argia.eus
INPRIMATU
Epikoa
Ixiar Rozas 2012ko azaroaren 08a

1) Literatura generoa. Anakronikoa bada ere, aro garaikidea deitzen deneko lan asko elikatu ditu. Anakronikoa delako da interesgarria epika, batez ere, esanahien lekualdatzea gauzatzen badu.

2) Epi(dikti)koa irakur genezake. Erretorikaren genero bat da solas epidiktikoa. Gure literatura solas ediptiko hutsa dela idatzi du Joseba Sarrionandiak. Lengoaiaren nahiz irudiaren espektakuloaren gizartean, ikuskizunaren osagarri delako deus ere zalantzan jarri gabe. Eta bakoitzak bere zokoa bilatzen duelako self service erraldoian.

3) Baita e(di)pikoa ere. Harreman edipikoetan self service modukoak dira bazterrak. Hartu eta eman, eman eta hartu, metro karratu beraren inguruan. Epikureoa izan daiteke halaber metro karratu beraren inguruan benetako eztabaidari, frikzioei, hazteari, ihes egitea.

4) Egungo egoera ekonomikoaren irtenbideek epikoak beharko lukete? Ekonomia epikoagoa, sozialagoa, etekin ase-ezinak bilatu ordez komunitatearen benetako beharrei begiratuko diena. Ekonomiaren estetizazioari, hau da, espektakularizazioari, aurrez aurre begiratuko diona.