Teknikariak, langileak, liderrak... mahai bueltan

  • Aurten hamabost urte bete ditu Emunek, Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibak. Urriaren hasieran, urteotan euskara plangintzetan murgildu diren enpresetako teknikari eta langileak batzeko Euskara lanean bidea egiten jardunaldiak antolatu ditu.
     

Tailerrak egiten dituzten jardunaldietan
Tailerrak egiten dituzten jardunaldietan

Krisia krisi, euskara planentzako aukerak sortzen jarraitu behar dela nabarmendu dute. Enpresek, desberdinak izan arren, antzeko prozesuak bizi dituztenez, elkarren berri eduki eta esperientziak elkartrukatzea izan da jardunaldien helburu nagusia. Emunek komunitate bat sortu gura du, euskara planak garatzeko lanean dabiltzan pertsonak hainbat gunetan elkartzeko.

“Enpresa batzuentzat sinestea bera da erronka, eta sinetsi dutenentzat, lortzea”, esan du jardunaldi hasierako bideoan ageri den protagonistetako batek. Euskara planagaz hasitakoan, itzulpenak, euskarazko errotuluak... aurrerapauso eta arrakastak nahiko erraz ikusten direla aipatu dute parte hartzaileek. Geroago batzarrak euskaraz egiteko ahaleginak etorriko dira, erabilera formala itzulpen hutsetik egindako dokumentaziotik harago joatea, langileen arteko harremanetan eragitea... eta sinetsitakoa lortzea izango da erronka.

Enpresetan egindako bideen berri eman eta esperientzia trukaketa egiteko lau tailerretan banatu dira parte hartzaileak.

“Lan munduak euskaldundu nau”

Inguruko pertsonen ohiturek gugan duten eraginaren seinale da Jabi Santosen esperientzia. Bere bizipena kontatu du IkasTari, ezagutzatik erabilerarako hainbat bide tailerrean. Euskara ikasteko gogoa bazeukan lehenagotik, baina bere lanean –Mondragon kooperatiban, Aretxabaletako Otalora enpresan egiten du lan,– euskara behar zuela sentitzeak bultzatu zuen euskaltegirako pausoa ematera. Euskararen ezagutzan eragina daukate norbanakoaren motibazioak, taldearen eraginak eta erakundeko zuzendaritzak. Hiru arlo horietako esperientziak entzun dituzte.

Euskal hiztunak elkarrizketa elebidunak edukitzeko prestatzea garrantzitsua dela ondorioztatu dute, eta ez dakitenek edo gutxi dakitela pentsatzen dugun lankideek zenbat dakiten neurtu behar dela; “sorpresa handiak hartu daitezke”. Euskaldun zaharrek euskararako ohitura edukitzea eta euskaldun berriekin pazientzia edukitzea beharrezkoak izango dira. Zuzendaritzak gutxieneko ezagutza eta inplikazioa edukitzea ere bai, ezagutza bultzatzeko formazio planak eta euskara eskola bereziak sortzeko orduan, esaterako.

Motibazioa, ardura nagusia

Jabi Santosek euskara ikasi eta euskaraz berba egiteko motibazioa zeukan, baina zelan piztu daiteke gogo hori? Motibazioaren indarrari buruzko tailerrean gai hori landu dute. Enpresetako euskara batzordeek hainbat kanpaina, berripaper, irteera... egiten dituzte kontzientzia sortzeko. Bizkaiko Markina-Xemeingo Eika kooperatiban, esaterako, ekaineko egun baten Euskararen Eguna ospatzeko ohitura hartu dute. Jai eguna izaten da, eta irteerak, bazkariak, jokoak... egiten dituzte. Azken urteetan eskualdeko beste kooperatiba batzuetako langileak ere batu dira egun horretara. Horrelako ekitaldiak batzuetan beste batzuetan baino hobeto irteten dira.

Euskara batzordeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu, eta horiek komunikatzea beti ez dela erraza esaten diote. Berripaperetan, adibidez, euskara batzordeen berriez gainera, elkarrizketak eta departamentuetako berriak idazten dituzte, eta hainbat langilek parte hartu ahal dute. Batzuek gustura irakurtzen dituzte, eta euskara batzordera berripaperaren bidez gerturatu dira. Beste batzuek ez diete kasu handirik egiten. Berripaperaz gainera, Internet ere baliatzen dute komunikaziorako. Koordinazio batzarretan ere bere lekua eduki behar duela hausnartu dute; “euskara batzordeko komunikazioa beste gaien komunikazioagaz uztartzeko premia dago. Zeharkako lerroa izan behar da euskara”.

Eremu informaletik formalera

Motibazioari buruzko tailerretan TELP (Taller d'espai lingüístic personal) ikastaroak ere landu dituzte. Hizkuntzarekiko autoestimua lantzen da ikastaro horietan, eta autoestimu hori izan da Ari eta ibili erabilerari buruzko tailerrean faltan bota dutena: “Batzuek eremu informalerako bai, baina laneko kontuak euskaraz komunikatu ezin dituztela sentitzen dute”.

Tailerrean euskara dakitenek euren artean gehiago erabiltzea lortu behar dela nabarmendu dute. Osakidetzako langile batek, adibidez, argi dauka langileek euren artean euskaraz berba egiteko ohitura edukiko balute zerbitzua euskaraz eskaintzea errazagoa izango litzatekeela. Eremu formaletan, idatzizkoan sarritan euskara zerbitzuak egindako itzulpenak baino ez direla egoten adierazi dute. Batzarretan euskara lehen ez zuen presentzia lortzen dabilela konpartitu dute batzuek; beste batzuen kasuan hori urrun ikusten dute.
Sustrai eta adardun zuhaitza

Enpresa eta erakundeek euskaraz funtzionatzeko bidean beharrezkoak dira egitura bat eta protagonista batzuk: euskara batzordeak, teknikariak, zuzendaritza, tokiko liderrak... Horien guztien egitekoa aztertu dute Sustraietatik adarretara: plana enpresan erakundetzen tailerrean. Egiturako atal bakoitzeko testigantzak entzun dituzte eta euskara batzordeen rola indartzearen premiaz berba egin dute. Tokiko liderren egitekoan ere sakondu dute; ez dira batzordeko kideak, eta ez daude enpresaren egituran, baina euskararen aldeko jarrera erakusten dute enpresan, eta jendearengana iritsi eta eragin dezakeen jendea da.

Enpresen kudeaketan, nazioarteratze prozesuak eta merkatuen logikak euskara bigarren planoan uzten du sarritan. Beste hizkuntzekin elkarbizitzan egongo da, eta enpresako zuzendaritzak konpromisoa hartu beharko du enpresako arlo guztietan hizkuntza irizpideak errespetatzeko. Azterketek diote eremu formalean gorantz doala euskararen erabilera, baina informalagoetan eusteko tendentzia daukala. Eskailerak behetik gora garbitzen ez direnez, administrazioen eta zuzendaritzen inplikazioa beharrezkoa izango da, lankideen harremanak ahaztu barik. Jardunaldian esan dutenez, berba eginda, hausnartuta, kontzientzia hartzen da, eta koherenteago jokatzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude