"BEZaren igoerak kalte handia egin digu denoi"

  • BAD, Bilbo Antzerkia Dantza jaialdi garaikidean murgilduta harrapatu genuen Alicia Otxandategi. Hiru urte daramatza programatzaile lanetan. Aurten XIV. edizioa bete duen jaialdi horren arduraduna ez ezik, Bilboko Zirkuituaren koordinatzailea ere bada

Bilbo Antzerkia Dantza jaialdiko programatzailea
Bilbo Antzerkia Dantza jaialdiko programatzailea

BAD jaialdian, antzerki eta dantza garakideko proposamen ausartenak ikusi ahal izan ditugu. Termometroa edo erakusleihoa da BAD?

Jaialdiaren helburua abangoardia erakustea izan da hasieratik. 14 urteotan aldaketa handiak izan ditu, bai aretoei dagokienez, baita sormen eta konpainiei dagokienez ere. Jaialdiak, apurka, ezagupen handia izan du, Hego Euskal Herrian antzerki eta dantza garaikideko jaialdi bakarra delako. Hemengo zein kanpokoentzat, erreferentzia da BAD jaialdia.

Publikoak harrera ona egin dizue, betiko lez.

14 urteotan publiko finkoa eta fidela lortu dugu. Gure publiko propioa daukagu, beti lagundu digu. Horrez gain, beste publiko mota bat erakartzen saiatu gara, leku berriak aurkeztuz. Bilbo Arte izan da aurtengo nobedadea, leku berriei dagokienez, arte eszeniko garaikideak ikustentzunezko arteetatik eta plastikoetatik oso hurbil daudela ikusi dugu. Arte eszenikoek diziplina asko nahasten dituzte. Antzerkiak zein dantzak, harreman zuzena dute multimediarekin eta teknologiekin. Aniztasun hori gurera ekartzen saiatu izan gara beti.

Hiriko hainbat areto inplikatzen saiatu gara, interesgarria iruditzen zaigu bakoitzak egiten duen ekarpena.

Euskarazko antzerki gutxi programatu da aurtengo edizioan.

Euskal antzerkiak badu bere publiko espezifikoa, eta hainbat proposamen izan dira euskaraz. Metrokoadroka taldeak oraindik sortze prozesuan dagoen lana aurkeztu digu, Poza: Zergatik dantzatzen dute bosniarrek? antzezlanaren aurrerapen bat. Haiekin batera, Anakrusa eta Dejabu Panpin Laborategia izan dira lanean, euskal munduan jada ezagunak diren sortzaileak eta egia esan jende ugari erakarri zuten emanaldira.

Bestetik, Maider Yabarren Buruz Behera lana ikusi ahal izan dugu. Erdaraz egina da, baina BADen euskaraz egitea erabaki genuen, eta primeran bete zuen aretoa. Bea Setienen bi emanaldi izan ziren, bata gazteleraz eta bigarrena euskaraz, edukiera mugatuan, 40 pertsona emanaldi bakoitzean, eta kasu bietan bete zen. El Canto de la Cabra-ren lana ere aipagarria da, euskaraz eta gaztelaniaz ikusi ahal izan dugu. Gainera, testuaren itzulpenak nahikotxo lan eman du, oso testu poetikoa delako. Interesgarria izan da euskara ezagutzen dugunotzat lan hori ikustea.

Dantza garaikidea publiko orokorrari zuzentzea ez da ohikoa, aukera gutxi ditu diziplina honek.

Bilboko La Fundicion aretoak soilik eskaintzen digu dantza garaikidea urte osoan ikusteko programazioa. Horregatik, kanpoko dantzariak ekartzen saiatzen gara. Publiko zabalarentzat lan zailak izan dira, koreografia eta dantza ezagutzen dutenentzat dira aproposago, baina aukerak merezi izan du.

Bitxia da baina dantza garaikidean talde gehienak behin-behinekoak dira, proiektu edota pieza baten gainean eratzen dira, eta gero ez dute iraunkortasunik. Dantzariak ohituta daude lan molde horretara. Antzerkia lantzen dutenek, berriz, biltze lana egiten dute, euren inguruko sortzaileak antzezlan baten inguruan elkartu. Desberdinak dira mundu biak.

Krisiaren onurak? Irudimena erabili behar?

Baliteke. Hala ere, bai antzezleei, bai dantzariei ere, esker onak eman behar zaizkie. Bizi dugun krisi egoera latz honetan, batez ere, arte bizietan ematen ari dena, guztiaren gainetik lanean jarraitzen baitute, gainera kalitatezko lanak eta ekoizpenak aurkeztuz.

Zer diozu arte bizietako BEZaren igoeraz?

Kalte handia egin digu denoi. Niretzat oso gauza hurbila da, askotan aurrekontuak eta kontratuak itxita daudelako... Horrek lana areagotzen du, BEZa noren bizkar izango  den negoziatu behar da eta argi dago antzerki eta dantza talde askok ezin diotela igoera horri aurre egin. BADi dagokionez, nahiz eta aurtengoak aurrekontu murriztua izan, kalitateari eusten saiatu gara, eta sortzaileen lan baldintzetan ahalik eta gutxien eragiten.

Bilboko Zirkuituaren arduraduna ere bazara. Antzerkia Bilboko auzoetara hurbiltzeko ekimena da. Kontzientziazio lana al da?

Kaptazio lana dela esango nuke. Helburu asko ditu: alde batetik, antzerkia eta dantza Bilboko hirigunetik ateratzea, barrutietan eta udaltegietako aretoetan ikusi ahal izatea. Sarrera doan da eta jendea errezago hurbiltzen da. Bestalde, konpainia amateur edo sasiprofesionalei ere aukera ematen zaie. Hiru hilabetero egiten da programazioa, eta normalean formatu txikiko lanak izaten dira. Lan baldintza duinak eskaintzen dizkiegu, eta Bilboko auzoetan aritzeko aukera.

Bilboeszena Antzerki Baliabideetarako gunea ere zuzentzen duzu. Zeintzuk dira aurtengo zifrak?

Oso emaitza onak ditugu, batez ere ikastaro eta mintegietan. Erdarazko taldeetan jendea zain daukagu ez direlako denak sartzen, eta euskarazkoak ere bete dira. Gauzak nola dauden kontuan hartuta, ez da batere txarra. Prezioak oso merkeak dira, eta krisiarekin, beste eskola batzuk garestiagoak izanik, antzeman da aurrematrikulazioan. Bilboeszena 2004an zabaldu zen eta ordutik bazkideak lortu, datu basea egin, eta antzerki eta dantza inguruko jendeak ezagutzera eman ditu.

Eszenika, Bilbon egitear dagoen Goi Mailako Antzerki Eskolaren proiektua hor dago. Euskal Aktoreen Batasunak askotan agertu du haserrea, Eusko Jaurlaritzako agintaldia agortu da eta ez diote heldu proiektuari, nahiz eta aurretik hitzartuta egon.

Erakundeek ez ikusiarena egiten dute askotan. Egokia litzateke antzerki edo dantza sariketa bat izatea, literaturan bezala?

Gure sortzaileek errekonozimendua behar dute, batez ere kanpora ateratzeko, maila gero eta hobea izanda ere, zaila egiten zaielako. Kataluniako sortzaile asko datoz hona, eta hemengo antzezleak ere joaten dira hara. Hangoen eta hemengoen harremanak estutzea, zuzendari, programatzaile eta kultur eragileoi dagokigun lana da. Aurtengo BAD jaialdian Kataluniako eta Madrileko kritikariak eta programatzaileak gonbidatu ditugu.

Zu zeu hainbat arlotan ari den programatzailea zara, zein izan behar du zuen eginkizunak? Publikoaren eta sortzaileen arteko zubi lana?

Egia esan, gure antzerki panorama zabala eta anitza da, antzerki talde ugari dago eta jaialdi gutxi egiten dira, BAD bakarrenetako bat da.  Lan mardula da, egia esan, antzezlan oso onak baitaude... Zerbait borobila topatu behar duzu,hemengoak eta kanpokoak  balantzan jarri behar dituzu, aurrekontuak gogoan hartu, azpiegitura edo espazio beharrak neurtu, hori guztia kontuan izan behar da. Sortzaileekiko harremana ere oso garrantzitsua da. Jaialdira hurbildu diren sortzaile, profesional eta ikusleen arteko harremana estutzea ere bada gure arloa.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude