argia.eus
INPRIMATU
Hondakinekin azkarregi...
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2012ko azaroaren 08a

Ez indartsuegi eta ez listoegi. Arinegi, behar baino lehen, sobera fite, goizetxo, presaka, aukeran agudo. Hondakinak gaika bereizi eta kalera ateratzea herritar guztien betekizun bihurtzeko, Atez Atekoa jartzeko, alegia. Kuriosoa da gauza batzuetarako ez dagoela berandurik.

Lehenengo aldiz usurbildarrez entzun nuen, han herritarrak eztabaidan ari zirenean, gure anaia Aralarreko zinegotzi aginagatarrari bere burkide hernaniar batek esana: “Azkarregi ari zarete”. 2008an goizegi zen. Gaia Hernanira heldu zenean, 2009an, udalak gauzak arinegi ei zeramatzan bihotz zabaleko zenbait lagunen aburuz, ez haiengatik, jendeagatik baizik, jendea ez dago kontzientziatuta. 2011ko udan Astigarragako norbaitek esan zigun gauzak astiro egin beharra zeukatela, ez zen komeni azkarregi joatea. 2012ko udaberrian, testuinguru berean, sistema berria herrian abiarazteko lehenengo urratsak, Zaldibian entzun genuen: “Orain dena kolpetik... ezin al dira gauzak pixkanaka egin?”.

Mugarri garbi bat jarri ezean, inoiz ez da garaiz. Antolaketa eta eztabaidazko urte osoa deskontaturik, 43 hilabete, 3,5 urte dira Usurbilen Atez Atekoa martxan jarri zela, 29 hilabete Hernanin eta Oiartzunen instalatu zenetik. Eta berriro “ez al da azkarregi?” galdetuko da bileretan, “jendeak denbora gehiago behar du kontzientziatzeko” esango zaigu Zarautzen, Lasarten, Donostian. Baina, ez esan beranduegi dabiltzanik Irun eta Hondarribiko agintariei erabaki dutenean Txingudin zabaltzea edukiontzi marroi famatua, gaikako bilketa %35ean inolaz gainditu ezin duen sistema. Usteko dute garaiz dabiltzala Bidasoaren erriberetan errauste planta txiki bat eraikitzeko %65 sobranteak kixkaltzeko.

…ala poliki?

Ez politki, ederki edo ondo, baizik eta mantso, geldo, astiro, batxe. Lasai antzean, alegia. Azkarregi ez, alferrak inkomodatu gabe, nagiak sobera zirikatu barik. Intzineradora gelditu bai, baina Gipuzkoako aginte faktikoak ohartu gabean... posible balitz.

2008an lasartear batek eta usurbildar batek antzeko kopuruarekin laguntzen zioten intzineradoraren asmoari. Lau urte pasa ondoren, usurbildarrak 100 kilotik 20 baino gutxiago lagatzen ditu nahastuta, lasartearrak 70 baino gehiago.

Miraririk ezean, 2013a bukatzerako Donostiako Loiolako zein Amarako edo Antiguako herritar bakoitzak sortua izango du urte bakarrean Astigarragakoak ondoko hiru urtetan pilatuko duena baino errefus gehiago. Joka dezagun astiro, munstroa soberan haserrarazi gabe eta 2016a amaitzen denerako, sei urtetan Oiartzungo batek sortuko dituen 120 kiloen ondoan Hondarribiko edonork pilatuak izango ditu onenean ere 390etik gora.