argia.eus
INPRIMATU
Dramaturgia

Ixiar Rozas 2012ko urriaren 09a

Gerizpean hainbat gauza hartzen dituen hitza, hitz-aterkia. Dramaturgiaz hitz egiten dugunean ez dugu soilik eszenara mugatu behar. Jakina da dantzan, zinean eta, tamalez, ezerezaren menera dauden ikuskizun handien dramaturgoa ere egon badagoela. Ez al dago finean dramaturgia bat argiarentzat, soinuarentzat, zaratentzat, lengoaiarentzat, gorputzentzat? Irakurri jarraian doan galdera zentzu zabalean, ez hitzez hitz hartuta. Ez al da dramaturgia elkarrekin lanean dihardutenen arteko solasaldi luzea? Gauzak harremanetan jartzea da, harremanez dihardu dramaturgiak, afektuez, elkarri eragiten dieten ekosistemez. Gizartearen harreman, kultura, politika eta ekonomia ekosistema iraultzeko dramaturgiak abiarazi.

Dramak ekintza esan nahi du, egin eta egin zentzu zabalean ulertzen badugu ekintzaren bidez egiteke dagoen guztira luza dezakegu hitza. Ez zaitez hain dramatikoa jarri, esan zion lagun batek besteari, bihar bueltatuko dizute lantokian moztu dizuten lepoa. Hitzek ere, lengoaiaren sistemak berak bezalaxe, gauzak hankaz gora eta lepo jartzeko betebehar dramatikoa, dramaturgikoa, dute.