Abuztuaren 31n argitaratu zen Errege Dekretua, non jende askoren ahotan dabilen Banku txarra eratzeko oinarriak finkatuta azaltzen diren. Banku honek finantza sistemak bere esku dituen aktibo kutsatuak bereganatuko ditu. Aktibo hauek finantza erakunde hauen esku geratu diren etxebizitzek, eraikitzeko lur sailek edo eraikuntzako sustatzaileek ordaindu ezin ditzaketen maileguek osatzen dituzte. Higiezinen agentzia erraldoia izango da.
Aktibo hauek gainbalioetsiak zeuden, eraikuntzako burbuilaren ondorioz. Bestalde, burbuila hau ez da bakarrik eman etxebizitzetan, hau da, sektore honek atzetik daramatzan azpi-sektoreetan ere pairatu dute burbuila: lur sailen prezioetan, eraikuntzako materialetan eta abarretan.
Aktibo kutsatu hauek finantza erakundeen balantzetan daude, baina berauen balioa balantzeek jasotzen dutena baino askoz apalagoa da. Hots, gaur egungo merkatu prezioa kontabilitateetan agertzen denaren azpitik dago eta bankuen egoera ekonomiko erreala erabat itxuraz aldatuta. Beraz, balantze horiek konpondu behar dira, bankuak eta kutxak porrot egiten utzi gabe, Amerikako Estatu Batuetan (AEB) behin baino gehiagotan gertatu den bezala. Eta ez Europar Batasunean (EB) bezala, poorrota ekiditeko estatu laguntzak behar baldin badira ere. EBko beste kontraesan bat hori baita: enpresentzat estatu laguntzarik ez, bai ordea diru erakundeentzat.
Neurri hori hartzeko agindua ez dator Espainiako Gobernutik, EBk ezarritakoa da, Espainiako finantza sistema kolonia baten moduan funtzionatzen baitu. Espainiako Bankuari eta Gobernu zentralari finantza eskumena kendu zaie eta erreskaterako dirua jaso nahi bada, 100 mila milioi eurokoa, EBk esaten duena zehatz-mehatz bete beharko du Espainiak.
Espainiako finantza sistema bideratzeko berorren erreforma ugari egin dira, baina arazoek hor diraute eta sortutako kalteak atzerriko finantzetara heldu dira. Izan ere, sistema horrek aspaldidanik estatuen arteko mugak gainditu zituen eta funtzionamendu txarraren ondorioak Alemania edo Frantziara ere heldu dira, nahiz egin zitzaizkien estres probak Espainiako bankuak osasuntsu zeudela azpimarratu zuten.
Banku txarra FROBek (Banku Birmoldaketa Bideratzeko Funtsa) eta Espainiako Bankuak kontrolatuko dute, eskumen handi eta zabalekin gainera. Eskumen horien artean, aktibo txarrak baloratzea izango da, gero Banku txarrera transferituko direnak.
Kontrol lanetan arituko diren bi erakunde hauen ahulezia beren aginte organoetan dago. Izan ere, Espainiako Bankuaren portaera begi-bistakoa da. Azkeneko gobernadoreak banku eta kutxen agindu orori amore ematen zion. Azken finean, finantza erakundeen presio taldeen morroia zen. Oraingo gobernadore berria gerora epaituko dugu.
FROBen agintaritza kargu politikoek osatzen dute. Kargu politiko hauek, orain arte bederen, interes ekonomikoen menpe egon dira eta gauzak asko ez badira aldatzen, ildo beretik jarraituko dute.
Bestalde, Banku txarraren kapital soziala FROBek erdia baino gutxiago izango du eta gainontzekoa finantza erakunde pribatuek. Haatik, ez da zaila ondorioztatzea noren interesak defendituko dituzten kapital sozialaren ordezkariek, batik bat aktibo txarrak, orain eta etorkizunean, baloratzerakoan. Bestalde, mozkin oparoak izateko beraien salmenta prezioak burbuila berri batek harrapatu beharko ditu.
Tartean sortuko diren galerak hiritarron zergen gain eroriko dira eta egindako zor horiek nork ordainduko dituen ez zaio axola EBri.