argia.eus
INPRIMATU
Iragana, oraina eta etorkizuna

GarbiƱe Biurrun Mancisidor 2012ko urriaren 03a

Garai guztiak dira erabakigarriak. Joandakoa, oraingoa eta datorrena. Aurrera egin behar dugu, noski, baina kontua da datorren garaia non oinarritzen den edo nora begira eraikitzen dugun.

Nik ez nuke erantzun bakarra emango. Hartzen dugun ikuspuntuaren arabera izango da. Edota, hobeto esanda, hartzen dugun arloarena.

Esango nuke herritar guztion kezkak eta nahiak, egun, hiru arlotan zehaztu ditzakegula: bakegintza, normalizazio politikoa, lan harremanak eta ongizatea. Ez dut gaur beste esparru soziopolitiko garrantzizkorik ikusten.

Arlo horietan zer balio du iraganak? Guztiz baztertu behar dugu ala guztiz berreskuratu eta sendotu? Zer egiten ari gara?

Krisi ekonomikoa dela eta, lan harremanak eta ongizatea dira bere ondoriorik nabarmenenak. Arlo honetan argi dago atzera pausoak ematen ari garela –direla–, ez dakitela aurrera egiten. Edozein arazo dela eta hartzen diren lehendabiziko neurriak iraganera itzultzeko dira: lan harremanak desregularizatzea, lan baldintzak murriztea, babes sozialak txikiagotzea... Iraganak, beraz, badu balio berezia: etorkizunari begiratu beharrean, joandako garaia aldarrikatzen eta miresten ari dira politikan eta ekonomian agintzen dutenak. Etorkizun eskasa beraz, eta hausnarketarik eza. Ez badugu bide berririk asmatzen, sistema iraultzen, iragana ikuspegi kritikotik irakurtzen eta beste neurririk hartzen, bide honetatik jarraituz gero, hemendik hogei urtetara egoera berberean aurkituko gara eta berriro ere iraganera itzuliko gara, baina, martxa honetan, orduko iragana XIX. mendea izango da.

Normalizazio politikoaren arloan atzera begiratzeak ez digu aurrerapenik ekarriko. Zergatik? Iraganean –eta egun– Espainiarekin izan dugun lotura ez delako inoiz normalizatua izan. Osasun oneko gizarte batean harreman pertsonal, sozial eta politikoak borondatezkoak direlako, noski. Borondaterik gabe ez baitago askatasunik. Eta askatasunik gabe ez dagoelako sendotasunik. Noiz arte iragana izango da ispilu? Noiz arte iragana izango da harresi gaindiezina etorkizunarentzat?

Zergatik ezin da etorkizun berri bat eraiki, herritarron borondate askean oinarrituta? Nik apustu hori egiten dut; ez diot inori kalterik egiten eta inoiz egin ez didaten oinarrizko galderari erantzun egin nahi diot. Zein dira horren aurka azalduko diren “arrazoiak”? Zein oztopoak? Orain arte entzundakoak araudia aldarrikatzen du eta, beraz, iragan tristea eta iluna.

Bakegintzak, aldiz, iragana behar beharrezkoa du. Zergatik? Gure sufrimendua, gure jendea eta gure sentimenduak bertan daudelako. Eta gure jarduera politikoa ere bai. Norberarena. Nola eraiki talde sozial aske eta osasuntsua jasan dugun sufrimendua ahaztuz? Nola egin aurrera gertatu den guztia aztertu eta arbuiatu gabe? Nola eta zergatik onartu beharko genuke pairatu dugun mina hainbat helburu politikoak lortzeko zilegia zela entzun izana?

Denona da iragana, bai, eta denok eraman beharko dugu zama hau. Baina ezingo dugu karga hau bidean baztertu, nahiz eta horrela “erosoago” egin dezakegun aurrera. Ni prest nago motxila hori gainean eramaten jarraitzeko, baina jende gehiago bagara, denok bagara eta lepo berriak badaude, zama arinagoa izango da, eta bere banaketa, justuagoa. Honela, seguruenik, batzuek zamarik gabe egin ahal izango dute aurrera, nahiz eta bihotza oraindik negar batean eduki.