"Aski adierazgarria bada agintariek lege integrala atera ezina"

  • Ipar Euskal Herrian indarrean den legeak hobekuntzak txertatu zituen 2010ean. Hegoaldean ez bezala, salaketak jartzerakoan bi formula eskaintzen ditu, baina urrun dago lege integrala izatetik. Baliabide eskasia eta gizartean kontzientzia falta nabarmendu ditu Anuntxi Arana Bortizkeriaren Kontrako Plataformako kideak.


2012ko azaroaren 25an
Bortizkeriaren Kontrako Plataformako kidea da Anuntxi Arana.
Bortizkeriaren Kontrako Plataformako kidea da Anuntxi Arana.Gaizka Iroz

Iparraldeko egoera nola baloratzen duzu, lege aldetik?

Lege aldetik, genero bortizkeriaren aurka eta bortizkeria horren biktimen babesteko, 2010eko uztailekoa azaldu behar da. Lege horren berritasun garrantzitsu bat izan da bortizkeria psikologikoa aitortu izana. Horrekin batera, babesa eskaintzen die mehatxatuak dauden emazteei, hau da, kolpe, bortxazko ezkontza edo sexu mutilazio arriskua dutenei. Bestalde, atzerritar emazteentzat Frantziako Estatuan sartzeko kodea eta egoteko eskubidea aldatuak dira, erran nahi baitu “egonaldi agiria” emango edota berrituko zaiela ezkontidearen bortizkeria jasan dutenei.

Legeak erasotzailearen urruntzea ahalbidetzen du eta uztai elektronikoaren erabilpen esperimentala proposatzen du; eta aipatzen du bortizkeriagatik etxetik joan behar izan dutenentzat aterpetzeko egoitzak erreserbatuko direla. Prebentzioari dagokionez, irakaskuntzan sexuen arteko berdintasunaren bultzatzeko eta gaiaz sentsibilizatzeko neurriak hartuko direla dio.

Aurrerapausoa bada ere, 2010eko legea ez da asegarria, oso modu aleatorioz aplikatzen da, eta ez du betetzen lege integral baten funtzioa. Oraindik ere sexismoaren kontrako neurriak kode desberdinetan barreiatuak dira (zigor kodean, kode zibilean, lan zuzenbidean…) eta kontraesankorrak dira askotan; adibidez, erasoak direnean, ez dute berdin ikusten haurrak norekin egongo diren eta zer baldintzetan. Hots, lege integrala da feministen aspaldiko eskaera, koherentea izango dena eta sexismoarekin zerikusia duten arlo guztiak ukituko dituena.
Egoera nolakoa den neurtzeko, begira zer gertatu den udaberrian. Sexu jazarpena zigortzen duen lege bat bazen, baina eskasa eta ez batere zehatza bere definizioetan. Ba, jazarpen delituaz akusatua zen ministro ohi batek dei egin zuen, argudiatuz injustizia zela lege lainotsu baten izenean kondenatua izatea. Parentesi artean erratekoa da urteak badirela talde feministek eskatua zutela lege horren aldatzea, baina ez zitzaien kasurik egiten. Feministei ez, baina bai ministro ohiari: konstituzio kontseiluak legeak ez zuela balio erabaki zuen eta, ondorioz, auzitan zeuden kasuak blokeatuak izan ziren eta akusatuarentzat zigorgabetasun osoa ebatzi zen. Helegiteak izan ziren eta bitartean baita hauteskundeak ere, eta sozialistek  lege berria egin dute udan. Halere, lehen eginak ziren salaketa batzuek ez dute segidarik izanen, ezin delako bi aldiz delitu bera salatu, eta beste delitu gisa berkalifikatzen badira, ezin zaie legea modu erretroaktiboez aplikatu. Beraz salaketen erdia-edo bertan behera eroriko dira.

Poliziak erabakimen handia du prozesuan? Nola baloratzen duzu bere parte-hartzea?

Ontsalaz, poliziak ezin du salaketa bat errefusatu, baina ez du aspaldi horixe egiten zuela, emazte batek bortxaketa edo bere gizonak jo zuela salatzera joaten zenean. Errealitate hori ezagutua  eta askotan salatua baitzen, Sarkozyk zirkular bat egin zuen, biktimak errespetatzekoak direla erranez, eta haien eskaerak bete behar direla. Hemen, bi salaketa mota badira; batek (“main courante” edo arina), ez du baitezpadako edo berehalako ondorioa, baina erreintzidentzia baldin bada hor dago erregistratua; salaketa formala (“plainte”), askoz larriagoa da. Sarkozyren zirkularrak erraten zuen poliziak ez duela “main courante” aholkatu behar, alderantziz baizik. Erasotako emazteen errezibitzeko funtzionarioen formazioa ere aipatzen da, denek aitortzen dute horren beharra; gero, krisia dela, murrizketak direla, deus guti egiten dute eta, askotan, betiko moduan… Zer, zirkularrak zirkular, badakigu geroztik salaketa formala ezartzea ez dutela beti errazten poliziek.

Nahikoa baliabide jartzen dira emakumeak babesteko eta beren bizitza berregiteko?

Inondik ere ez, nahiz eta medioetan gaia aipatzen den eta kanpainak egin diren. Iparraldean ez da emazteen aterpetzeko etxe berezirik; Baionan bada aterpetxe bat larri dabiltzan ororentzako, 35 lagunentzako lekua duena; apartamentu batzuk ere badira, haietarik zenbait emazteendako erreserbatuak.

Badira informazio eta laguntza zerbitzuak ere Baionan, eta permanentziak egiten dituzte Hendaian, Lohitzunen eta Donapaleun. Baina oro har eskasia handia da, finantzamendu eskasa delako: Ipar Euskal Herriak ez du bere departamendu propiorik, Biarnorekin partekatu behar du, eta hiriburua, Paue, Biarnon dago; dirua banatzeko orduan Pauek hartzen du lehoi zatia eta hemengorako guti gelditzen da.  

Gizarte mailan, indarkeria honen kontrako kontzientzia hedatua da?

Genero bortizkeriak ez du orainokoan mobilizazio handirik eragiten, indiferentzia sentitzen da,  nabari da hiltze sexista baten ondoan egiten diren elkarretaratzeetan zer jende kopuru eskasa biltzen den. Askotan entzuten da krimen horiek  gertakari pribatuak direla eta prentsa mota batek gaur egunean ere “pasio krimena” terminologia erabiltzen du usu. Feministek kalean salaketa egin eta gertatu izan zaigu biktimaren lagunen batek begirune eza leporatu izana: “Nor zarete zuek nire adiskidearen heriotzaz baliatzeko, zer dakizue nola gertatu diren gauzak?”. Krimena herri ttipi batean gertatzen denean, hara ez agertzeko aholkatzen digute, herri barneko gauzetan sartzeko eskubiderik ez dugulakoan... Holakoetan auzo herri handiago batean egin ohi dugu elkarretaratzea.

Agintari mailan, aski adierazgarria da lege integrala aurrera atera ezina. Gero sentsibilizazio kanpainak egiten dira noizbehinka, 2010ean “nazio kausa” izan zen sexismoaren kontrako borroka. Halere Hexagonoko herri batzuetan ekimen politak abiatu dira, legea aplikatzeko ordenantzak eta. Baionan, 2010 bukaeran Emazteenganako Bortizkerien Behatokia sortu zuen Herriko Etxeak, elkarte eta erakunde anitz bilduz. Laguntza telefono bat jarri du eta  iragarkiak ezarriz edota foiletoak zabalduz jakinarazi du tresna hori badela, edonork balia dezakeela.

Gauzen aitzinatzeko dirua da arazoa, emazteentzako aterpetxea premiazkoa den arren,  honaino heldu diren purruxkak ez dira aski plantako zerbaiten egiteko.


LARRUN
2012ko azaroaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude