Katalunian independentziaren aldeko aldarria geroz eta ozenago entzuten den honetan, Legebiltzarra osatzeko azaroaren 25eko hauteskundeek autodeterminazio prozesua nola baldintza dezaketen aztertu du Vilaweb agerkariak.
Kataluniako Parlamentuak autodeterminazioari buruzko galdeketa egiteko mozioa onartu izanak, independentzia-prozesuari bultzada berria eman diola uste du askok, Espainiako Gobernuak adierazi duen arren ez duela zatiketarik onartuko. Prozesuak aurrera egin dezakeen ala ez azaroaren 25eko hauteskundeetan ikusiko da, Vilaweb.cat agerkariak independentziara heltzeko bide-orriari buruzko Com s’arriba independència (Nola heltzen da independentziara) artikuluan (2012-09-28) dioen bezala.
Galdeketaren aldekoek (CiU, ERC, ICV-EUiA, Solidaritat eta Democràcia Catalana) emaitza kaskarrak lortuko balituzte, erreferenduma egiteko aukera gau horretan bertan zapuztuko litzateke. PP eta Ciutadans argi eta garbi azaldu dira galdeketaren aurka. Aldiz, PSCk abstentzioaren aldeko hautua egin zuen pasa den asteko bozketan. Bestalde, galdeketaren aldekoek ozta-ozta irabaziko balute, prozesua apur bat hoztuko litzateke, baina dezenteko abantailarekin irabaziz gero –Vilawebek dio gutxienez 10 puntuko aldea lortu beharko litzatekeela–, galdeketa epe laburrean egingo litzateke. Aurreikuspenen arabera, gaur egungoaren antzeko Parlamentua osatuko da azaroan, eta hori nahikoa litzateke prozesuan aurrera egiteko.
Espainiako Gobernuaren jarrera
Artikuluak nabarmentzen duenez, Espainiako Gobernuarentzat ez da uste bezain erraza izango galdeketa bertan behera uztea, auziak Espainiako mugak gaindituko lituzkeelako. Alegia, Europako gai-ordenean sartuko litzateke, nolabait esatearren, eta hari ateak ixteak nazioartean zalaparta eragingo luke, herritarrek bozkatutako Parlamentu baten ekimena den heinean.
Kataluniako Gobernuaren hiru aukerak
Espainiak ezezkoa emanez gero, Kataluniako Gobernuak hiru aukera izango lituzke. Bat: debekua onartzea –ez dirudi gertatuko litzatekeenik–. Bi: galdeketa baimenik gabe egiten saiatzea. Eta hiru: debekuaren aurrean, Parlamentuan independentzia aldarrikatzea.
Galdeketa egiten saiatuko balitz, emaitzak arazoak ekarriko lizkioke Espainiako Gobernuari. Ezezkoaren aldeko herritar askok ez lukete bozkatuko, baina Europako instituzioek ez lukete onartuko abstentzio guztiak kontrako bozka bezala zenbatzea.
Bestalde, Kataluniak independentzia aldarrikatuko balu, auziak nazioartera salto egingo luke, batez ere Europako estaturen batek onartuko balu. Apurka-apurka geroz eta estatu gehiagok onartuko balute, eztabaida beste maila batean kokatuko litzateke.
Auziak galdera ugari planteatzen ditu, banu, balego eta balitz ugari, baina Vilawebek artikuluaren amaieran dioen bezala, irailaren 11ko Diadaz geroztik prozesuak izugarri azkar egin du aurrerantz.