Bikain moldatzen den bikotea da izuak eta algarak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean osatzen dutena, eta bereizgarri horri eutsi dio Josemi Beltranek, iaztik jaialdiaren zuzendari –eta Jose Luis Rebordinosen oinordeko–. Aurten ere, urriaren 27tik aurrera, armiarma-sarez eta eskeletoz atonduko dituzte Donostiako Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia, litxarkeriaz eta garagardo katxiz hornituta gerturatuko dira ikusleak, pelikulak iraun bitartean publikoaren garrasiek, komentario umoretsuek eta trufek berotuko dute giroa, mozorroa janztera ausartuko denik izango da, edo katana bizkarrean daraman samurai zale porrokaturen bat, edo aurpegia margotuta paseatzera aterako den koadrilaren bat.
Osotasunean, dibertsioa gailentzen zaio eskainitako filmen kalitateari, eta denetik aurkitu ohi dugu egitarauan, ona eta kaskarragoa. Guztien gogoa asebetetze aldera, nagusiki hiru motatako lanak proiektatzen dira zinemaldian: thriller kutsuko beldur psikologikoarekin jolasten duten istorioak, erraiak eta gorea maiteago dituen terrore efektista, eta izua baino gehiago barregura sortzen duten pelikula ero eta harrigarriak. Edizio honi ez zaio ezer falta: baditu zonbiak, jakina (Cockneys vs Zombies); baditu piztia nazkagarriak, noski, tartean txipiroi erraldoiak eta hiltzeko makina bihurturiko hegalabur pusketak (Dead Sushi; Grabbers); baditu esperimentu susmagarriak, gaixotasun arraroak eta hildakoak, hiltzeko moduak, heriotza sailkaezinak (Sinister; The ABCs of Death; Deranged; Insensibles); eta nola ez, badu anime japoniarra (Blood-C. The Last Dark). Parte hartuko duten zuzendari ugarik eskarmentua dute generoan, tartean Scott Derrickson, Ti West, Xavier Gens eta Noboru Iguchi zinegileek. Srdjan Spasojevic-en lan bat ere izango da; duela bi urte haren A serbian film pelikula aurkeztu nahi izan zuten jaialdi honetan, baina film esplizitua izanik, “sexu askatasunaren aurkako deliturik” ote zegoen ikertzeko proiekzioa debekatu zuen Donostiako epaitegi batek, prebentzioaren izenean. Zinema zentsuratzeko plazer ezkutuak bizi-bizi dirauela erakutsi digute berriki, ez ahal da ostera halakorik gertatuko.
Nostalgikoen gozamenerako, Steven Spielbergen Marrazoa eta E.T. Estralurtarra, David Bowie aktore duen Labyrinth, edota Bill Murray eta gainerako mamu-harrapari xelebreen Ghost Busters gogoangarria ikusi ahal izango ditugu berriz pantaila handian.
Eta zine aretoetatik at, Drakula kondeari buruzko erakusketa Okendon, banpiro bihurtzeko makillaje eta mozorro tailerra –eta segidan poteoa Alde Zaharrean–, lehiaketa, ginkana… Aspertzeko betarik ez: festa eta ikara, elkarren eskutik astebetez.