"Larrialdietako medikuen guardia presentziala kendu nahi dute Nafarroako hainbat herritan"

  • Osasunbideko lehen arreta eta larrialdi zerbitzuan aldaketak egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Erreforma hitzak murrizketa ezkutatzen duela salatu dute mediku eta erizainek, eta larrialdietako guardia presentzialak ezabatuz, landa-eremukoak kaltetzen dituela kexatu dira Pirinioetako herritarrak. Grau Tasa Tafallako larrialdietako mediku eta Zangozako Osasun, Ingurumen eta Gizarte Gaietako zinegotziak argitu dizkigu erreformaren nondik norakoak.

Landa-eremuko Larrialdi Zerbitzuak 2008an jarri zituzten martxan Nafarroan, mendialdeko herriei kalitatezko osasun zerbitzua eskaini asmoz. Hori aldatzera dator erreforma.

Aurretik, errefortzuzko mediku eta erizainak zeuden, asteburuetarako eta abar, baina aldi baterako kontratuekin, eta 2008an egonkortu egin zuten zerbitzua. Urrats garrantzitsua izan zen, guardia guztiak presentzial bihurtu zituztelako. Ordutik, bi sektoreri esker mediku eta erizainen presentzia ziurtatua dago osasun zentroetan: goizean lehen mailako arretakoak egon ohi dira, asteburu eta jai egunetan larrialdi zerbitzuetakoak, eta bi sektoreen artean aste barruko guardiak banatzen dituzte. Zentroan talde finkoa izatea ongi datorkie herritarrei, hobeto antolatuta dagoelako dena. Erreformak, makina bat aldaketaren artean, egin nahi duena da Nafarroan dauden 45 Etengabeko Arreta Guneetatik –non presentzia fisikoa bermatua dagoen gaur egun–  20 gune baino gehiagotan asmatu duten sistema berria ezarri: Arreta Azkarrerako Sistema. Alegia, lantokiaz kanpoko guardia bilakatu ditu zerbitzu presentzial eta egonkorrak. Zer esan nahi duen horrek? 15:00etatik goizeko 8:00ak arte ez duela mediku eta erizainik egon beharrik zentro horietan.

Larrialdi egoeratan nola eragingo du horrek?

Nik uste administrazioak pentsatzen duela mediku eta erizainek zentroan egingo dituztela guardia hauek ere, berez lantokiaz kanpokoak izan arren, eta hor dago amarrua, guardia presentzialak lantokiaz kanpoko bilakatuz dirua aurrezten dutelako, gutxiago ordaintzen baitira. Arauak ere asmatu dituzte: osasun zentrotik hamar minutu baino gehiagora ezin dute egon profesionalek, esaterako. Kontuak kontu, abisua jaso eta etxean egonez gero, larrialdira iristeko denbora gehiago beharko da, zentrotik ziztu bizian atera beharrean norbere etxean egonda ados jarri behar dutelako medikuak eta erizainak elkartzeko, garraiatu beharreko materiala ere ugaria eta pisutsua da (maleta orokorra, arnasketakoa, desfibriladorea, elektro eramangarria eta abar) eta erabaki behar da nork eramango duen materiala edota autoan gordeta egon behar duen… Dena da konplexuagoa eta estrategikoki ez da eraginkorra. Eta denbora, larrialdi egoeretan, funtsezkoa da, noski. Baina zer egin du erreformak horren inguruan? Abisua jaso eta leku horretara iristeko denbora 20 minututik 30 minutura aldatu. Ez dut uste hori denik soluzioa, arriskutsu samarra da.

Bestalde, Arreta Azkarreko Sisteman, lantokiaz kanpoko guardia hauek ordu estrak dira eta larrialdietako zerbitzua ordu estratan oinarritzea ez da serioa: derrigorrezko orduak izango dira ala aukerazkoak? Ordu guztiak egin beharko dituzte? Zeinek egingo ditu, ordutegitik kanpoko lanaldia izanik? Zehaztu gabe dago hori guztia.

Eremu zabalagoez ere arduratu beharko zarete medikuak.

Orain zonaldeak itxita daude, baina behar izanez gero –112koek deituz gero– beste leku batzuetara mugiarazi nahi gaituzte eta arazoa sortzen du horrek, beste zonalde batera joateko zure zentroa hutsik uzten duzulako.

Atzerapausoa da lantokiaz kanpoko guardietara bueltatzea. Haurra erortzen bada osasun zentrora eraman eta mediku eta erizainak han daude gaur egun, baina aurrerantzean 112ra deitu beharko dute eta abar. Laburrean, jende gutxiagok behar berdinei egin beharko die aurre, eremu zabalagoak hartuz. Zangozan adibidez, hamabi langilek egiten zutena zortzik egingo dute; Nafarroako larrialdi zerbitzuetatik 32 mediku eta 25 erizain kenduko dituzte, lanpostuak suntsituko dituzte. Funtsean, zerbitzua hobetuko duen erreforma gisa saldu arren, murrizketa da hau, lan baldintzak okertuko dituen eta, garrantzitsuagoa, arreta kaskarragoa eskaintzea ekarriko duen murrizketa.

Landa-eremuei eragingo die batik bat erreformak, horietan kenduko baitute guardia presentziala.

Bai, Pirinioetako herriei eta Erriberari eragingo die batez ere, administrazioaren irizpidea izan baita biztanleria urriagoa eta abisu-dei gutxi dauden herrietan lantokiaz kanpoko guardiak ezartzea eta eskaera handiagoa duten herrietan larrialdi zerbitzu presentziala mantentzea. Baina eskaera handiagoa egoteak ez du esan nahi dei guztiak larriak direnik, mendialdeko jendeak gutxiago deitzeko ohitura duelako. Gainera, berdintasun printzipioaren aurka doa erabakia eta Pirinioetako herrietako 150 ordezkarik dokumentua aurkeztu dute, denentzat zerbitzu berdinak aldarrikatuz, zergak berdin ordaintzen dituztelako.

Plan estrategiko zabalagoaren baitan aurkeztu dute erreforma.

Bai, Nafarroako Osasun Arretaren Eredua Garatzeko Estrategia du izena planak. Puntu asko jorratzen ditu eta Gobernuaren asmoa da larrialdiei dagokien atala urtarriletik aurrera martxan jartzea. Bi ostiralero Landa-eremuko Larrialdi Zerbitzuetako langileek protesta egiten dute Iruñeko Osasunbidearen egoitza aurrean, Pirinioetakoen haserrea gehitu behar zaio horri, eta Parlamentuko talde gehienak ere planteamenduaren aurka daude, baina tematuta jarraitzen du administrazioak. UPNren Gobernua gutxiengoan egonik maila honetako erreforma aurrera ateratzea ausartegia iruditzen zait, gero atzera botatzea ez baita erraza.

Bestalde, udalekin-eta bildu dira, baina informazioa eskaintzeko baino ez, eta informazio hori saldu dute prozesu parte-hartzaile gisa, adostasunak egon izan balira bezala. Horrez gain, ez dute inolako zifra ekonomikorik eman, ez zer kostu izango duen erreformak, ez zenbat aurreztuko den: sistema eutsiezina dela eta aldaketak jasangarritasuna lortzeko direla diote, baina zertan oinarritu dira aldaketa horiek egiteko? Gauza jakinek ez badute ongi funtzionatzen, horiei heldu, marko orokor guztia aldatu beharrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Murrizketak
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Sektore publikoan greba: 150.000 langile kalera ateratzera deitu dituzte sindikatuek

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan greba eguna da gaurkoa, ELA, LAB, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuek deituta. Goizaldean abiatu dira lehen zutabeak eta manifestazioa handienak eguerdian egingo dituzte hiriburuetan.


2023-06-23 | ARGIA
Baliabide nahikoa ez eta gainera murrizketak jasan dituztela salatu du konplexutasun handiko Gasteizko ikastetxe batek

Hizkuntza gabeziari lotutako hezkuntza atzerapenak eta premia handiak dituzte Gasteizko Federico Baraibar institutuko ikasleek. Beti baliabidez urri dabiltzala, baina hurrengo ikasturterako Eusko Jaurlaritzak esleituriko baliabidetan murrizketak izango dituztela salatu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude