"Heriotzaren aurrean, orain lehen baino gehiago bortxatzen da ongi egotea"

  • Kanpora begira denok itxura onena erakutsi nahi dugu. Indartsu, baikor eta sasoiko agertzera behartzen dugu geure burua, baita triste egoteko motibo aski dugunean ere. Heriotzak sortzen duen oinazea, dolua, bizi behar da gainditu ahal izateko.

Ainhoa Arburua Burlatako beilatokian
Ainhoa Arburua Burlatako beilatokianDani Blanco

Osasun mentalaren inguruan aritu zinen lanean ANASAPS elkartean arreta zuzena eskainiz.

Bai, denetatik. Donezteben hasi nintzen. Gure inguruan gaitz psikikoak dituzten pertsonendako zerbitzu egokirik ez zegoela ikusten genuen. Hilabetean behin Iruñerritik, Burlatatik, joaten zitzaizkien laguntzera, bertzerik ez. Hori dela-eta senitarteko batek eta biok Dizdira Elkartea sortu genuen. Handik gutxira ANASAPSetik deitu ziguten galdetuz ea elkartean sartu nahi genuen. Ondoren Iruñera etorri nintzen egitasmo berriak eta sentsibilizazio programak abian jartzeko helburuarekin. Garatutako programen artean niretzako interesgarriena Iruñeko kartzelan egin genuena izan zen. Astero sartzen nintzen gaitz psikikoak dituzten presoekin egotera. Orain, uste dut, diru faltagatik bertan behera utzi dute, tamalez.

Preso asko dago halako gaitzek jota?

Pila bat. Gainera pentsatu beharra dago kasu batzuetan zergatik dauden kartzelan: gaitza dagoelako lehenagotik. Eta barruan makurrago egoten dira; nahiz eta medikazioaren aldetik, oro har, kontrolatuta egon, kartzelan laguntza handiagoa behar izaten dute.

2009an Senda Fundazioan hasi zinen. Lan zaila?

Lehenbiziko astean erran nuen “hau gehiegizkoa da, ikaragarria. Nik ez dut nahi. Ni banoa etxera”. Hastapenak oso gogorrak izan ziren kasuengatik. Lehenbizikoa gogoan dut: andrea eta bi seme-alabak galdu berriak zituen gizon bat etorri zen. Pentsatu nuen “eta hau horrela da egunero? Sobera niretzako!”. Negarrez joaten nintzen etxera, ezin nuen deskonektatu. Hasieran hagitz gogorra egin zitzaidan, baina gero, hilabete batzuk pasata, gelditzea erabaki nuen.

Orain lortzen duzu beste modu batez begiratzea?

Bai, baina hala ere badira kasu batzuk burutik kendu ezin dituzunak: hildakoa jende gaztea denean edo istripu baten ondorioz denean, gogorragoa izaten da.

Zer zerbitzu ematen dituzue hemen, Senda Fundazioan?

Bi helburu nagusi ditugu: alde batetik, halako egoera batean dagoen pertsonari laguntzea, eta bertze aldetik, sentsibilizazio mezuak zabaltzea jendeari ikusarazteko dolua lantzen ahal dela, ez dela zergatik bakarka bizitu beharra. Bada jendea laguntzarik gabe gainditzen duena eta badira bertze batzuk laguntza behar dutenak. Guk hauei jakinarazi nahi diegu zerbitzu bat badagoela horretarako. Banakako arreta eta taldekako saioak eskaintzen ditugu, bai guk zuzenean, bai gurekin lanean ari diren Nafarroako hainbat zentro pribatuetara bideratuz. Urte hauetan ikusi dugu taldeka lantzeak aunitz laguntzen diola pertsonari ikusaraziz ez dagoela bakarrik eta halako ezbeharra ez zaiola berari bakarrik gertatu. Honetaz gain jardunaldiak antolatu ohi ditugu urtero urriaren amaieran eta formakuntza zerbitzuak eskaintzen dizkiegu hainbat alorretako profesionalei.

Doan dira laguntza saio horiek?

50 euro ordaintzen da normalean saioengatik, baina norbaitek arazorik izanez gero, Gizarte Zerbitzuen txosten batekin doan jasotzeko aukera izanen du. Guretzako onena doan eskaintzea izanen zen, baina oraingo krisi garaian zaila da.

Dolua orain arte nola bizi izan da?

Etxean eta bakarrik. Nik beti erraten dut: dolua ez dute denek landu behar. Badago jendea berez gainditzen duena ia-ia laguntzarik gabe, baina hala gertatzen ez denean batzuetan pentsatzen dugu horretarako aski dela tristura kentzeko pastilla bat hartzea eta kito. Baina gainditzeko, dolua bizitu egin behar da. Ez da kritika bat, baina uste dut errazegi ematen direla antidepresiboak, antsiolitikoak eta doluaren mina kentzeko beste botikak, eta hori aunitzetan ez da beharrezkoa izaten. Sentimenduak estaltzen baditugu, goiz ala berandu aterako dira, edo bertzela zer? bizitza osoan pastillak hartu? Jende asko etortzen da halako kezkekin, pastillak hartu behar dituzten ala ez galdezka. Nik beti erraten diet botikak hartzea ona dela zure bizitza normala ezin duzunean egin: ezin ohetik jaiki, ezin jan, ezin lorik egin… Orduan, behar-beharrezkoak direnean, bai. Baina triste egoteagatik soilik ez. Triste egotea normala da, maite zenuen pertsona galdu duzulako.

Ez dago formula magikorik dolua gainditzeko. Galdera ohikoa izaten da ea zenbat denbora behar den hori lortzeko. Aditu batzuek diote bi urte, hiru urte… Desberdina da. Esan daiteke bost urte iraganik oraindik ez baduzu lortu zure bizitza arruntera itzultzea, dolu hori patologiko bihurtzeko arriskua duzula. Baina hori dena pertsonaren araberakoa da.

Zertan datza zuen lana?

Guk egiten duguna da dolu prozesu horretan lagundu, ondoan egon. Pertsonak ikus dezala ez dagoela bakarrik. Aditu. Azkenean guk ez dugu deus egiten eta pertsonaren zalantzei eta galderei aunitzetan ezin diegu erantzunik eman. Askotan behar dute behin eta berriz zer gertatu den adierazi. Batzuetan galderak edo bukatu gabeko aferak gelditzen zaizkie, adibidez justu egun horretan haserre zeunden gero hil egin den pertsonarekin, edo hari zerbait errateko zeukaten eta ez zuten egin… Hori dena, tintaontzian gelditzen diren gauzak, lantzen ditugu. Gehienbat entzun, eta aholku gutxi eman.

Egia esan, halako ezbeharrak gertatzen direnean berehala etortzen da norbait  pertsona horri erratera fuertea izan behar duela edota egin behar duela ez dakit zenbat gauza denbora betetzeko eta ez pentsatzeko. Baina horrek ez du dolua hobetzen. Hobe da hor egotea, joatea berarekin paseatzera, berak deitzea itxaron gabe zu aitzinatu eta bere etxera joatea… Halako gauza txiki baina eranginkorrak gure esku daude, lagundu nahi izanez gero. 

Badira fase desberdinak doluaren prozesuan?

Guk faseez hitz egin beharrean doluan dauden pertsonaren betebeharrez mintzo gara. Honekin erran nahi dugu haiek paper aktiboa dutela bere prozesuan, Worden adituaren teorian oinarrituta. Betebeharrak lau dira, nagusiki:

1- Onartzea zuk maite duzun pertsona hil egin dela eta ez dela itzuliko. Gogorra, baina horrela da.
2- Sentimenduak adieraztea. Doluan sentimenduak nahasten dira: amorrua, tristura, nekea, arindua eta abar. Ahal dugun guztia atera behar da, barruan geratzen dena kaltegarria baita.
3- Maite dugun pertsona gabe bizitzen ikasi behar dugu. Kasu aunitzetan, gainera, joan denak egiten zituen gauzak egin beharko ditu gelditzen denak. Adibidez, pentsatu emakume bati senarra hiltzen zaiola eta bera ez zela banku kontuez arduratzen. Orain berak egin beharko du dena eta horrela mila gauzekin gerta daiteke.
4- Azkenik gure bizitza bideratu eta ilusioak berriro izan behar ditugu. Bizitzeko gogoak berreskuratu behar ditugu, ilusioz eta helburuak zehaztuz. Harremanak zabaldu eta aukerak aprobetxatzen ahalegindu behar dugu.
    Hauek denak pertsonak ikasi beharreko pausoak dira. Prozesu hori egiten duzunean eta hil den pertsonaz larritasunik gabe hitz egin dezakezunean, erran daiteke dolua gainditu duzula.

Haur eta gazteekin ere lantzen duzue doluaren gaia?

Irakaskuntzan ekimen batzuk hasi gara egiten. Duela bi urte Erronkariko eskolan eta institutuan programa pilotu bat egin nuen dolua edo galera modu prebentiboan lantzeko, aitzinetik. Galerak aunitz dira bizitzan zehar, eta ez soilik heriotza. Jaiotzen garenetik gauzak, osasuna, ahalmenak, harremanak… galtzen ditugu. Adin guztietako ikasleekin aritu ginen, txikienetatik 18 urtera arte. Liburuak, pelikulak, elkarrizketak… erabili genituen eta esperientzia hagitz polita izan zen. Irakasle, guraso eta ikasleak izugarri ongi sartu ziren zenbait hilabete iraun zuen programa honetan. Bertze ikastetxe batzuetatik deitu izan digute zerbait gertatu ondoren. Aringarri moduan zerbait egiteko. Beran guraso bat galdu zutenean, edo Mendavian ikasle bat hil zelarik, eskolan bertan gainera. Toki hauetan landu duguna agurra izan da. Eskutitzak, marrazkiak, omenalditxoak egin zizkieten joandakoei eta oso onuragarria izan zen. Irakasleei aunitzetan asko kostatzen zaie halako egoerei aurre egitea. Bat-batean neska-mutiko bat negarrez hasten bada “zer egin behar dut nik?” galdetzen dute. Ez dute baliabiderik. Guk egiten duguna da materialak prestatu eta haiei eman. Guk ez dugu zuzenean lan egiten ikasleekin, baizik eta irakasleei materialak pasatuz.

Haur bati nola esan behar zaio pertsona bat hil dela?

Gezurrik ez. Ama batek esaten zien umeei aita bidaian zegoela, eta haurrek ez zuten ulertzen zergatik ez zen itzultzen eta, are gehiago, amak alde egiten zuenean ez ote zen itzuliko beldur izaten ziren beti. Adinaren araberako azalpenak bilatu behar dira. Ikusi behar da prozesu kognitiboaren zein momentutan dagoen haurra eta hori jakiteko onena bere galderak aditzea da. Familian heriotza bat dagoenean haurrak askotan kanpoan uzten dira. Ez etorri elizara, ez etorri hilerrira… Eta zergatik ez? Aita falta bada, adibidez, zergatik ezin da joan? Zergatik ez du despeditu behar? Zergatik ez dio eskutitz bat idatzi edo marrazki bat hilkutxan sartu behar? Nik uste dut helduok beldur ikaragarria dugula eta hori transmititzen diegula haurrei. Haiek normaltasunez hartuko dute guk horrela hartzen badugu. Horretarako argi eduki behar dugu heriotza bizitzaren parte dela. Haurrei utzi behar diegu gertuagotik bizitzen heriotza. Ez dira parte hartzera edo hilotza ikustera bortxatu behar, baina bazterrean utzi ere ez. Horretarako aldez aurretik azaldu behar zaie zer aurkituko duten, zer esan nahi duen pertsona hila egoteak.

Mezu erlijiosoak nahasten dira askotan. Zer egin beharko genuke?

Horiek dira helduon kontraesanak. Zaila da haurrei azalpenak ematea eta are zailagoa inguruan ikuspuntu desberdinak daudenean. Nik uste dut saiatu behar dugula ahalik eta koherenteenak izaten eta, batez ere, sentitzen duguna esaten argi eta garbi. Pentsatzen badugu heriotzarekin dena amaitzen dela eta ez dagoela bertzerik hori erran, eta aldiz, sinesten badugu bertze zerbait dagoela hori ere lasai adierazi.

Dolua bizitzeko modua asko aldatu da?

Nire ustez ez. Aunitz bizitzen da bakardadean, etxean, negarrez eta gero jendearen aurrean primeran bageunde bezala agertzen gara. Aldatu dena da orain gutxiago erakusten dela. Txikiak ginenean norbait hiltzen zenean familiakoak beltzez janzten ziren. Adierazgarri batzuk zeuden pertsona horiek nola zeuden erraten zutenak. Baina gaur egun, onerako edo txarrerako, hori galdu egin da. Lehen bazen zantzuren bat jakiteko pertsona bat ez zegoela ongi eta doluan zegoela. Orain lehen baino gehiago bortxatzen da ongi egotea. Gaur zure ondoko bat hil eta hemendik bi astetara zure bizitza normalarekin, lanean, kontent… izan behar duzu. Azkenean gizarteak eskatzen diguna da lehenbailehen geure tokian egotea eta nik uste dut hori ez dela ona. Beso bat hautsi egiten denean bere osatzeko prozesua du, zergatik ez doluak? Barrutik sentitzen duguna ere prozesu bat da eta sendabidea behar du.

Sinesten dutenek errazago gainditzen dute dolua?

Nik denetik ikusi dut: izugarri kristauak zirenak bat-batean fedea galtzea eta batere federik ez zutenak elizara joaten hastea. Egia da benetan fedea duenak, berdin zait zertan, erlijio batean, jainko batean, energietan, ez dakit zer nolako ondorengo bizitzetan… aiseago gainditzen duela.

Erritoak garrantzitsuak dira?

Hagitz garrantzitsuak. Adibidez norbait hil eta gorpua berreskuratzen ez denean, dolu hori zailagoa da, ez duzulako fisikoki ikusi eta ezin duzu egiaztatu benetan hil ote den.

Garai batean festa modukoa egiten zen ehorzketaren ondoren.

Euskal Herrian betidanik egin da. Ni herri txiki batetik heldu naiz, Etxalarretik, eta hilerritik etorrita, ostatuan merendua egiten zen, duela gutxira arte. Tentsioa apaltzen laguntzen du.

Euskal Herrian lotsa ematen digu negar egiteak, oinazea erakusteak…

Kostatzen zaigu mina adieraztea eta batzuetan gertatzen da hasieran ondokoei kontatzen diezula zer sentitzen duzun, baina iristen da momentu bat non ondokoek erraten dizuten aski dela eta garaia dela aitzina jarraitzeko. Orduan espazio eta lekurik gabe gelditzen zara zure sentimenduak adierazteko. Hori da, hain zuzen, Senda Fundazioak eskaintzen duena: joan den pertsonaz eta sentimenduez hitz egiteko toki bat.

Azken hitza: Hilezkor

“Heriotzan noiz edo noiz pentsatzea ongi etortzen da gehienbat beste modu batez bizitzeko. Sendan lan egiten dudanetik zerbait aldatu da nire buruan. Lehen banuen hilezkortasun sentsazio moduko bat. Gaztea naizela eta niri ezin zaidala deus gertatu uste nuen. Orain, aldiz, heriotzak ez duela adinik ikusten duzu, eta hasten zara pentsatzen bizi behar duzula, ez duzula biharko utzi behar gaur egin dezakezuna. Heriotza inguruan, gertu, ez badugu izan, iruditzen zaigu 90 urtera arte bizi behar dugula edota inoiz ez garela hilko”

Nortasuna. Ainhoa Arburua

Etxalarren sortua (1971-08-28), Beran bizi da. Psikoterapeuta da Irache Tanatorio Taldeak sustatutako Senda Fundazioan (www.sendafun.org). Heriotzak pertsonei sortzen dien oinazea gainditzen laguntzea da bere eguneroko lana. Hemen baino lehen, 2003tik 2009ra arte, gaitz psikologikoak dituzten gaixoekin aritu zen lanean ANASAPSen, Osasun Mentalerako Nafarroako Elkartean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


2023-12-18 | ARGIA
Gehiago Gara ekimena sortu da, "haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez" lantzeko jarrera zabaltzeko

“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]


Eguneraketa berriak daude