argia.eus
INPRIMATU
Erregaia itsasoko uretatik lortzeko bideak aztertzen
Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko urriaren 24a

AEBetako Itsas Armadak askotan itsaso zabalean hornitu behar izaten ditu bere ontziak erregaiz. Maniobra konplexuak izaten dira horiek, eta eguraldiaren zein itsasoaren baldintzen arabera zailtasunez beterikoak. Hori dela eta, denbora daramate hidrogenoa lortzeko saiakera egiten.


Helburu horrekin, azidifikazio elektrokimikoko zelulak sortzen eta probatzen ari dira. Zelula horien bidez, itsasoko uretatik karbono dioxidoa eskuratzen dute lehenbizi; ondoren, CO2 hori transformatu eta hidrogeno molekularra (H2)askatzen dute, eta azkenik hidrogeno hori karbono dioxidoarekin birnahasten dute, hidrokarburoak lortzeko. Azken hori erregai gisa erabili daiteke. Prozesu horren bidez erregai tradizionala lortuko litzateke, hau da, bere errekuntzak karbono dioxidoa askatuko luke.