“Lehiakortasuna” deitzen diotela bizi maila txartzeari

  • Ezkerreko zein eskuineko liderren topiko bihurtu da. lehiakortasun handiagoa behar dugula. Gure industriek lehiakorrago behar dute izan. Euskal Herri lehiakor bat nazioartean. Europa baitan bihurtu behar dugu munduko ezagutzaren ekonomia lehiakorren eta dinamikoena. Zer aurkitzen da topikoari axala urratuta?

Enpresak berak zabaldutako irudietan, Frantziako Cap Digital konpainiak sortutako Cap Robotiqueren aurkezpena Parisen. Frantziak lehiakortasuna sustatzeko ugaritu dituen Pôle de Compétitivité direlakoetako bat da. Frantziako gobernuak sortutako Pôle d
Enpresak berak zabaldutako irudietan, Frantziako Cap Digital konpainiak sortutako Cap Robotiqueren aurkezpena Parisen. Frantziak lehiakortasuna sustatzeko ugaritu dituen Pôle de Compétitivité direlakoetako bat da. Frantziako gobernuak sortutako Pôle de Compétitivité horiek honela azaltzen ditu Interneten: "Munduko ekonomia gero eta lehiakorragoa denez, Frantziak 2004an industri politika berri bat abiarazi du. Lehiakortasun guneak sortu dira lehiakortasunaren eragile nagusiak sustatzeko, hauen artean garrantzia berezia baitauka berrikuntzak, eta aldi berean garatzeko hazkundea eta enplegua hazkunde handiko sektoreetan". Hala ere, Frantziako ekonomiaren lehiakortasun falta salatzen duten enpresaburu, politikari eta hedabideek langileek kobratzen dituzten soldatei eta betetzen dituzten orduei erreparatzen diete. Jaisteko eskatuz.

Geografo batek balio dezake  urrutiko nahiz hurbileko mendi, ibai eta herriak deskribatzeko. Zerbitzu ona egin lezake ere munduan gertatzen ari diren fenomeno garrantzizkoak lekuetan kokaturik ondo azaltzen baditu. Lehiakortasun edo konpetitibitatea, esate baterako. Horixe egin du Gilles Ardinat geografo frantsesak Géographie de la compétitivité doktoregoko tesiarekin, eta laburbildu urriko Le Monde Diplomatique aldizkarian: Quand l’Europe impose son credo. La compétitivité, en mythe.

“Urteotan –dio Ardinatek– gure agintariak  bultzatu dituzte barneratzera AEBetako merkataritza eskoletan garatutako management teoriak: produkzio kosteen kontrola (‘kosteetako lehiakortasuna’), herrialdeak alderatu eta sailkatzea konkurrentzian ari diren enpresak balira bezala (benchmarking), herrialdeen marketina (lurraldea ‘saltzen’ jakin behar da), finantzazioa bilatzea (kapitalak erakartzea)... Erreminta horien erabilera hedatu ahala, lehiakortasuna bihurtu da globalizazioan herrialde bakoitzak daukan arrakastaren neurria”.

Honen lehen arazoa zera da, mikroekonomiako ideia bat dena, produktuen eta enpresen lehiakortasuna, politikaren eta herrialdeen alorrean erabiltzea ez dela batere zientifikoa zenbaiten ustez. Paul Krugman ekonomialari Nobel saridunak esanda da: “Esanahirik gabeko hitz hutsa da lehiakortasuna ekonomia nazionalei dagokienean. Lehiakortasunerako obsesio hori faltsua da eta arriskutsua”.

Enpresetan irabaziak eta lanpostuak ugaritzen dira lehiakideen emaitzak baino hobeak lortuz. Herrialde bat den izaki konplexua enpresen ezaugarriz nekez hesitu daitekeela pentsatu daitekeen arren,  Ardinatek salatu du ideia nagusitu dela munduaren merkantilizazioaren fase berrian: “Onartutzat ematen da lurraldeak sal-erosgai daudela, enpresen esku egonik aukeratzea non kokatu konkurrentziaz baliatuta. Dena (kutsatzeko eskubideak, zor tituluak, lehengaiak...) burtsan jokatu daitekeen mundu honetan, lehiakortasuna darabilte iparrorratz inbertsiogileek: lurralde bakoitzaren emaitzak neurtzen ditu”.

Horrela sortzen dira ranking famatuak. EAE X lekuan dago lehiakortasun txapelketan, Alemania da nagusi, Frantzia galtzen ari ei da lehiakortasuna... Zerrendok osatzen dituzte aurrez plazaratuta dauden beste indizeak nahastuta: aberastasuna, bizi iraupena, eskolaratze tasak, zor publikoaren nota, aseguru konpainia erraldoiek herrialde bakoitzari ezarritakoa, eta abar. Krugmanek “lehiakortasun rankingen industria” deitu dionaren sikulusaltsak.

Sailkapen horiek gehienek munduaren mapa antzera marrazten dute. Nagusi dago zentro lehiakor bat, Iparramerikak, Europak eta Asiako muturrak osatua, horiei gehituta monarkia arabiar petroliotsu bakan batzuk. Talde honen baitan Alemaniak, Holandak, herrialde eskandinaviarrek, AEBek, Japonek eta Singapurrek osatzen dute muin hiper-lehiakorra. Mundu aberats lehiakorraren inguruan luzatuz doa periferia zabal bateko herrialdeen zerrenda, pixkanaka periferia mundu baztertu txiro bilakatu arte.

Benetako izena: ‘dumping soziala’

Baina zertarako darabiltzagu sailkapenok ez badute balio aurreikuspenik egiteko? Lehiakortzat jotzen diren herrialde gehienek hazkunde tasa txikiak dauzkate, aurrekontuetan defizit handiak, atzerrirako salerosketetan berdin, enpresak deslokalizatzen ari zaizkie, industria ihesi doakie. Are bitxiagoa, munduko ekonomiaren hazkundea herrialde periferikoei esker da nagusiki.

Lehiakortasun eredutzat oraindik duela bost urte Irlanda, Islandia eta Dubai jotzen ziren. 2007-2008ko krisia sutu eta gero, hirurengatik esaten da gehiegizko espekulazioa nozitu zutela, finantzen erregulazioa eskas zeukatela, zor handiegia zeramatela. Hobe ulertzen da esplikatzen badizute sailkapenak osatzeko konpainia handietako goi karguei egiten zaiela galdeketa.

Konkurrentzia da, hala ere, munduko agintari gehienen azti edabea. Mendebalde aberatsari mundializazioak eskaintzen bide dio balio erantsi gutxiko industriak abandonatu eta kualifikazio handiko teknologia, enpresa eta enpleguetan bereiztea. Horrela lortuko omen ditugu prezioari begiratzen ez dioten zerbitzuak. Ordainetan, herrialde atzeratuak txirotasunetik aterako dira gure lehengo industriak harantz eramanda, prezio apaletan lehiatu behar duten jarduera zaharkitu horiek. Denok irabazle globalizazioarekin... egia balitz.

Alemaniak alderantzizkoa frogatzen dio Ardinati: “Lehiakortasuna irabazi du soldatak izoztuta eta BEZ ‘soziala’ ezarrita, hots, enpresen kotizazioak murrizteko familien kontsumoaren gaineko tasak handituta”. Bestalde, informatika eta beste hainbat alor berritzailetan aitzindari ari dira Txina bezalako herrialdeak, horiek ere paradigma gezurtatuz.

Lehiakortasuna hobetzeko aitzakiaz, Europa osoan nagusitu da BEZa igotzea, soldatak jaistea, aurrekontu publikoen murriztea. Ardinatek berreskuratu nahi du lehen gehiago entzuten zen dumping kontzeptua: arerioak baino prezio hobeak lortzeko kosteak manipulatzea. Txinak dumpinga egiten du klase askotakoa: soziala lan baldintza ikaragarriak baimenduz, ingurumenezkoa, fiskala... Greziari eta besteei ezartzen zaizkien austeritate politikekin gauza berdintsua egin nahi dela ageri da, baina dumpinga lehiakortasun bataiaturik.

Lehiakortasunaren batailaren izenean, politikariek baimentzen diete ugazabei lanaren kostea murriztea. Enpresen deslokalizazioari dagokionez, gudu hori galduta dago, beti aurkituko dituzte eskulan merkeagoko parajeak. Aldiz, Europan lana merkaturik kapitalaren irabaziak gizentzea bai da lortzen. Alde horretatik ez da lurralde bat edo nazioa irabazle atera dena, bertako gutxiengo txiki bat baizik.

Bataila honen alboko beste kalte bat ari da gero eta garbiago azaltzen, ikusten denean herritar askoren bizi maila estutu izanak kontsumoko produktuen eskaria ahultzea eragin duela. Borrekin batera, BEZarekin estatuek lortzen dituzten sarrerak.

Eta zer diote agintari politikoek? “Leihakortasuna –amaitu du Ardinatek– ezarri diete enpresek eta nazioarteko merkatuek. Eta agintari hautatuek ezin dituztenez kontrolatu eta batzuk eta ez besteak, haien eskarietara egokitzen dira. Ororen buru, lehiakortasuna helburu jartzeak mozorrotzen du nazio-estatuek agintea eta burujabetza galtzea, horrela suntsituz jarduera politikoaren bidez herritarrak babestu ahal izatea”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude