Gobernuek, politikariek eta euren terminal mediatikoek, salbuespen batzuk kenduta, uste dute herritarrak itsuak, gorrak eta tuntunak garela. Joan den astean berriz erakutsi dute hori, Espainiako Kongresuaren aurrean Madrilen egin diren kontzentrazioen harira. Murrizketen eta politika kapitalisten kontra bildu dira, Gobernuaren dimisioa eskatzeko, politika alternatiboak eta solidarioak exijitzeko. Esaten dute Kongresua herriaren burujabetzaren etxea dela, ukiezina dela eta herritarrek ezin dutela okupatu, ezta inguruetan manifestatu ere. Saihestu behar omen da diputatuenganako presioa. Horretarako, Espainiako Gobernuak Parlamentua inguratu zuen 1.300 poliziarekin; armak, txakurrak eta zaldiak erabili zituzten herritarrei oldartzeko, eta zauritu eta atxilotu ugari izan ziren.
A zer zinismoa presioaz eta askatasunaz hitz egitea. Kongresu hau, ia beste guztiak bezala, “merkatuek” eta espekulatzaileek zelatatzen dute (banku handiek, pentsio eta inbertsio funtsek, multinazionalek…). Hori da egiazko presio ikusezina, ez baitute fisikoki Parlamentua inguratzen, baina bai etengabe. Eta ondoko izenak dituzte: Alemaniako eta Frantziako banku handiak, EBZ, NDF, Merkel, Botin, Gonzalez, Galan, Alierta, Rosell… Horiek presionatzen dituzte egunero Rajoy eta bere politikariak, euren interesen zerbitzura gobernatu dezaten. Murrizten segi ditzaten langileen, pentsionisten eta menpekotasuna dutenen eskubide laboralak eta sozialak, baita Espainiako Estatuko nazioen eskubideak ere. Presio ikusezina bai, baina sakona, etengabea eta bortitza!