ETA

"Ezker abertzaleak EAJren beharra dauka"

  • (Durango, 1941). Bigarren belaunaldiko ETAko militantea. Venezuelara erbesteratu zen 1966an. Kazetari bilakatu zen bertan. Egin, Deia, Radio Euskadi eta EiTBko zuzendari karguetan jardun du urteetan. PNV-ETA Crónica oculta (1960-1979) liburuaren egilea da Urte haietako EAJz eta ETAz egin dugu berba, baita abertzaletasunaren egungo egoeraz ere.

"Buruzagiak dira, EAJkoak zein ezker abertzalekoak, gaur egungo garaira egokitutako historia eta moldatu dutenak. Modu horretara, herri honen egoera baretzen lagundu lukeen historia erakargarriago bat galdu da" dio Azurmendik.

PNV-ETA Crónica oculta (1960-1979) liburura iristeko bidea duzu elkarrizketa hau. Bien bitartean, premisa bat: “Bere historia ezagutzen ez duen herriak, ez du bere oraina ulertzen”.

“Belaunaldi berriek ez dute beraien historia ezagutzen, gure herriaren historia”. Zure iritzia da.

Bai. Ez dute historia ezagutzen eta ez dute interes larregirik alderdiaren eta erakundearen historia ezagutzeko, baina errua ez da beraiena. Buruzagiak dira, EAJkoak zein ezker abertzalekoak, egungo garaira egokitutako historia moldatu dutenak. Modu horretara, herri honen egoera baretzen lagunduko lukeen historia erakargarriago bat galdu da.    

Zein neurrian aldatu zen historia, Agirre lehendakariaren heriotza goiztiarrarekin? Eta EAJren bilakaera?

Agirre hiltzean bere proiektua hilik dago, bere prestigioa, ordea, ukitu gabe gelditzen da. Agirre lider oso errespetatua izan zen, askok jarraitua. Monzonek dioenez, “bere rola gaztetatik barneratua zeukan, guztiz kontziente zen horretaz”. Ziur aski, ezin izango zukeen eragotzi gerra egin ez zuen belaunaldiarekin apurtzea, baina ezagutu zutenek egoera askoz hobeto bideratuko zuela diote. Eusko Gudariak kantaren egile Jose Mari Garate jeltzale buruzagiari hil aurretik entzun nion, Jose Antonio Agirre herri abertzalearen lider handiena izan zela, eta alderdiaren liderra Juan Ajuriagerra.

ETAren sorreraren arrazoiak laburbildu zenitzake? 

ETA sortzen da gerra osteko errepresioa hain basatia ez denean. ETAren sortzaileek Israel, Zipre, Tunisia eta Aljeriako borroka modu berrien eragina jaso zuten, eta ez hainbeste Kubako jokabideena, hainbatek aditzera eman nahi izan dutenez. ETA ekintzari ekiteko sortzen da, baina praktikan jartzea asko kostatzen zaio. Gaur egun ez dira jaio zeneko baldintzak ezagutzen, eta are txarragoa dena, modu okerrean azaltzen dira. Sortzaileak klase ertaineko unibertsitarioak ziren, goi klasekoa kasuren batean, baita hirikoak ere. Haien lekua hartu zutenek, sortzaileek beraiek praktikatu ezin zuten borroka indarrean jarri zuten. Hauek klase herrikoiagokoak ziren, baserritik eta itsasotik zetozenak. Liburu hau irakurrita ere, ETAren nortasuna ez da ondo definitua agertzen, ezta etakideak ere. Haatik, hori ulertzen lagundu dezaketen lekukotasunak ekartzen saiatu naiz, intimoak batzuetan, kontakizun lauak, baina adierazgarriak. Ezin da ETA definitu, ETA bat baino gehiago izan direlako; batzuetan garai berean elkarren ondoan bizi izandakoak. ETA definitzeko, Manuel Irujorekin bat eginez, bere obretan erreparatu beharra dago agirietan baino.

Eli Gallastegi, Jagi-Jagiko burua, alderdiarekin kritikoa, Irujoren aurka oldartu zen: “Gaztedi hori [ETAkoa] bestelakoa izan zitekeen, hutsune bat geratu izan ez balitz, denon ardura den hutsa”.

Elik familiaren inguru hurbilean hutsune horren zantzuak ditu, ongi ezagutzen ditu EAJrekin batera borrokatu nahi duten gazteak –Eusko Gaztedi, berbararako–, Eusko Jaurlaritzaren aginduetara jardun ezin izan zuten gazteak. Baina Jaurlaritza akituta aurkitu zuten, etsituta. Urte luzetan behin eta berriz saiatu izan ziren, askok uste duenaren kontra. Eli zuzen ari zen, gerrako buruzagiek hutsune bat onartu zutela esatean. 

EAJren eta ETAren arteko oldarraldia handituz joan zen: Sota afera, lekuko. Erresistentzia antolatzeko adostasunik ez. Irujok, halere, Jaurlaritzaren zerbitzuko ETA nahi du. Nola azaldu hori egungo belaunaldiei?

Irujok irlandar eredua ezagutzen du, baita judutarrarena ere, eta beraietan ekintzaileen eta instituzioen arteko isileko erabakiak eta akordioak ikusten bide ditu, ez enfrentamenduak behinik behin. Ordea, batzuetan, ETAk Jaurlaritza etsai nagusitzat hartu duela inpresioa dauka. Une batzuetan diot, ez beti, eta ez beti modu berean, baina Irujoren beste burukide batzuek ez dute bat egiten berarekin. Berak, IRAren edo Irgoumen antzera jokatuko lukeen ETA hobetsi zezakeen, etsaien aurka etsai eta ardura instituzionalak zituenekin [EAJ] lagun. Jeltzaleentzat, eta Irujorentzat bereziki, Sota familia ukitu ezina zen. Baina ETAk ukitu zuen hasiera beretik. Hala ere, ezin da esan harekin afera gehiago izan zenik, ezta Iparraldean, Filipinetan, Mexikon edota Lekeition eta Negurin bizi ziren beste familia dirudunekin ere.
Elkar juzkatzean, EAJko eta ezker abertzaleko belaunaldiek tontokeria franko esaten diote elkarri. Ignorantziaren eta interesaren emaitzak dira, historia gaur egungo interesen arabera ulertua izan dadin. Liburua idatzi dut bereziki, unean uneko lekukotasun biziak ekartzeko, historiako distortsiorik eta estalkirik gabe. Horretaz jabetu nahi duena, jabetuko da.

Lehen belaunaldiaren ostean (Madariaga, Txillardegi, Benito del Valle, Manu Agirre) bestelako bat dator: Jose Maria Eskubi nabarmentzen da, zu zeu partaide izaki. ETAren historiako une gakoa dela esan duzu inoiz. Zergatik?

Eskubi garrantzitsua da, baita Txabi Etxebarrieta eta Jose Luis Zalbide, nor bere rolean. Eskubi liderra da “barnean” [Hegoaldean] Txabik hiltzeko eta hila izateko urratsa ematen duenean, artean, Zalbidek Iraultza! agerkarian horren azalpena ematen du, eragin itzela izan zuena. Haiekin abian da gerora jarraituko duen ETA: Eustakio Mendizabal, Txomin Iturbe, Peixoto... Geroago Argala, Mugika Arregi, Pertur eta enparaurekin jarraitu zuena. Lehen urratsa, Meliton Manzanasen exekuzioarekin eman zuten, K. de Zunbeltzek (Jose Luis Zalbide) teorizatu zuen espiral iraultzailea.EAJ, gerra egin eta sufritu duena, ez dute ihardespeneko bortizkeriek kikiltzen, horien izateko arrazoiak nahiko eta sobera ikusten ditu. Besterik da, eurak horiek praktikan jartzeko prest egotea, praktika horietan ahalegin batzuk egin zituzten arren. Esaterako, Ugarte apaizari, ETAk espirala indarrean jarri aurretik, nolabait, barregarria iruditzen zaio ETAk hamar urtez jotzekotan aritzea, baina, funtsean, ez jotzeko.EAJren kezka ETA bere eskutik joan izana da. ETAri berriz, bere larderian, ez diote ardura ez EAJk ez Eusko Jaurlaritzak, biak hiltzat jotzen ditu betiko.

Julio Ugarte apaizaren zita da hau, hain zuzen ere: “Pistola eraman, eta ez erabiltzeak sutu egiten nau”.

ETAko sortzaileek ez zuten tiro bakarra egin. Madariagak, Uribek, Etxabek edo Ozaetak praktiketan bai. Ugarteren hitzek, 1969an, EAJko sentsazio orokorra aditzera ematen dute, hau da, “jauntxo handiuste” haiek ez zirela teoriatik praktikara pasako.

1968: Euskadi eta mundua astindu zituen urtea. Horrela utzi zuen Txabi Etxebarrietak idatzia: Joatea besterik ez daukat / bakarrik / Itxaron / eta lurrak oraindik maita gaitzala.

Txabik anaia Jose Antonioren eragina jaso zuen, eta honek, halaber, Eli Gallastegirena. Gerrako belaunaldiaren eta abertzale berrien arteko batasunaren kate-begiak dira. Txabi da tabua hautsi eta hiltzen duena. Txabik [Pardines] guardia zibilaren heriotza bilatu bide zuen, baita berea ere, hark guztiak signifikatuko zuenaz kontziente izaki. Bera hiltzen dutenean, haren kideak behartuak sentitu ziren heriotza hari ihardesteko eta Manzanas hiltzen dute. Hala ere, Manzanas hiltzeko erabakian parte hartu zutenek ez zioten hasitako borroka armatuari jarraipenik eman. Militante berriak heldu ziren, ordura bitartean egin zenaren ondorioz handituz eta handituz joango zen berebiziko bultzada eman ziotenak.

Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi militanteak hil ziren gero. Ez ziren ETAkoak, EGIkoak baizik.

ETArekin uztartuko zen EGI, Joseba Rezolaren aginduz eta isilpean trebatua da; CIAko euskal agente Joseba Emaldiren eskutiko entrenamendu militarren bat baztertu gabe. Horietako parte nabarmen batek ETA (pm) hornitu zuen eta ekintza gogorrenetan hartuko zuten parte segituan.

1970: “Euskal nazionalismoaren historia baita frankismoarena ere, bi alditan banatzen da: Burgos aurretikoa eta ondorengoa”. Julio Ugarteren zita da hau ere.

Ugarte bera, 1969an ETA barregarria laga duena, Burgosko prozesuan etakideen jarreraz poztu eta berotu da. Izan ere, Euskadi urte luzetan alde batera utzita egon ostean munduko mapan jarri baitzuten etakideek. Burgosko auziaren ondoren, Carrero Blancoren aurkako atentatuak Euskadiz eta euskaldunez mintzarazten du mundu osoa. Hainbat adituk, oraindik ere tematuta jarraitzen dute eta, atentatuaren atzean ezkutuko esku gordeak ikusi nahi dituzte, CIArenak barne. Frogarik ezean, euren desio bakarra hauxe da: ETAren egiletasuna ezeztatu nahi dute egun ere, funtsean, gerra zibilaren galtzaileen mendekua izan zena ezabatzeko, Espainiako Estatuaren historia aldatu zuelako. Atentatuaren ikusgarritasunak eta “garbitasunak” are oihartzun gehiago eman zion mundu osoan. Ondoren, laster, Rolandoko kafetegiaren atentatua heldu zen, “zikinena”, bere egiletasuna egundaino [ETAk] onartu ez duena.

Rolandoko atentatua “orbaina” da ETAren historian. Beranduago, ETAren komunikatuan hau agertu zen: “Borrokan guztia ez da perfektua eta garbia: Iraultzak ekintza gogorrak eta tragikoak ditu”. Trantsizioaren ondoren etorri zena iragarri zuen nolabait?

Iragartzen du, beharbada, ETAko buruzagien buruan “gerra garbirik” ez dagoen ideia hasten dela finkatzen nolabait, bizi-bizirik dauden hainbat premisa iraultzaileekin kontraesanetan egon arren.

"ETAk euskal nazionalismoa modernizatu zuen"

Diaspora hizpide. Zer nabarmenduko zenuke orduko diasporaz. Zer geratzen da hartatik, edota zer da egungoa?

Diasporaren garrantzia erabakigarria da zenbait unetan, eta ez bakarrik ikuspegi ekonomikotik, Eusko Jaurlaritzaren eta alderdiaren [EAJ] sostengu bezala. Ekin editoriala ahalegintzen da, Buenos Airesetik, abertzaletasunaren gaiak ez daitezen hutsaren hurrengoa izan. Venezuela, behin iparamerikarren finantzazioak  amaitu ondoren, zerbitzuen truke, erbesteko aparatuaren eta instituzioen ezinbesteko oinarria bihurtu zen. Zenbait unetan, bakarra.

Gerran garaituak izan zirenek aktibitate handia izan zuten lehen urteetan. Aliatuen traizioaren ondoren, britainiarrena eta estatubatuarrena, urteen joanean, egoera berrira moldatu ziren, eta betirako Amerikan egongo ziren ideia bere egin zuten. Diaspora ez da homogeneoa. Argentina eta Uruguain, Txile eta Mexikon neurri apalagoan, bazegoen euskal emigrazio nabaria ordurako. Haien zioak ekonomikoak dira, elkar laguntzen duten zentroak eta erakundeak sustatzen dituztenak, erbesteratuen ideien eragina jasotzen dutenak.

Herrialde hauetan badago apaiz eta erlijioso andana, inportantea, abertzaleak izateagatik kanporatuak edo ihes egindakoak, kontzientzia hartzeko zereginetan funtsezko rola jokatzen dutenak. Venezuelan, lehen erbesteratuak iristen direnean, ia ez dago euskaldunik, baina eremua ondua aurkitzen dute lanari ekiteko eta denbora laburrean estatus on samarra lortzeko. Eusko Jaurlaritzak  lehen garaian baliabide ekonomiko onak ditu, ontziterian inbertitzen ditu  Bretainia Handian eta Venezuelan, itsasoko negozioetan. Arrazoiak arrazoi, inbertsio horiek etekinak baino buruhausteak sorrarazi zizkion. Diaspora hartatik badira hainbat egintza eta obra gaur egun, oroitzapenak, euren ondorengoengana iristen direnak, informazioaren hedabide zuzenek eta berriek gaurkotuak.   

Komunismoa eta terrorismoa antzeko espresioak –edo parekatuak– dira orduko Euskal Herrian. Txillardegik honela idatzi zion Martin Ugalderi: “Ulertzen dut, kanpotik begiratuta, terroristatzat hartuak izatea, baita zuk ere, ausaz. Alabaina, iritzi hori ez da zuzena: denbora lekuko”. Zer erakutsi du gure historiak biolentzia iraultzaileari dagokionean? Terrorismotzat jotzen duzu zerorrek?

ETAk ez du bere burua, historiako ezein unean, erakunde terroristatzat jo. Bere jarduera bortitza erresistentziazkoa kontsideratu du, propaganda armatua eta iraultzailea legez. Terrorismoa izan da, argiagoa, Irgoumek, FLNk eta OASek praktikatu dutena, besteak beste, berariaz terrorea zabaltzea helburua zutelako, diskriminazio dosi handiz, eta berez halakoxe zuten burua. ETAk ekintza objektiboki terroristak burutu izan ditu, baina ez zuen nahi ez uste ere, berea estrategia terrorista zenik. Edonola ere, zenbaiten iritziz, auto-bonbaren erabilpen sistematikoa, arrisku handia dela eta, diskriminazio tarte zabal eta arriskutsuarengatik, estrategia terroristaren adierazle objektiboa da.

Ausaz, labur zurrean esanda, ETA anitz egon dira, espresio asko, bortitzak nahiz dialektikoak.

Hala da, bai. Hainbat ETA izan da, borroka armatuarekiko jarrera eta zerikusi diferenteak agertu dituena. ETAk horietako batzuk masa borrokaren freno  objektibo legez ikusi zituen, bere erakundetzearen eta garapenaren oztopo. 

Ordurako, AEBko Gobernuak erregimen frankistaren alde egina zuen, Jaurlaritzako kideak bazter utzita, Jesus Maria Leizaola lehendakari izaki.

Leizaolak Agirre ordezkatu aurretik, estatubatuarrek ondo zekiten Franco ondo baino hobeto zetorkiela komunisten aurkako gerra hotzean.

Zer izan zen hura? EAJn eta AEBetan demokraziaren baloreak berebizikoak izaki, edo halakoak omen direlarik.

II Mundu Gerra amaitu baino lehen, AEBek bonba atomikoak Japoniaren aurka jaurti aurretik, Japonia plataforma bezala hartu zuten etsai handiaren kontra egiteko: Maoren Txinaren kontra. Europan, Berlinen sartu aurretik, iparamerikarrek badakite etsaia, ideologikoa, ekonomikoa eta militarra, Sobietar Batasuna dela. Iparamerikarrek ondo dakite Franco primeran datorkiela haien aurka, euren beldurra da Alderdi Komunista diktadorearen erorialdiaren baliatzea. Irujo bat dator ikusmolde horrekin, eta oso presente dauka espainol errepublikarrekin dituen harremanetan. 

1973 urtea: Monzonek Irujori esana: “Euskadin gaur egun inor ez da nahikoa eta denok gara beharrezkoak. Hona nire desioa: 1933 eta 1936 urteetan egiten jakin ez genuena, orain hobeto egitea”. Txillardegik Irujori berriz, hauxe: “Euskadi eskutik joan zaigu denoi”.  Esaldi esanguratsuak, harribitxiak.  

ETAren lehenengo aldiari dagozkie, artean, EAJk eta Jaurlaritzak bazekiten norengana jo behar zuten ETArekin harremanetan jartzeko, pertsonalki ezagutzen zituztenean, kasu askotan senideen seme-alabak eta lagunak zirenean. Laster utzi zioten esaldi bitxiak elkarri esateari.

Zer ekarri zion ETAk nazionalismoari, erregimen frankistak iraun zuen bitartean?

ETAk euskal nazionalismoa modernizatu zuen, gaurkotu zuen. EAJ sekula santan sartu ez zitekeen gizartearen estratuentzat erakargarria bihurtu zuen abertzaletasuna.

"Urkulluk Quebeceko bideari segitu beharra aipatzen du, orduan, gogorarazi beharko zaio"

Zein ondorio atera duzu EAEko azken hauteskundeez? Abertzaleen emaitzei dagokienean. 

EAJren emaitzak onak dira, eta egoera behartu gabe, balio zaizkio garai berri bat lideratzeko. EH Bilduren emaitzak ere onak dira eta hauetaz baliatu behar du. Jaurlaritzan sartzeak ekarriko liokeen kargaz libratu da, hartara, zer izan eta egin nahi duen gogoetatzeko beta dauka. Orain arte inprobisatzen eta erabakiak hartzen jardun du, ongi eta trebe samar, sartuta zegoen tranpatik atera ahal izan da. Baina, orain, garai berri bat abiatu behar du, egitura berri batez, barne demokrazia errespetatuz, arestiko militantzia bikoitza eta hirukoitza ahaztuz. Gizartearen aurrean argi eta garbi azaldu behar du proiektu berriekin, baita hauek ondo azaldu ere.

Zein dira gakoak abertzaletasunaren helburuak gauzatzeko?

Ezker abertzaleak EAJren beharra dauka, presoen arazo larria konpontzeko dagoen beharraz Euskal Herria ohartarazteko. Konponketa ez dago EAJren esku, baina lagundu dezake Espainiako Gobernua presionatzen, baita indarrean dauden salbuespenezko lege ez-demokratikoak eta errepresiboak nazioarteko instantzietara eramaten. Halaber, eta horregatik, ezker abertzaleak Urkulluk zuzendutako Jaurlaritzaren aurkako oposizio sistematikoa eta berehalakoa egiteari uko egin beharko lioke. Ezker abertzaleak Urkulluri egiten utzi behar dio, eta kontuak eskatu bere promesak betetzen ez dituenean, hori baita, bide batez, hurrengo hauteskunde autonomikoak prestatzeko modu egokiena. Bestalde, PSOE-PSErekin batera egindako edozein oposizio gaizki ikusia izango litzateke ezker abertzaleko jarraitzaileen aldetik.

Eskozian iragarritako erreferenduma egingarria ikusten duzu hemen?

Datozen lau urteotan, ez. Halere, Urkulluk Argian [2.340 zenbakian] Quebeceko bideari segitu beharra aipatzen du. Orduan, gogorarazi beharko zaio.

Zein dira “euskal auzia” deitua ebazteko gakoak?

Ez dakit zein diren gakoak, ezta oso argi ere “euskal auzia”z zer ulertu behar den. Ordea, argiago daukat egin beharreko bidea interesgarriagoa dela bere helburu nagusia baino. Hau da, euskal abertzaleen ardurek eta kezkek ekarri behar dute bide hori egiteko modua: euskaldunak beren auzokoengandik benetan diferentziatzen dutena ez dira gai ekonomikoak –eta are gutxiago Europar Batasunaren barruan– gai kulturalak baizik; gai berezkoak dira, kontzientzia nazionalari zentzua ematen diotenak, babestuak eta garatuak izan behar direnak.

Noraino iritsi daiteke katalanen ekimena eta nola eragin dezake Euskal Herrian?

Ez dakit noraino iritsiko den, baina ez naiz ados ekimena abantaila ekonomikoak lortzeko baino ez dela esaten dutenekin. Inork ez zuen aurreikusi, ezta imajinatu ere, agintari katalanak horren urruti joango zirenik, horren argiak izatea euren aldarrikapenetan eta eskaeretan. Bistan dago: EAJk ez du aldarrikatzeko, eskatzeko eta presionatzeko modu horretara bildu nahi, ez zaio interesatzen.

Independentziaren trena utopia al da? Edo aitzitik, Euskal Herria eraikitzeko ezinbestekoa al da?

Independentziaren asmoa ondo azaldu beharra dago. Behar den denbora hartu behar da, baina luzetsi gabe prestatzen hasi behar da. Gaur egun, agitaziorako erreklamo bezala jarduteko baino, berau apurka-apurka zehazteko baldintzak daudela uste dut.

EAEn erreferenduma egingo balitz, independentziaren aldeko aukera aterako al litzateke irabazle?

Gaur egun ez. Baina egin ahal izango balitz, uste ez dudana, egite soila aurrerapausoa litzateke etorkizunean eskubide hori finkatzeko. Hau da, Quebecen bezala.

"Nafarroa beti izan da EAJren ahultasuna, Aquilesen orpoa"

Trantsizioaren ondorengo demokrazia aldia eta gero, beste 30 urte luze joan dira. Zertan desberdintzen dira euskal nazionalismoaren espresio nagusiak? 

Testuingurua aldatu da EAJ zein ETArentzat. EAJri dagokionez, gerrako belaunaldia desagertu zen, hura ezagutu zuen beste batek ordezkatu zuen, gaur egungora iritsi arte. Hauek beren historiaz euren estrategiarentzat komenigarri zaiena baino ez dute ezagutu nahi, eta hiru euskal lurraldeko administratzaileen rola jokatzen dute. Ez da egia etarrek EAJz zioena. Alegia, EAJk euskal burgesiaren interesak defendatzen zituela (burgesiaren gehiengoa frankista izanda, hartaz baliatu zen), baina egia izan daiteke, gaur egun, EAJ euskal burgesia baskongadoaren interesen ordezkaria izatea.

ETAk berriz, mugimendu abertzale berria eta bizia posible egin zuen, eta gero horren indarraz eta ahalmenaz beldurtu zen. Herri Batasunaren beraren eraketa eta kontrola galtzearen beldur izan zen, berau administratzera mugatu zen, iraultza ezinezko baten izenean berau kontrolatuz, ordurako naturala ez zen lidergo baten bidez. Gaur egun, ETA erretiratu da, eta trantsizioaren lehenengo urteetan bazegoena berrosatzeko ahalegina abian jarri da, interes alternatiboak ordezkatu behar dituen mugimendu herrikoi bat eratzeko, ahal den neurrian eta egokieran EAJren interesen osagarria.

Elkarrekiko sostenguen berrosatze moduko bat emango delakoan nago, hala ere, klasearteko batzokietan elkarbizitzen ziren enpresako jabearen eta beren langileen arteko garaia joan da. Nire irudipena da, borroka armaturik gabe, ikuspuntu honetatik Euskadi berrasmatuko dela. Ez da gehiegikeria ere pertzepzio hau azaltzea: EAJk ordezkatzen dituen interesak eta PPk ordezkatzen dituenak ez dira oso diferenteak. EAJren inguruan klase sozial bat agertu da, administrazioari lotua kasu askotan, bere interesak babesteko eta zaintzeko nahia duena, krisi garaian are nabariago ageri direnak. 

20 + 30 urte geroago: Nafarroa ez dago Hegoaldeko beste hiru  lurraldeekin batera administratua, edo alderantziz. Zein da 50 urte luze ondorengo zure balantzea?

Nafarroa beti izan da EAJren ahultasuna, Aquilesen orpoa. Horrela dio Irujok bere posta-trukean, bere korrespondentzia intimoan. Haatik, ezker abertzalearen ahultasuna ere bihurtu daiteke, zorigaitzezko maniobra bat baino gehiago egin baitu. Ezker abertzaleak ez du gaitasunik erakutsi aliatuak batu eta biltzeko, lurralde horretako abertzaleen presentzia sendotzeko eta handitzeko. Gaur egun, nafar eskuina eta sozialismo espainolista inoiz baino ahulagoa daude Nafarroan, baina euskal abertzaleak egoera aprobetxatzeko ezgauzak dira.

Estatu Konfederala eratzera iritsi al daiteke? 

Proiektu konfederal errepublikar bat izan zen. Proiektu errealista legez, epe ertainera ez litzateke baztertu behar. Baina egiari zor, proiektu hura Penintsulako herri guztiak hartzen zituen barne, baita portugaldarra ere.

Nola ikusten duzu ezker abertzalearen berreraketa?

Une honetan ez dut berreraketarik ikusten, baizik eta ezker abertzale historikoarentzat testuinguru oso desfaboragarrian egokitze elektoral adimentsua egin ahal izateko aukera. Ziur aski, une honetan urrats zehatzak ematen ari dira bide horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETA
'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


‘Gora ETA’ idaztea ez da "terrorismoa goraipatzea", Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez

Epaitegiak artxibatu egin du pintaketak egiteagatik Ermuako gazte baten kasua. “Terrorismoa goratzea” egotzi zioten.


Materialismo histerikoa
Ala inor ez

Asier Ezeizaren argazkia ikusi dut egunkarian. Xaxirena. Argazki batzuek horrela asaltatzen gaituzte. Ahalegindu naiz barrutik ateratzen, eta ezin dut. Ze saltsa horri buruz idaztea. Nor etsaituko zait. Baina ezin begiratzeari utzi.

Ezinezkoa da Xaxik pena ematea, pertsona... [+]


2023-10-05 | Gedar
Ion Urzelaien omenezko oroitarria kendu du Bilboko Udalak

Guardia Zibilak 1974an erail zuen Urzelai, Zorrotzan. Monumentua ken zezatela eskatu zuen Covitek, eta men egin dio udalak.


Eguneraketa berriak daude