Mapatik ezabatutako herria eta errua

Times Beach gaur egun, sartzea debekatzen duen seinale eta guzti.
Times Beach gaur egun, sartzea debekatzen duen seinale eta guzti.

Times Beach, Missouri (AEB), 1982ko azaroaren 10a. Ingurumena Babesteko Agentziaren (EPA) arabera, herria dioxinaz kutsatutako ehun udalerrien zerrendan zegoela jakinarazi zuen kazetari batek, eta 1.400 biztanleko udalean “udazken beltza” hasi zen. Abenduaren 3an agentziako hainbat teknikari lurzoruan laginak hartzen hasi ziren. Handik bi egunera, herriak inoizko uholde larrienak jasan zituen eta herritar asko ebakuatu zituzten. Abenduaren 23an, biztanleak etxera itzultzen hasi zirenean, EPAk laginen emaitzak eman zituen: dioxina tasa onargarritzat jotzen zena baino 300 aldiz handiagoa zen. Orduan hasi ziren gai toxikoa herritarren gaixotasun tasa izugarriarekin erlazionatzen. . Gaia komunikabideen azaletara iritsi zen, eta herrian izua zabaldu. 1983ko otsailean AEBetako gobernuak Times Beach erostea erabaki zuen, 30 milioi dolarren truke. Biztanle guztiei ostatu eman, kalte-ordainak banatu, herria suntsitu eta kutsatutako lurrak erraustuko zituztela esan zuten. Herria desagerrarazi zuten, errudunengana eramaten zuten froga guztiak bezala.

J. F. Quennyk 1901ean sortu zuen Mosanto enpresa ezaguna Saint Louisen (Missouri). Industria kimikoaren sektorean berehala nabarmendu zen Monsanto, eta 1925ean enpresako zuzendari eta langileentzat udaldi gune bat sortu zuten hiritik kilometro gutxira, Meramec ibaiaren ertzean. Apurka, gunea biztanle iraunkorrak erakartzen hasi zen eta, hala, Times Beach benetako udalerri bihurtu zen.

1970eko hamarkadaren hasieran hautsak hartu zituen Times Beacheko asfaltatu gabeko kaleak, eta udalak Bliss Waste Oil Company enpresarengana jo zuen konponbide bila. Enpresak olio hondakinak berreskuratzen zituen, eta kaleak hondakin horiez egindako lokatzez estaltzea proposatu zuen.

Hildako animaliak nonahi agertzen hasi ziren, eta herritarrek EPAn salatu arren, agentziak ez zuen ezertxo ere egin. Gaixotasunen Kontrolerako Zentroak 1971n egindako azterketaren emaitzen arabera, PCB, 2,4,5-T herbizida eta dioxina gai toxikoen tasak asaldagarriak ziren udako paradisu izandakoan. Baina EPAk afera isilean gordetzea lortu zuen “udazken beltzean” lehertu zen arte.

Hainbat testigantzek Bliss Wastek zabaldutako hondakinak Monsantotik zetozela adierazi arren, bi enpresen arteko erlazioa frogatzen zuen dokumentu bakar bat ere ez zen lortu. 1983an Reagan administrazioak EPAren zuzendari Anne Burfordi Times Beach txostena “izozteko” eskatu ziola azaleratu zen. Burfordek dimititu egin zuen, baina Monsanto ez zen larritu: bere administrazio kontseiluko kide izandako William Ruckelhaus izendatu zuen EPAk ordezko.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude