Antzinaroko grebak eta krisiaren aurkako neurriak


2012ko urriaren 21an

Gizeh-ko piramideak esklaboek eraiki zituztela uste genuen 2010. urtera arte. Baina Egiptoko orduko kultura ministro Farauk Hosni-k langile askeen obra direla jakinarazi zuen orduan. Langile horien lan baldintzak nahiko onak ziren duela 4.500 urte. Lan gogorra zenez, langileak hiru hilabetean behin txandakatzen ziren. Egunero, deltako abeltzainek 21 behi eta 23 ardi bidaltzen zizkieten langileei (10.000 inguru). Horren truke, ez zuten zergarik ordaindu behar, proiektu garrantzitsu batean laguntzen baitzuten.

Historiako lehen greba dokumentatua ere Egipton gertatu zen, K.a. 1158. urtean. Dayr al-Madina 500 biztanleko herrixka zen, XIX. dinastian Erregeen Haraneko hilobiak eraikitzen zituzten langileak biltzeko sortua. Ordura arte, langileen baldintzak ez ziren batere txarrak: hilero lau saski gari, ogia, gailetak, 15 litro garagardo eta etxerako hainbat tresna jasotzen zituzten. Ramses III.aren erregealdiko urte hartan, langileek protesta egin zuten 25 egun lehenago jaso beharreko soldataren zantzurik ez zutelako. Garia bi egun geroago iritsi zen. Baina handik hiru hilabetera,  mobilizazioak berriro hasi ziren: lana uztea erabaki zuten eta itxialdia hasi zuten Ramses II.aren tenpluan. Astebete iraun zuen, greba hasi eta zazpi egunera langileek berriro jakiak jaso baitzituzten. XX. dinastia osoan zehar grebak bata bestearen ondotik egin ziren, faraoien sistema krisi ekonomikoan murgilduta baitzegoen. Ramses III.a izan zen azken faraoi handia. Handik aurrera egiptoar zibilizazioaren gainbehera etorri zen.

Dioklezianoren garaian Erromatar Inperioak ere gainbehera ez zuen urrun. 301. urtean enperadoreak gutxieneko soldatak eta gehienezko prezioak ezartzen zituen ediktua promulgatu zuen, monetaren egonkortasuna bultzatzeko eta krisialdi ekonomiko larria leuntzeko. Ediktua betetzea derrigorrezkoa zen, eta gehienezko prezioak gainditzen zituztenei, esaterako, gari modioa (8,75 Kg.) 100 denariotik gorako prezioan edo haragi libra 8 denario baino gehiagotan saltzen zutenei, heriotza zigorra ezartzen zitzaien.

Dioklezianok finkatutako soldaten arabera, nekazariek, mandazainek eta estolda garbitzaileek eguneko 25 denario jasoko zituzten, arotzek, igeltseroek eta okinek 50, maila ertaineko legionarioek urteko 15.400 denario jasoko zituzten eta pretoriar guardiako kideek 19.000 (eguneko 40 eta 50 denario baino gehixeago, hurrenez hurren).

Antzinaroan langileen baldintzak uste baino hobeak zirela erakusten du honek guztiak. Baina bidegabekeriak ere baziren: antzinako Erroman, egungo puntako kirolariekin gertatzen den moduan, gladiadore askeek irakasleen urte osoko soldata jaso ohi zuten garaipen entzutetsu bakar baten truke, eta Caio Puleio Diokles aurigak 35 milioi sestertzio irabazi zituen karrera osoan (sestertzio bat = lau denario). Gainera, datu hauek guztiak langile askeei dagozkie eta Antzinaroan ekoizpena esklaboen lanaren eskutan zegoen hein handi batean.


ASTEKARIA
2012ko urriaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egiptologia
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Wasabia papiroak garbitzeko

Kairoko Egiptoar Museoko Kontserbazio Zentroko ikerlariek egiaztatu berri dute Eutrema japonicum edo Cochlearia wasabi izeneko errefaua egokia eta eraginkorra dela papiroak garbitu eta kontserbatzeko. Hau da, nagusiki japoniar sukaldaritzan erabiltzen den wasabia baliatu dute,... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Eternitatearen usaina

Antzinako Egipton, momifikazio prozesuan, zenbait organo ontzi kanopotan sartzen zituzten, eta hainbat substantziaz osatutako baltsamoak erabiltzen zituzten horiek kontserbatzeko.


Gela Berdeko hegaztiak

Duela 3.300 urte inguru, Meritaton printzesa, Akhenaton faraoiaren eta Nefertitiren alaba zaharrena, Tell al-Amarnako Iparraldeko jauregian bizi izan zen.


Eguneraketa berriak daude