Apokalipsi nuklearra abiatuko zuten hitzak prest zeuzkan Kennedyk

  • Mundua hondamenditik uste baino gertuago egon zela erakusten dute Kubako Misilen Krisiaren 50. urteurrenean argitaratu diren dokumentuek. John Fitzgerald Kennedyk prest zeukan irlaren inbasioa iragartzeko diskurtsoa, bere anaiaren artxiboko materialen arabera.

Mende erdi igarota egin dituzte publiko dokumentuak.
Mende erdi igarota egin dituzte publiko dokumentuak.

“Herrikideok, bihotza estuturik, eta egin nuen zina betetzeko beharrez agindu ditut Kubako lurrean pilatutako arma nuklearrak suntsitzeko operazio militarrak, arma konbentzionalak bakarrik erabiliz –eta Estatu Batuetako Aire Armadak agindua bete du–” John Fitzgerald Kenne­dyk inoiz irakurri ez zituen hitzak dira. Kubaren erabateko inbasioa iragartzeko diskurtsoa prest zeukan AEBetako presidenteak 1962ko urrian, Misilen Krisiaren 50. urteurrenarekin bat eginez publiko egin diren dokumentuek erakusten dutenez.

Robert Kennedyren artxiboetako edukiak dira publiko egin direnak. Horien arabera, lerro gorri zehatza jarri zuen John F. Kennedyk inbasioa agindu aurretik: krisiak iraun zuen 13 egunetan misil nuklear gehiago zeramatzaten ontzi sobietarrak Kubara iristen badira, eraso.

Horrelako erabaki bat III. Mundu Gerraren hasiera izango zela idatzi du Graham Allison Harvardeko irakasleak Christian Science Monitor astekarian. “AEBek aire-erasoa hasi eta Kuba inbaditu izan balute –dio Allisonek–, agintzen ari zen komandante sobietarrak ia segurtasun osoz 100 arma nuklear taktikorekin erantzungo zukeen –eta JFK-k ez zekien irlan arma nuklear taktiko horiek bazeudenik ere–. AEBak erantzutera behartuta sentituko ziren, apokalipsi nuklearra piztuz”.

Krisia konpondu zen, akordio publikoak eta ultimatum pribatuak uztartu zituen sokatira diplomatikoaren bidez. “13 egun horietatik zenbat eta urrutirago, orduan eta zailagoa da jende askorentzat sinestea Kubako edo Turkiako misilen inguruko liskar batek AEBak eta Sobiet Batasuna gerra nuklearrera bultza zitzakeela” Allisonen ustez. Baina Robert Kennedyren paperek erakusten dute zergatik bat egiten duten historialari askok, egun haiek “historian izan den unerik arriskutsuena” gisa deskribatzerako orduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude