argia.eus
INPRIMATU
27 ahots, ozen mintzatzeko gogoz
  • Miel A. Elustondo: Zozoen Elean

    Utriusque Vasconiae, 2012.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2012ko urriaren 17a
Outsider eta killertzat du bere burua Miel A. Elustondok. Beharbada horregatik, agenda publikotik at dagoen jendea hautatzen du elkarrizketatzeko. Aurpegi ezezagunak izan ohi dira, baina ahots indartsuak, esateko eta kontatzeko historia eta bizipen interesgarriak dituzten ahotsak. Profil horretako elkarrizketak bildu ditu Zozoen Elean liburuan ere, Argian bertan, Berria egunkarian eta Administrazioa Euskaraz agerkarian kaleratu dituen solasaldietatik arrantzatuta. Tartean dira Maribi Legarra beiragilea, Argitxu Noblia Seaskaren lehen burua, Inazio Olarreaga diasporako euskalduna, Marikita Tambourin idazle eta irakaslea, Jokin Urain presoa, Gabriela Vieira da Silva agiririk gabeko etorkina, Mohamed Xukri poeta, Eugenie Acordagoitia euskal amerikarra, Javier Arzuaga fraide frantziskotarra, Gabriel Arestiren alargun Meli Esteban, Gonzalo Etxebarria margolaria…

Eta horien guztien hitz-aspertua irakurtzen baino, entzuten ari dela irudituko zaio irakurleari, toki eta une horretan dagoen lekuko isila dela, galdekatuaren haserrealdien, isiluneen, momentu sentiberen eta pozen testigu. Ahozkotasuna molde naturalean islatu baitu idatziz autoreak. Azken finean, euskara eta euskal hiztegiaren baliabideak trebeziaz darabiltza Elustondok, eta elkarrizketetako hizkuntza aberatsa eta bizia irakurlea bereganatzeko amu da sarri.

Utrisque Vasconiae argitaletxeak abiaturiko Solas Literarioak bildumaren lehen alea da Zozoen Elean: guztira, hainbat arlo eta interes biltzen dituztten 27 solasaldi; 15 gizon eta 12 emakume; 27 ahots indartsu, ozen mintzatzeko gogoz.