argia.eus
INPRIMATU
Armstrong auziari jarriak
Aitor Sarriegi @asarriegi 2012ko azaroaren 08a

Doinua: Iriyarena

Nondik heldurik ez omen dauka
amerikano honenak
txirrindulari bizitzan egin
omen ditu kristorenak.
Armstrong adina gaitzesten ditut
UCI ta bere ordenak
hamar urtera lehen estalia
lapurtu nahi diotenak.


Berez ez duen neurria ematen
bazaio jarduerari,
milaka euro eta ohore
badira lanaren sari,
langile soil bat bihurtzen bada
lagunaren salatari,
hau gertatzen da ta ez naiz soilik
txirrindularitzaz ari.


Zeinek ez ditu noizbait saihestu
alkoholemia kontrolak?
Droga guztien markatik libre
al daude denon odolak?
Lanean eta bizitzan ere
ez al daude eskirolak?
Gizartearen gaitz berak dauzka
gaur eguneko kirolak