetan aurrera egiten. Epaitegiek gehiago ikertu beharko lukete. Garrantzitsua litzateke baita ere emakume hauek zerbitzu psikologikorako sarbidea izatea. Hasieran laguntza psikologikoa eskaintzen zaio, baina ez da nahikoa, luze jotzen du dependentziatik irteteak. Hezkuntza indartu beharraz ere ziur gaude. Estatistika denetan ateratzen da gazteengan ematen dela indarkeria sexista, 24-34 urte artean. Harreman eredu erromantikoak errepikatzen ari dira, modaz paseak zeudela uste zenean. Dependentzia harremanak ikusten dira, eta estatistikoki ugaritzen ari da gazteen artean ematen den indarkeria. Hezkidetza landu behar da eta ez da egiten. Ez dago derrigorrezko programarik, ikastetxe bakoitzaren esku geratzen da gaia lantzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


LARRUN
2012ko azaroaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude