Lan merkatuaren egiak poligrafotik pasata

  • 2008an gainbehera hasi zenetik, hainbat uste elikatu izan dira gure ekonomiaren abantailez eta enplegua sortzeko formulez. Urtebetetik honako langabezia datuek agerian utzi dute Euskal Herriko lan merkatua krisiari eutsi ezinik dabilela eta ez dela hain sendoa.

Bizkaiko langabetuen asanbladak burututako ekintza. Industria izan da urrian langile gehien galdu duten sektoreen artean bigarrena.
Bizkaiko langabetuen asanbladak burututako ekintza. Industria izan da urrian langile gehien galdu duten sektoreen artean bigarrena.

Langabeziaren datu txarrek alarma piztu dute beste behin urrian, azken hamabi hilabeteotako joera okertu baizik ez dute egin. Euskal Herriko lan merkatuaz orain arte egiatzat onartu izan diren hainbat baieztapen ezbaian dira.

1- Hego Euskal Herrian langabezia datuak Espainiakoak baino hobeak dira.

Espainiako Estatuko langabezia tasa %25,05ekoa da, aldiz, Hego Euskal Herrikoa %15,35ekoa, ia hamar puntu baxuago beraz. Espainiako estatistika institutuaren datuak dira, Europako beste herrialdeekin homologagarriak.

Baina joerari erreparatuz gero, datuak ez dira hain positiboak. Esaterako, azken hamabi hilabeteetan %16,9 igo da bertoko enplegu bulegoetan erregistratutako langabetuen kopurua eta Espainian datua askoz apalagoa da, %9,75.

Krisiak atzerapenez jo ditu Bidasoaz hegoaldeko euskal lurraldeak, eta ubeldurak orain ari dira nabaritzen. Urriko langabetuen igoera azken lau urteotako txarrena da –5.255 langabe gehiago– eta 2008ko udazken negargarrira egin behar dugu halako zifrak ezagutzeko –orduan 7.816 langabe gehiago erregistratu ziren–.

Espainian, kontrara, iazko urriko datuak baino hobeak izan dira oraingoak, lelantoniren baten kontsolaziorako. Lana dutenen kopuruaren beherakada ere Euskal Herrikoaren puntu eta erdi apalagoa izan da Espainian azken urtean.

“Bost urte egon gara lozorroan –zioen Adrian Zelaia Ekai Centerreko arduradunak Argiarekin izandako elkarrizketan–, diferentziala ez baduzu etengabe indartzen, arriskuan jartzen duzu”.

2- Ipar Euskal Herrian langabeziaez da hain arazo larria.

Frantziako estatistika institutuaren datuak aintzat hartuz Ipar Euskal Herriko langabezia portzentajea Hegoaldekoa baino bost puntu apalagoa da. Hala ere, panorama iluna plazaratu du berriki Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak.

Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean 500 lanpostu desagertu ziren 2012ko lehen seihilekoan. Orotara 20.800 lagun ari dira Iparraldean lan bila –inolako lanik ez dutenen kopurua %14,2 igo da–, horietatik herenak urtebete baino gehiago darama egoera horretan. Gazteen artean langabezia %16 igo da eta 50 urtetik gorakoen artean %25. “Ez da ikuspegi xarmagarri bat”, aitortu zuen Ander Garreta ganbarako presidenteak.

3- Euskal Herriko langabezia

Europako batez bestekoarenantzekoa da.

Gaindegia behategi sozioekonomikoak azaldu du herrialde langabetuenen pare gaudela, soilik Grezia, Espainia, Katalunia, Letonia, Portugal eta Irlanda daude aurretik.

Gaindegiak, Euskal Herriko datuak erkatu ditu Eurostatek emandakoekin. Euskal Herri osoan –Iparraldeko estimazioak barne– langabezia tasa %14,9koa da eta EB-27n %10,5ekoa, 4,4 puntuko tartea beraz. 2009an bien arteko aldea dezimal gutxi batzuk baino ez zen. Europar Batasuneko datuetatik gero eta aldenduago dago Euskal Herria.

4- Industriaren pisuak lan merkatuari eusteko balio du.

Higiezinen burbuila lehertu zenean Euskal Herrian eraikuntzaren Balio Erantsi Gordina %9,82koa zen eta industriarena aldiz ia %27koa (Atlasa.net aplikazioan daude ikusgai datuok), horrek nolabait arindu egin du langabetu jarioa.

Flotagailua baina, husten hasi da. Espainiako ekonomia ministerioak emandako azken datuen arabera, zerbitzuen ondoren industriarena izan da lanpostu galera handiena izan duen sektorea, zehazki, urrian 955 langabetu gehiago erregistratu dira arlo horretan Hego Euskal Herrian eta 2009ko zifretara itzuli gara: guztira 34.881 langabetu daude.

2009a euskal industriarentzat oso txarra izan zen, mundu mailako krisiaren katarsiagatik: EAEn soilik ia 24.000 lanpostu galdu zituen industriak Eustat-en arabera, %9,9ko jaitsiera hain zuzen; eskualde industrializatuenetan (Durangaldea, Debagoiena...) %12ko jaitsiera izan zuen industriako enpleguak. Sektoreak esportazioekin duen menpekotasunak eragin zuen hondamendia, %24 jaitsi baitzen kanpora eramandakoa 2009an.

Europako herrialde nagusien ekonomia hazkundea oso txikia den honetan, antzeko fenomeno bat gerta liteke. Eusko Jaurlaritzak Koiuntura di-da batean buletinean iragarri du EAEko industriak %3,5eko jaitsiera izango duela hurrengo hiruhilekoan eta ez dela 2013ko azkenera arte berreskuratuko.

Datu horrek, eta hainbat lantegitan hartzen ari diren langileen kontrako neurriek –Gamesak Nafarroan egingo dituen balizko kaleratzeak, esaterako–, aurreikusten dute industria ez dela gai izango lan merkatu sendo bati eusteko.

5- Malgutasuna behar da epeertainera langabezia amaitzeko.

Mariano Rajoyren gobernuak behin eta berriz erabili zuen lelo hori 2012ko udaberrian, lan erreforma justifikatzeko, baita patronaleko ordezkariek ere; “malgusegurtasuna” hitza bogan jarri zen: “Askoz ere errazagoa da kontratazio finkoa. Legediak zaildu egiten du behin-behineko kontratazioa” zioen Eduardo Zubiaurre orduko Adegiko presidente Berrian, lan erreformaz.

Baina zortzi hilabeteren ondoren behin-behineko kontratuak apenas gutxitu dira eta kontratu guztien %92,4a dira oraindik.

Lan erreformaren alderdi kritikatuenetako bat negoziazio kolektiboetan langileak babesik gabe uztea izan da. Bi urteko epean ados jarri ezean, Espainiako Estatuko hitzarmen orokorra aplikatu eta kito; lan baldintza kaskarragoak eta kaleratze gehiago ekarriko lituzke horrek.

Bada, EAEko Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian 423.000 lagun daude oraindik lan hitzarmena berritu gabe, lau langiletik hiru. Nafarroan 110.000 langile daude egoera horretan, CCOO sindikatuaren esanetan.

6- Gazteei familiaren “koltxoia” geratzen zaie oraindik.

Gazteen langabezia tasak gora egin du etengabe. Instituto de Estudios Económicos fundazioak emandako datuen arabera, EAEn gazteen %34k ez du lanik eta Nafarroan %29ak.

Haustura horrek ekarri du gazte asko euren gurasoen laguntzaz biziraun beharra. Baina bestelako adierazleei erreparatuz hori ere aldatzen ari dela dirudi:

Espainiako Estatistika Institutuak urtero egin ohi duen bizi baldintzei buruzko inkestak zifra asaldagarriak eman ditu Nafarroan: 11.730 familiak zailtasun ekonomikoak dituzte hilaren amaierara iristeko, iazko kopuruaren bikoitza. Hego Euskal Herrian lanik gabe dauden 101.763 lagunek ez dute inolako dirulaguntza edo saririk jasotzen eta egunean 17 familia kanporatzen dituzte etxetik hipoteka ezin dutelako ordaindu. Espainian 1,7 milioi etxetan kide guztiak lanik gabe daude.

Datu sorta honek agerian uzten du langabeziaren arazoa askoz orokorragoa dela eta familiaren babes edo “koltxoi” hori bukatzen ari zaiela langabe dauden gazteei. Areago, etxe askotan gurasoen pentsioak izaten dira diru-sarrera finko bakarra eta horiek gutxitzen ari dira Zapaterok 2011 egindako pentsioen erreformaren ondorioz.

7- BPGaren igoerak hobetuko du lan merkatua. 

Urriko langabezia datuak jakin bezain laster Aralar alderdiak eskatu zuen ez lotzeko enpleguaren sorrera Barne Produktu Gordinaren igoera soilarekin.

Arthur Okun ekonomialariaren teoria enpirikoak dio, enplegua mantentzeko BPGak %3 hazi behar duela. Baina nola uler liteke, adibidez, AEBetan urrian 171.000 lanpostu sortzea, BPGaren hazkundea apenas %2koa denean? Ez al du zerikusia izango Barak Obamak hautes-urte honetan inbertsio publiko ikaragarriak egin izanak enplegua sustatzeko?

Langabeziari aurre egiteko borondate politikoa da ezinbestekoa, ez BPGaren igoera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude