Transgenikoek kantzerra dakartela demostratu dute

  • Fukushiman atomoarekin gertatu bezala, transgenikoen komertzioan bonba lehertu da Frantzian. Denbora kontua baino ez da gure artera iristea eztandaren eraginak. Bat, Genetikoki Eraldatutako Organismoek (GEO) osasuna kaltetzen dutela demostratu da. Bi, eztabaidan ikusi da multinazionalen kontrolik eza zein beldurgarria den.

Tumorea duten hiru arratoi
Tumorea duten hiru arratoi

Zerbait jakin da euskal herrian ere, Frantziako zientzialari batzuek demostratu dutela GEOek minbizia eragiten dutela. Laster jaurti diete gorotza gainera, ikerlari ez fidatzekoak, sagu bereziak, fundamentuzko prozedurarik ez. “Azken finean batzuek diote gauza bat, besteek bestea, ezer garbirik ez”.

Horrelako kontsolamenduen aldekoa izan behar du Eusko Jaurlaritzan osasun sailburu den Rafael Bengoak, emakumeen bularreko minbizian euskotarrak zein aitzinamendu handiak egin dituzten goraipatzean berotu eta esan duenean: “Este es un buen momento para tener un cáncer de mama, y mejor en Euskadi que en el resto del Estado porque es evidente que podemos intervenir más y mejor”. Halako pagotxarekin, zertarako kezkatu kantzerren jatorriez?

Bengoa jauna horrela mintzo zen egun berean TF5 telebista publiko frantsesak erreportaje zabala eskaini zuen arratoi emeei titietako kantzerra eragiten dien zerbaitez: OGM, vers une alerte mondiale (GEO, mundu mailako emergentzia, libreki euskaratuta). Gaia: Gilles-Eric Seralini buru duen taldeak Monsantoren arto transgenikoaren toxikotasunaz egindako ikerlanaren xehetasunak.

Hilabete luzez Clément Fonquernie eta François Le Bayon kazetariek jarraitu eta filmatu dute Seralini eta bere taldeak Criigen elkarteak eta Charles Léopold Mayer fundazioek babestu eta hein batean Carrefour bezalako banaketa korporazioek  –antza, behi eroen eskandaluarekin eskarmentua harturik– finantzatzen lagundutako ikerlana.

Transgenikoen, kimikaren eta hazien multinazionalen beldurrez,  isilpe zorrotzean aritu dira ikerlariak. Hazia berme osoz eskuratzea, arratoientzako janari bihurtzea, zertifikazioak, ekipoa osatzea, isilpean aritu beharra... hor bada gaia beste film baterako, thrillerra seguru.

2009an abiatuta, 2011ko abenduaren 16an aurkeztu zituzten lehen emaitzak, Criigen elkartearen Parisko egoitzan, ateak itxirik. Ikerlan bikoitza, Monsantoren NK603 arto transgenikoaren eta konpainia beraren Roundup Ready pestizidaren eraginak behatu dituzte laborategiko arratoietan, erakutsiz baietz, minbizi kopurua nabarmen handitzen dutela, batak bakarka, besteak eta biek elkarrekin.

Lehenagoko ikerlan guztiak industrialek berek emandako informazio hutsez egin direla salatu du Corine Lepage ingurumen ministro ohiak. Multinazionalek, pixkanaka azaldu diren dokumentuek erakutsi dutenez, bazekiten pestizidek bezala transgenikoek kalteak eragiten zituztela, baina hauek estatistikoki txikiak zirela sinetsi egin behar zitzaien, industriako sekretu ditxosozkoan babestuta xehetasunik emateari uko egin diotelako beti.

Bitxikeria bat: Europar Batasunak multinazionalei funtsean ez die eskatzen GEO landare bat beste arrunt baten berdina dela azaltzea baizik, ez zaie eskatzen produktu kimikoen zorroztasunez testatzea haien osasunaren garapena.

Seraliniren ikerlana alde askotatik da berria: bi urteko ikerlana da eta ez hilabete bakan batzuetakoa, arratoi kopuru handi batekin burutu da, parametro asko –odola, pixa, organoak eta abar– aztertuz, tartean orain arte ukitu gabe zeuden hormonalak.

Moratoria GEOentzat

Lau modutan elikatu dituzte arratoiak: bat, ohiko elikagai ez-GEO kutsatugabez; bi, aurrekoak bezala baina edarian Roundup pestizida erantsita; hiru, pestizidarik gabeko GEOz, eta lau, Roundupez tratatutako GEO artoz.

GEO artoa hautatu da Europan gehien ereiten delako eta Roundupa transgenikoen hiru laurdenak pestizida hori toleratzeko sortu direlako.  Zenbat Roundup? Hiru dosi ezberdinetan: batetik, nekazaritzan darabilten inguruetan herritarrek iturriko uretan hartzen dutena, bigarren landareak jasoko duena adina, eta azkenik Roundupa darabilen nekazariak jasoko duenaren erdia.

Emaitzetan, lehen ondorioa hilkortasun tasak erakusten du: GEOz elikatutako arratoi emeen artean %600 gehiago dira hilak. Ez dago estatistikan aditua izan beharrik ulertzeko.

Kontua da hilkortasun tasak 3 hilabetetik aurrera hasten direla nabarmentzen ikerlan honetan. Kasualitatez bezala, multinazionalek Europako agintariei erakusten dizkieten ikerlanetan arratoiak gehienez hiru hilabeteraino aztertzen dira.

Seraliniren ekipoak arratoiei mundualdia osatzea baimendu die, ikerlanak funtsa izan zezan, eta hil ahala disekzionatuz aztertu du 200 animalietako bakoitza. Hilabeteak aurrera joatearekin, GEOz elikatutakoetan tumoreak ugarituz doaz. Gero eta handiagoak, animaliaren pisuaren laurdena adinakoak batzuetan. Ikaragarrizko kozkorrak.

Tumoreak emeetan %94 titietakoak dira; arretan giltzurrun, urdail, heste eta abarretakoak, baina hauetan ere badira titietakoak, Seralinik dioenez “nahikoa gauza bitxia eta adierazten diguna hor badela hormonen arazoren bat”. 

Aldiz, eraginak ez dira irentsitako dosiaren araberakoak, eta hau ere aurkikuntza bat da. Arratoien bizia aurrera joan arau, dosi txikienetatik  handiagoetara tumore arazoak ez dira proportzioan handitzen, eta alderantziz: “Agian honek erakusten digu dosi txikienak saturatu duela sistema”, argitu du Seralinik.

Esperimentuak, hala ere, ezusteko berezi bat azaleratu du. GEO artoa kontsumitzeak kalteren bat eragitekotan toleratutako pestizidagatik izatea espero baldin bazitekeen, ikerlanak proposatu du transgenesiak berak ere ondorioak dituela, landarearen genoman esku hartzeak dakartzala kalteak sortzaileek aurreikusi gabeak.

Seralinik aurkitu du transgenikoz elikatze hutsagatik arratoiak, eta batik bat emeak, azkarrago hil direla. Zergatik eta nola eragin du landare baten gene bat aldatu izanak hura irentsi duen abere baten organismoan tumorea edo bestelako gaixotasunak sortzea? Lan handia egin beharko da prozesuak ulertzeko, geneek bizitzaren mekanikan darabilten jarduera oso hein txikian ezagutzen baita oraindik.

Europan gaur arto eta patata transgeniko bana baizik ez daude legeztatuta nekazaritzan. Aldiz, mundu osotik Europak 27 milioi tona GEO soja dakar aziendak bazkatzeko. Askoz handiagoa da  mundu osotik helduta elikagaietan europarrek ahoratzen duten GEO kopurua. Seraliniren eskaria garbia da eta bikoitza. Bat, moratoria GEOentzat. Bi, ikerketa serio eta independenteak GEOen gisako edozer legeztatu aurretik. Prekauzio printzipioa aplikatzea baizik. Baina zuhurtasuna eta gardentasuna eskatzea iraultzailea dirudi gaur.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transgenikoak
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude