Bizar urdindun serieko hiltzailea

Gilles de Rais (1404-1440), hil artean Frantziako heroia izan zen, eta ondoren historiako serieko hiltzaile nagusietakoa.
Gilles de Rais (1404-1440), hil artean Frantziako heroia izan zen, eta ondoren historiako serieko hiltzaile nagusietakoa.

Bretainia, 1432. Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerra  betean (berez 116 urte iraun zuena)  Gilles de Montmorency-Laval, Raiseko baroia, mariskal izendatu zuten, gudu zelaian emandako zerbitzuen ordainetan. Frantziako noble familia nagusietako eta aberatsenetako baten oinordekoa zen, eta urte hartatik aurrera, aitona hil zenean, ondasun haiekin nahi zuena egiteko aukera izan zuen. Gainera, gerrak Gilles de Raisen izen ona eta ondasunak areagotu zituen. Frantziako gizonik miretsienetakoa zen orduan, Joana D’Arc-en jarraitzaile sutsua, oso fededuna, jantzia, musikazale amorratua, eskuzabala. Baina historiako serieko hiltzaile krudelenetakotzat hartzen da gaur egun.

Gaur egungo psikiatren esanetan, Gilles de Raisek joera psikopatikoak edo eskizofrenia larria zituen seguruenik. Muturreko oldarkortasuna baliagarria izan zitzaion gerra kontuetan, baina bizimodu zibilean  ondasunen bidez soilik lortu zuen krimenak estaltzea. Eta ez betiko.

Plazera lortzeko dirutza xahutzen zuen baroiak. Esaterako, Poitierseko gudua antzezteko 150 aktore kontratatu eta 80.000 koroatik gora gastatu zituen. Baina plazerik handiena haurrak eta gazteak –6 eta 18 urte bitartekoak– bahitzen, bortxatzen, torturatzen eta hiltzen lortzen omen zuen, eta horretan ere ez zuen ahaleginik aurreztu. Hark eta haren zerbitzariek ia Bretainia osoa zeharkatu zuten hiltzailearen gustuko gaztetxoak “biltzeko”. Batzuetan indarrez eta bestetan engainuz –biktimei nahiz gurasoei etorkizun oparoa aginduz– eramaten zituzten Tiffaugeseko gaztelura. Izualdiak 1432tik 1440ra arte iraun zuen, eta zortzi urte horietan Bretainian 1.000 haur eta gazte inguru desagertu omen ziren.

Inguruko haurrak bezala, Gilles de Raisen dirutza ere urritzen hasi zen. Bere buruaz gain, inguruko asko porrotera eraman zituen, eta salaketen oihartzuna Nanteseko gotzainarengana iritsi zen. Bere luxuzko bizimoduari eusteko, lurrak, etxeak eta gazteluak saltzen hasi zen, eta halako batean, geratzen zitzaizkion azken gazteluetako batean, gorpu askoren arrastoak topatu zituzten. Raiseko baroia 1440ko irailaren 15ean atxilotu zuten. Torturapean eta buru nahasmenduek akuilatuta, handik hilabetera bere krimenak aitortu zituen. Eta urriaren 26an urkamendian hil zuten.

Haren bizar beltzak dirdai urdinxkak omen zituenez “Bizar Urdin” goitizena zuen heroi ohia krudeltasunaren paradigma bihurtu zen bat-batean. Eta 1697an Charles Perraultek serieko hiltzaile horretan oinarrituta idatzi zuen Bizar Urdin ipuin ezaguna. Baina, beste behin, errealitateak fikzioa gainditu zuen aise.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude