Don’t worry Indiako esklaboez, be happy gure merkealdietan

  • Low cost egiteko modurik onena da etiketak zer ezkutatzen duen jakiten ez saiatzea. Ekoizleek nahiz saltzaileek produkzio kosteak jaisten jarraitu dezakete. Arropa berri merkez beztitu erosleari ispiluaren aurrean irudituko ez daukala erantzukizun handirik munduaren bilakaeran.  
    Aldiz, Zarako etiketan ondo miatuz gero...

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2012ko azaroaren 11
Indolinkspanish guneko irudian, Delhin berrikitan Zarak irekitako denda; itxuragatik berdin izan zitekeen Donostiakoa. Irudi horiekin kontraste gogorra egiten dute telebista frantseseko Cash Investigation programan ikusitakoek. 2012an bertan arropa erosle
Indolinkspanish guneko irudian, Delhin berrikitan Zarak irekitako denda; itxuragatik berdin izan zitekeen Donostiakoa. Irudi horiekin kontraste gogorra egiten dute telebista frantseseko Cash Investigation programan ikusitakoek. 2012an bertan arropa erosle frantses gisa joan den kazetariari Inditexek Delhin dituen 2.000 azpikontratetako batek lan baldintzak azaldu dizkio: lanaldia goizeko 9etan hasi eta iluntzeko 9etan bukatzen dute, igandeetan arratsaldeko 6ak arte, astearen zazpi egunetan egiten da lan, atseden egunik ez, ordu estrengatiko ordainketarik ez, gehienezko 60 orduetatik oso goiti... Tailerreko ugazabak lotsagabe aitortuko dio kazetariari langileak horrela behartzea dela azpikontrata izatearen abantaila, Inditexen jakinaren gainean dagoela.

Zerua irabazita dauka Amancio   Ortegak. Gizona obra karitatezkoak egiteko jaioa izaki, Espainiako Caritasi urteko aurrekontu osoaren %8 oparitu dio, kasik enplegu programatarako behar duena adina. Ortegak bere eran interpretatzen du kristauen fundatzaile Jesus Nazaretekoak esana: “Zure esku ezkerrak ez dezala jakin zer egiten duen eskuinak”. Posible baita esku ezkerra trebeziaz erabilita 20 milioiko limosnaz –40.000 milioi euroko fortunaren jabe izanik– Josafateko zelaiaren atakako zaindaria sobornatzearekin batera, eskuinaz baliatzea milaka morroi eta neskameri zintzurra estutzeko.

Inditex esatea, Amancio Ortegak sortutako inperioa alegia, da izendatzea  Zara, Zara Home, Massimo Dutti, Pull & Bear, Bershka, Oysho, Kiddy's Class, Uterqüe, Stradivarius... Inditexek mugiarazi ditu 12.527 milioi euroko sarrerak 2010ean, 1.832 milioiko irabaziak, 5.527 komertzio mundu osoan, 103.201 langile. Janzkietan munduko liderra.

Tendentzia markatzen du Inditexek. Gazte askoren kontsumo ereduak laburbiltzerakoan “Zara belaunaldia” entzuten da. Bere negozio eredua irakasten zaie munduan enpresaburu izan nahi duten gazte guztiei. Horregatik, Inditexeko presidente Pablo Islak deitzen dituelarik kazetariak urteko emaitzak aurkezteko, zein zoro ausartuko da munduko gizonik boteretsuenetako bati galdera deserosorik egitera? Ez bada erreportari gazte atzerritar bat...

“Telebista frantsesetik nator eta inporta ez bazaizu galdera batzuk dauzkat zuri egiteko. Inditex munduko liderra da jantzigintzan eta famatua ingurumenaren defentsan, soldata duinen alde eta haurren lanaren kontra hartu dituen konpromisoengatik. Berretsi diezagukezu ez dela haurrik ari lanean Inditexentzako?”. Pablo Islak: “Nik esan dezaket gure kodigo etikoak arbuiatzen duela haurren lana. Eta horrelakorik hautematen diogun momentutik hornitzaileren bati, bermatzen dizut zorroztasunik handienez jokatzen dugula”.

Kazetaria ez du asebete, nonbait. Berriro galdezka ari denean harriduraz dauzka begira gainerako kolegak. “Guri iritsi zaigu agiri bat, seguruenik zuk ere badaukazuna, zeinetan azaltzen baita 14 urtetik 16 arteko haurrak ari direla lanean zuentzako. Jakin nahi genuke zergatik ari diren haurrok beharrean Inditexentzako, ez zaintzeagatik, haurrak merkeagoak direlako...”. Pablo Islak: “Hasteko, zure galdera ikaragarri iraingarri aurkitzen dut...”. Hau ez da prentsaurreko normala.

Segi kazetari gazteak berriro, badauzkatela agiriak erakusten dutenak Inditexek oso ondo dakiela guztiaren berri, 2009an Delhin egindako auditoria batek garbi azaltzen zuela gutxieneko soldatak ez direla errespetatzen eta haurrak erabiltzen direla lanean, eta hala ere horrela dagiten hornitzaileek konpainiarentzako zerbitzuan darraitela. “Beraz, guk zera jakin nahi dugu: kosteak jaistea denean kontua, zein mugataraino iritsi daiteke?”

Fashionaren azpildurak

Ikusi behar da, Interneten dago gaztelaniazko azpitituluz, frantsesezko bigarren kate publikoak joan den maiatzean Cash Investigation programan eskainitako Toxic Fringues (Parpail pozoitsuak) dokumentala. Prentsaurrekoa osorik hor agertzen da.

Cash Investigationeko ekipoari norbaitek informazio konfidentziala eskuratu zion duela hilabete batzuk. Indian Inditexentzako produktuak ekoizten dituzten konpainietako lan baldintzen auditoria bat da, konpainiak berak egina: The Indian Inditex’s Suplly Chain, Inditexek Indian daukan hornitzaile katea. Agiri horretan azaleratzen da Zara eta beste arropa merkeko denden arrakastaren gako ezkutuetako bat, hornitzaileen ezkutuko kostea.

Agiriak ondorio beldurgarriak erakusten ditu: hornitzaileen %76,4ek ez ditu gutxieneko jornalak errespetatzen, baina okerragoa dena, fabrikatzaileen laurdenak umeak dauzka tailerretan.

Inditexek berak A-tik D-ra sailkatu ditu Delhiko hornitzaileak, A baldintza duinak betetzen dituztenak, D lanean haurrak darabiltzatenak. 2009an Delhiko 24 hornitzailetatik denak zeuden D sailean. Baina, gainera, 24 konpainia handi horiek mendean dauzkate 2.000 azpikontrata gehiago, Delhi osoan armiarma sarea legez hedatuak.

Telebista frantseseko ekipoari USB batean heldu materialen artean bideoak ere badira, non Inditexek kontratatutako inspektorek bisitatzen dituzten tailer horietako batzuk. Arriskuz betetako instalazioak, higiene arazo larriak, lanerako zoko txiki itogarriak...

Baina are gogorragoa: irudietan agertzen dira tailerrean josteko makinen oinetan lotan dauden gaztetxoak. Non bizi ote dira esklabook? Zenbat urte dituzte, 16 baino gutxiago, 14 baino gutxiago akaso? Inspekzioak ezustean harrapatu ditu, igarri zaie. Kazetariaren hitzak: “Munduko konpainia textil handienaz ari gara, nola iritsi da horretaraino?”.

Argibidea Inditexen beste barne agiri batean eskaintzen du. TF2ko ekipoak dokumentalean erakutsi duenez, mundu osoko hornitzaileak baloratzerakoan Inditexek daukan baremoan, konpainia batek ez baditu betetzen soldata minimoak 76 puntuko zigorra jasotzen du, haurrak erabiltzen baldin baditu berdin, 76 puntu, baina hornitzailea azpikontrata klandestinoekin ari bada zigorra 2 puntukoa da, hori baizik ez. Bideoan agertzen diren umeen negreroak 2 puntuko zigorra baizik ez du jasoko.

Madrilen Pablo Islak promes egin zion TF2ko ekipoari esplikazioak Parisen emango zizkiola. Dokumentalean bilduta dago, gogoangarria eszena. Espainiatik Inditexek Felix Poza Peña bidali du, gizarte erantzukizunaren zuzendaria. Ez bakarrik. Berekin etorri dira Zara-Franceko zuzendaria, krisi komunikazioko bi aditu, bizkartzainak... kazetarien lana Inditexentzako grabatuko duen bigarren ekipoa!

Pressinga prentsari. Elise Lucet, frantsesezko teleberrietako izarretako bat, ez da hain erraz toreatzeko kazetaria. Poza Peña azaltzen Inditexek 0 tolerantzia politika daramala, Lucet erakusten  ezin defendituzkoa dela Delhin bertan 24 hornitzaile eta 2.000 azpikontrataren kontrola daukatela esatea...

Aste gutxiren bueltan, TF2ko ekipoak Inditexen gonbidapena jaso zuen Delhiko bere hornitzaileak zintzotu direla erakusteko. Ez da egia. 2.000 azpikontratetan esklabotzan diraute. Inditexek ez zuen esperoko kazetariak Indiaraino joaterik egia filmatzera, gutxiago ondoren TF2 publikoak erakustea.

Kanal honetan artxibatua: Esklabotza

Esklabotza kanaletik interesatuko zaizu...
Beltzek ez dakite igerian

Martinika, 1679. Esklabo-ontzi bat hondoratu zen uhartearen parean, eta esklabo afrikar batek –haren izenik ez da gorde– 60 ordu eman omen zituen igerian lehorrera iritsi arte. 300 urtetik gora beharko zituzten zuriek marka hura ofizialki berdintzeko.


Drapetomania, ihesaren gaitza

New Orleans (AEB), 1851. Samuel A. Cartwright medikuak idatzitako Diseases and Peculiarities of the Negro Race (Arraza beltzaren gaixotasunak eta berezitasunak) artikulua argitaratu zen New Orleans Medical and Surgical Journal aldizkarian. Bertan, berak izendatutako gaixotasun baten berri jaso zuen: drapetomania edo gatibutzatik ihes egiteko gogoa. Ustezko gaitza esklabo beltzen artean oso zabalduta zegoela zioen, eta prebenitu eta sendatzeko aholkuak ematen zituen.

 


Nire Smartphoneak poeta txinatar prekarioa darama zirkuituetan

Blackberry, iPad, iPhone edo Kindle deitu, Apple, Microsoft, Sony, Amazon nahiz Samsungi erosirik errutinazko bilakatu zaigun tresneria elektroniko berri gehienak Txinako lan ia esklaboz eginik daude. Orain, gainera, robot berriek sortutako konkurrentzia berriarekin mehatxatzen dituzte obrero txinatarrak, fabriketako lan baldintza zanpatzaileak gatazkarik gabe onartu ditzaten.


Nork ordaintzen du hain merke erosten dugun arropa?

Rebecca Gallagher gazte galestarra zur eta lur gelditu zen Primark dendan erosi zuen 12 euroko soinekoa garbitzeko jarraibideak irakurtzen hasi zenean.


2015-11-29 | June Fernandez
Vernicaren bihotza

Verónica del Carmen Serranoren bihotza urriaren 13an eten zen. 28 urte besterik ez zituen. Verónicaren bihotza nekatuta gelditu zen. Adineko pertsona bat zainduz lan egiten zuen, barne langile. Ez zuen deskantsatzeko denborarik, ezta medikura joateko eskubiderik ere, paperik gabe bizi baitzen Euskal Herrian. Nikaraguakoa zen, Somotokoa.

Zorigaitza baino ezbeharra izan da. Errua ez da patuarena. Ez da zorte kontua izan, bidegabekeria hutsa baizik. Hainbat elkartek, Munduko... [+]


"Zarak Asian ekoizten duenaren %100a umeen eskulana da"

“Pakistanen ume bat erostea oso merkea da eta behin hori eginda, nahi duzuna egin dezakezu harekin. Horregatik beti diot Zara, Mango, Ikea edo H&M bezalako enpresetan ez erosteko, ematen diezun diruarekin, haiek 5 esklabo gehiago erosten dituztelako”.


Wall Street esklabotzari lotuta

Hudson ibaiaren ahoa, 1625. Mendebaldeko Indietako Nederlandar Konpainiak Amsterdam Berria sortu zuen, ibaian zehar abiarazitako larru salerosketa kontrolatzeko aukera ematen zien kokalekua. 1653an, bertakoen nahiz ingelesen erasoez babesteko, kolono herbeheretarrek zurezko eta buztinezko hesia eraiki zuten Amsterdam Berriko iparraldeko mugan. Edo zuzen esanda, hesia eraikitzeko agindu zuten, harresia benetan jaso zutenak 1627tik aurrera koloniara eramandako esklabo afrikarrak izan... [+]


Sari ustelak

Sariketa ugariren atzealdean dagoenaren adierazgarri, azken Oscarretan gertaturikoa: film onenaren garaikurra jaso duen 12 urtez esklabo lanaren alde bozkatu zuten bi epaimahaikidek onartu dute pelikula ikusi gabe eman ziotela botoa.


Kapitalismoaren aurkako ikurraren bilakaera

2003an antiglobalizazio mugimenduak gailurra jo zuen Irakeko gerraren aurka milioika herritar mobilizatuta. Inbasioa berdin gauzatu zen eta mugimendua gainbehera hasi zen. Hamar urte geroago eta krisialdi betean, non dago antiglobalizazioa –edo, zuzen esanda, altermundismoa–?


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude