Pentsamendu mastekatu gabea eskura

  • Saski bete intxaur. Ezkaldian Bilduak.

    Patziku Perurena

Miel Anjel Elustondo
2012ko azaroaren 04a

Negu minean
zuriz estaliren ditun bazterrak
hire soina, sabela eta izterrak

Negu minean
zuriz estaliren ditun herriak
hire ahoa eta ezpain gorriak…

Negu minean
zuriz estaliren ditun haginen adarrak
eta busti eginen hire begi nabarrak…

Negu minean
zuriz estaliren ditun sahatsak
haizeak orrazaturen hire adatsak…

Negu minean
hormatu eginen ditun inguruko ur latsak
eta hire ohoretan iraganen ditun arratsak…


“Negu minean” dut Patziku Perurena 1987an kanta egin zuten geroztik. Hitz eder haietan bota genuen aingura, ez betiko, baina portua dugu poema musikatu hura. Hamaika urtean lagun egin diguna. Bistan da, Negu minean baino gehiago da Perurena, da zenbaki da kolore da poesia da narrazio da mundu bat, guztiz beretik bizi duena, irakurlearekin partekatzeko zinezko borondatea duena. Zorionez.

Oraindik orain, Saski bete intxaur. Ezalditan bilduak ekarri digu –Koldo Izagirrek bete-betean asmatu zuenez–, “iritzi pertsonaleko eta behako zorrotzeko” artikulugileak. Iritzi eta behako horietara bidean abiatu gara liburuan barna. Ez genuen besterik nahi, Perurena pertsonala, Perurena zorrotza baizik. Eta hortxe bera ageri da, bederatzitik zazpira, saskira bildu dituen intxaur ederren artean. Idazleak bere lana eskaini digu, nork bere baitan egos dezan. Ez du alferreko azalpenik eman nahi…

“Ipuina amaitzen ari zen, kontalari zaharra, entzuleak inguruan adi zituela. Ipuina amaitu zuenean, denak isilik gelditu ziren, bakoitza bere gogoetarekin, zerozeren zain bezala. Halako batean, entzuleetako batek esan zion:

– Ipuin ederra kontatu duzu, baina ez diguzu ipuinaren esanahia azaldu.

Ipuin kontalari zaharrak hala erantzun zion:

– Zer irudituko litzaizuke, inork intxaur bat eskainitakoan, ongi mastekatu eta ahotik eskura emanen balizu.
– Mastekatuta ez! –erantzun zion entzule batek.
– Nik nahiago dut oskolik kendu gabe – esan zuen beste batek, –bakoitzak bere oskola apur dezala.
– Oskola apurturik, umeentzat bakarrik.
– Eta maiteminduentzat…
Atzenean, kontalari zaharrak, hala erabaki zuen:
– Mastekatuta inoiz ez, orduan. Oskola kenduta umeentzat eta maiteminduentzat bakarrik. Besteentzat oskol eta guzi”.

Perurena da kritika, da mina. “Nik uste, insolidarioa ez ezik, gizarte axolagabea sortu dela. Ez bakarrik laneko kontratuetan, baita harreman afektiboetan ere (…) Nik uste, gogoeta zuhur eta patxadakoa hutseraino ekarri dela, eta haren lekuan, pentsamendu bakarra, erreakzionario hutsa ezarri dela. Numero huts gara jadanik: horrenbeste boto, eta kitto. (…) Ez, ezin nengoke lasa, panorama honekin, eta uste dut jende askori gauza berbera gertatzen zaiola. Espero dut hemendik 20-30 urtera oinaze honetatik ateratzea. Orduan errauts izanen naiz, baina errauts maitemindua, poetak esan bezala”.

Perurena da bidaiari porrokatua, da desadostasuna. “Bizia liburua bezala omen da, eta bere txokotik atera ez dena, liburu horren aurreneko orria besterik leitu ez duena. Ez nago konforme. Bere txokoan deus ikasten ez duenak, ez baitu deus ikasten munduan barrena. Bere txokoan mila gauza ederrek liluratzen duenak, berriz, bere baitan darama mundu guzia”.

Perurena da “belar moztu eta ez moztu bakoitzaren usaina” dakiena, da Maisu Juan, da Peru Abarka. “Nik ez nuen ardirik ezagutu etxean. Nire oroitzerako artaldea saldua zuten. Baina joareak ez. Joareak artegiko habetik zintzilik egoten ziren. Ttiki eta handi, hirutan hogei joaretik goiti igoal: dunbak, joalaundiak, pulunpak, pullunpa koxkorrak, pullunpa ttikiak, kalankak, kalaska haundiak, kalaxka ttikiak, joalarriak, joalborrak, errobil joareak, zintzerriak, txintxerri ttikiak, behi joareak, behor joareak, ahuntz joareak, bildots joareak, ttalakak, bi soinukoak, nabariak, motelak, mihigabeak…”.

Perurena da hau eta hori eta hura irakurtzen duen idazlea. Egas Moniz eta Pello Txato, Orixe eta Mark Twain, Jose Yanguas eta Alonso Lopez Corellakoa, Zaratustra eta Jean Giradoux, Friedrich Nietzsche, Eduardo Gil Bera eta Joseba Sarrionandia, Baltasar Gracian eta Karlos Luñusorokoa, Ignacio Malaxecheverria eta J.E. Cirlot, Wendorth Webster eta Toribio Etxebarria, Atxaga eta Enzensberger…

Perurena da euskara, bizia, aho-idatzizkoa, bridarik aise ametitzen ez duena. “Ez da bakarrik xuxen hitzegite edo idazte kontua, libertate kontua ere bada. Hizkuntzaren lexiko zabala eta nabardura ugariak jakitea, iduritzen zaio askori apaindura eta pedantekeria hutsa dela, eta ez da ohartzen hitzen bidez sentitzen, aztertzen, jasotzen eta adierazten dugula garen guzia (…) Gizatasun osoa pasatzen baita, azken batean, hitzetatik. Ez baitugu hitza beste tresnarik, munduaz eta mundukoez ohartzeko eta adierazteko”.

Perurena da literatura. “Biziari berari darion atsegina (…) arteak, bizia barrentzen, edertzen, gozatzen, osoago ikusten laguntzen du (…) Behin edo behin ibilia naiz Eduardorekin. Txoil mozkortu ere bai elkarrekin. Baina Gil-ek, nere lagunik onena bihurtuko balitz ere, ez lidake inoiz emanen haren liburuek eman didaten atseginik. Literatura, beste inon aurkitu ezin dudan gizamoduaren ahotsa da neretzako”.

Perurena da, esan dugu, iritzi pertsonala eta behako zorrotza. “Niri, nolakoak garen ohartzea, eta esatera arriskatzea gustatzen zait, ilunpeko egia bilanahi horrek libertitzen nau bizien, funtsean deusetarako balio ez duela ongi jakin arren”.

Perurena da idazle bat bizitza bizi duena, pekoz gora bizi dugun gizartearen kontraesanak erraietaraino bizi dituena, arriskuak hartzen dituena, esatekoak esaten asmatzen duena, haurretan itzain ibilitako idazlea, “belar moztu eta ez moztu bakoitzaren usaina” aditzen dakiena eta usain egiteko eskaintzen diguna, ahozkotik edaten inoiz ase ez dena, idatziari ongietorria egin diona, intxaurrak bildu eta irakurlea, bere baitako intxaurrak irakurleari eskura jartzen dizkiona, “mastekatuta inoiz ez”.
– Ez da pentsamendua gehiegi garatzen eta inpresio xumeetan geratzen dira askotan ideiak –esan du gure ondoan kritikariak.
– Oskola kenduta umeentzat eta maiteminduentzat bakarrik. Besteentzat oskol eta guzi –erantzun dio jaun kritikariari kontalari zaharrak, erantzun dio Patzikuk, erantzun diogu hirurok...

Kanal hauetan artxibatua: Euskal literatura  |  Durangoko Azoka

Euskal literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-18 | Booktegi
Zer dira mitoak?
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Anuntxi Arana idazleak bere lanaz eta mitologiaz hitz egin digu. "Mito hurbilak" liburua deskargatzeko: http://booktegi.eus/liburu.php?id=106


Atxagaren 'Soinujolearen semea' filma errodatzen hasi dira Fernando Bernuesen zuzendaritzapean

Aste honetan hasi dira Soinujolearen semea nobelaren zinemarako egokitzapena filmatzen, EITBk aurreratu duenez. Eneko Sagardoy, Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson eta Miren Arrieta aktoreek hartuko dute parte, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.


2018-05-16 | Booktegi
Hizkuntzakeria
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendari Patxi Saez Beloki soziolinguistak hizkuntzakeriaren gainean hitz egin du Booktegiko lagunekin. Gaiari buruz bere liburua deskargatzeko:http://booktegi.eus/liburu.php?id=100


2018-05-04 | Miren Osa Galdona
Maiatzaren 24tik 27ra "ainguratuko" da aurtengo Literaturia

Bosgarren urtez ospatuko da Literaturia jaialdia Zarautzen. Maiatzaren 24tik 27ra izango da eta aurreko urteetako dinamikari jarraituz, egitarau zabala osatu dute. Duela 10 urte Larrabetzun sortu zenetik, espiritu berari eutsiko dio jaialdiak: euskal idazle, argitaletxe eta irakurle gazte zein helduen topagune izatea, eta literaturaz gozatzeko askotariko aukerak eskaintzea.


2018-04-29 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
"Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri"

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan (Pamiela) liburua kari solastatu gara berarekin apirilaren 2an, Sarako Idazleen Biltzarrean.


2018-04-16 | ARGIA
Felipe Rius idazle eta kazetari iruindarra hil da

Felipe Rius idazle eta kazetari iruindarra hil da apirilaren 13an. 1961ean Iruñean sortua –56 urte zituen– bi narrazio liburu eta saiakerazko bat plazaratu ditu: Bi argazki eta hainbat polaroid (1999, Pamiela), 39 idazle nafar (2017, Pamiela) eta Zinema japoniarra (1999, Alberdania).


2018-04-13 | Uriola.eus
'Gure oroitzapenak', Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa

Hamabi zinemagilek, Adabaki ekoiztetxearen ekoizpenarekin, Joseba Sarrionandiaren poemak eta ipuinak film kolektibo batean zinemara ekartzea erabaki dute. Aste honetan aurkeztu dute proiektuaren trailerra. Filma udazkenerako amaituta egotea espero dute egileek. 


Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin' nobelak irabazi du 111 Akademiaren saria

Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelak irabazi du 2017ko 111 Akademiaren saria. Irakurleek ematen dute sari hau eta aurten hirugarren bozketa txandan gailendu zaio beste hautagaiari, Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro liburuari.


2018-04-06 | Sustatu
Euskarazko lehen liburuaren ale bakarraren faksimil digital bikaina

Linguae Vasconum primitiae Parisko Liburutegi Nazionalean gordeta dago eta berriki, digitalki argitaratu du liburutegi horrek.


Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoa argitaratu dute

UPV/EHUko Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek Esteve Materraren “Doctrina Christiana” liburuaren edizio kritikoa sortu dute, eta EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratu dute, “Euskararen Lekukoak” eta “Monumenta linguae Vasconum: Studia et Instrumenta” bildumen baitan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude