Aldarrikapen publikoa, etxe barruko batasuna sendotzeko

  • Dantza tradizionalaren sektoreak Euskal Dantzaren Adierazpena izeneko manifestua aurkeztu zuen apirilean. Xede nagusia barne kohesioa indartzea badu ere, agiriak mezu garrantzitsua bidaltzen dio euskal jendarteari eta, haiek aipatu gabe, erakunde publikoei: dantza tradizionalak denon zaintza behar du, eta horrekin batera premiazko zenbait neurri.

Apirilaren 21ean aurkeztu zuten Euskal Dantzaren Adierazpena Eibarren, dantza munduko ordezkaritza zabalaren parte-hartzearekin.
Apirilaren 21ean aurkeztu zuten Euskal Dantzaren Adierazpena Eibarren, dantza munduko ordezkaritza zabalaren parte-hartzearekin.

Gehienbat Gernika iltzatu zaigu memorian, baina jakina da beste euskal hiri batzuek ere erruz jasan zutela bonben infernua 36ko Gerran. Eibar, esaterako, frontearen muga izan zen zazpi hilabetez; sistematikoki, lehorrez zein airez, bonbardatua izan eta gero, euskal armagintzaren hiriburuak Gernikak baino egun bat lehenago nozitu zituen abiazio alemaniar-italiarraren izugarrikeriak.

Gertakari lazgarrion 75. urteurrena zela eta, Eibarko gizarte eta kultur eragileek, nork bere arloan, hainbat jarduera prestatu zuten iragan apirilean. Hartara, Kezka dantza taldeari eta dantzan.com elkarteari iruditu zitzaien gerraren gordinkerietatik irakaspen bat ateratzea bazegoela: “Badirudi dantza sektorean ez garela ondo konpontzen; desadostasunak daude, nor bere    kasa dabil... Milaka hildakorekin konparatuta, huskeria da hori. Beti bat ez etorri arren, oinarri-oinarrian ados gaude”, dio Oier Araolazak.

Adostasun hori nolabait gorpuztea bururatu zitzaien, eta emaitza Euskal Dantzaren Adierazpena izan zen. Apirilaren 21ean aurkeztu zuten manifestua Eibarko Udaletxean, eta orduantxe jaso zituen lehenbiziko atxikimenduak, sinadura bitartez. Ondoren, soka-dantza egin zuten Euskal Herri osotik hara bildutakoek. Zer hobe, eskuak elkarri emateaz ari garela.

Arazo zaharrak

Batasun nahiak sorrarazi du Euskal Dantzaren Adierazpena. Dantza tradizionala esparru atomizatua da, eta lidergo argirik ez du, ez eta erakundeen aurreko ordezkaritza bakarra. Hala aitortzen du Xabier Mendizabal Euskal Dantzarien Biltzarreko, alegia, ustez lidergo hori legokiokeen elkarteko presidenteak. Helburu nagusia sektorea oinarrizko ideia batzuen inguruan trinkotzea izanik, momentuz horretan dihardute batez ere manifestuaren sustatzaileek, “etxe” barruan ahalik eta adostasunik zabalenaren bila. Arrakastaz, bai Mendizabalek bai Oier Araolazak diotenez. Geroago etorriko dira jendarteratzeko ahalegin serioagoak.

Nolanahi, Adierazpenak agerian uzten ditu dantza tradizionalaren beste gabezia eta behar batzuk. “Kulturaren gainerako esparruetan gauzak antolatuago daude”, azaldu du Mendizabalek, “dantzaren barruan ere klasikoak, garaikideak... badaukate egitura bat, irakasle prestatuak, curriculuma”. EDBko presidentearen hitzetan, dantza tradizionalak askoz bide amateur eta militanteagoa urratu izan du, eta horrek alde onak baditu, baina ondorioetako bat da sektorea egitura sendoen beharrean dela. Aspaldiko ahuldadeez ari gara. Esaterako: orain sei urte, aldizkari honetan bertan, (ikus Etorkizuna dantzan eta zalantzan erreportajea, Argia 2.045 zbkia.) gutxi gorabehera arazo berberak izan genituen mintzagai, eta protagonista berberekin gainera.

Dantza tradizionalak nolako bultzada behar duen ederki zehazten du Euskal Dantzaren Adierazpenak. Hiru puntuko aldarria da; lehen biak orokor samarrak dira, eta hirugarrenean, berriz, premiazkotzat jotzen dira “ezagutza, transmisioa eta hedapena sustatzeko neurriak”. Neurri horietako hiru, beharrezkoenak, aipatzen ditu agiriak: dokumentazio zentro publiko bat sortzea, formazioa egituratzea eta ikerketa sistematizatzea. “Eskatu” hitza ez da inon ageri, baina mezuak hartzaile jakinak ditu, ikusiko dugunez.

Etengabe desagertzen ari den ondarea

Euskal Dantzaren Adierazpenak esaldi horrexekin nabarmendu nahi du dokumentazio zentro baten garrantzia. Aspalditik dator historia: 1996-97 urteetan, Eusko Jaurlaritzak  inkesta egin zuen kultur arlo guztietan, behar handienak zeintzuk ziren jakin guran, eta dantza tradizionalak eskatu ziona gutxi gorabehera Adierazpenean jasotako gauza berak ziren. Tartean, dokumentazio zentroa. Euskal Kulturaren Planak (2004), azkenik, gaiari buruzko txosten bat egitea aurreikusi zuen. Ez zen dantza munduko ordezkariek nahi zutena, baina zerbait bazen. Txostena Eusko Ikaskuntzak egin zuen, eta Oier Araolazak gogoratzen duenez, ondorio argia eman zuen: premiazko ekintzak behar ziren, dantzarekin lotutako ondare asko oso baldintza txarretan baitzegoen.

Orduko Jaurlaritzak premiari erantzuteko asmoa izan bazuen ez dugu jakingo, urteak joan urteak etorri 2009ko gobernu aldaketa gertatu baitzen. Legegintzaldi erdia ez atzera eta ez aurrera igaro eta gero –Xabier Mendizabalek salatzen duenez–, azkenik argi geratu zen Kultura Sail berriak ez zeukala asmorik dokumentazio biltegi fisiko bat sortzeko, eta indarrak digitalizaziora bideratu zituen. Gerora, ezta indarrak ere. Kulturaren Euskal Kontseiluak 2012ko proiektu estrategikoei eskaintzen dion txostenean irakur daitekeenez, dantzaren alorreko dokumentazio bilketa eta digitalizazioa gauzatzea aurrekontua lortzearen menpe dago. Krisi garaian beste lehentasun batzuk daude. Horregatik hain zuzen, krisiagatik, Xabier Mendizabalek ez dauka itxaropen handirik EAEko gobernu aldaketak ekar dezakeenarekin, Kultura Sail berriak, zerbaiti heltzekotan, lehenengo urratsa dokumentazio zentroa behingoz bideratzea izango litzakeela uste badu ere.

Formazio falta, gaitz handienetakoa

Dantza tradizionalaren munduan izan diren desadostasun eta ezinikusien arrazoi nagusietakoa formazio falta dela pentsatzen du Oier Araolazak, horra norainoko garrantzia daukan beretzat gaiak. Hala ere, adostasun zabala dago sektorean euskal dantza irakasle batek eduki behar lukeen curriculumaz. Izan ere, osatzen hasita dago curriculum hori, baina Araolazaren iritziz ez du zentzurik hura garatzen jarraitzeak aurrez beste oinarri batzuk ipini gabe: ikasketa plan zehatza, ikasketen maila, kreditu kopurua... Administrazioak heldu beharreko gaia hori ere. Ondo gogoan hartuta, beti ere,  administrazioa diogunean Eusko Jaurlaritzaz eta EAEko foru aldundiez ari garela, Euskal Herriko gainerako erakundeetatik deus ezin baitaiteke itxaron gaur-gaurkoz, Akitaniako Erregioak Iparraldeko Dantzarien Biltzarrari ematen dizkion sos batzuez harago.

Ikerkuntza, haize berri faltan

Iñaki Gorizelaia EHUko errektorea izan zen apirilean egindako ekitaldi hartan Adierazpena izenpetu zuen lehenengoetakoa, ez unibertsitatearen izenenean, bere herriko dantza taldearenean baizik. Alta, Oier Araolazak nahi luke EHUk arreta handiagoa eskaintzea dantza tradizionalari. Edo arreta, besterik gabe. “Gaia serioa da; orain 40 urteko liburuekin gabiltza”, kexu da eibartarra. Formazio espezifikorik gabeko ikertzaile belaunaldi emankorra izan zen Euskal Herrian, baina ez du segidarik izan, are gutxiago mundu akademikoan. “Argi daukat EHUk euskal dantzari buruzko sail bat eduki beharko lukeela, eta ekimena ez badu arlo akademikoak sortzen, erakundeek erraz sustatu dezakete. Zergatik ez da egiten? Dantzaren alorrak ez daukalako lobby izateko gaitasunik”. Borondatea duenak ez du dirurik, ezta dirua duena konbentzitzeko ahalmenik ere. “Baina gero –amorratzen da Araolaza– dantza tradizionala gure sinbolo modura aurkezten dugu”.

Ikerkuntza basamortuan galduta

Adibide  zehatza erabili du Oier Araolazak dantza tradizionalaren ikerkuntza zer nolako basamortuan galduta dabilen adierazteko: “Topikoetatik bizi gara. Ez da posible urtero agertzea euskal ballet izar bat esanez balleta eta euskal dantza lotuta daudela, dantza klasikoan pas de basque erabiltzen delako. Esaten ari gara euskal dantza dela klasikoaren ama, eta ez gara gai izan 40 urtean ikertzaile bat Parisera bidaltzeko, Louis XIV.aren gorteko dantza akademiara joan ziren hogei dantzari lapurtarrekin zer gertatu zen arakatzera. Zer ikasi zuten? Beraiek zerbait irakatsi zuten? Ez daukagu ideiarik ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal dantza tradizionala
2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


2024-01-10 | dantzan.eus
Dantza, kantua eta jan-edana, kaskarotak martxan!

Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]


2023-12-22 | dantzan.eus
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da

Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]


Eguneraketa berriak daude