Fracking

Pruden Arabako herri txiki batean jaio zen duela 68 urte. Bizitza gehiena Gasteizen eman badu ere, erretiratutakoan herrira itzuli eta han bizi da, baratza, facebook eta kartetako lagunen artean. Hirian utzi ditu Koldo, seme zintzoa, eta Koldoren seme-alabak, Aimar eta Maider.
  

Koldo kazetaritzan ibili da urtetan, baina orain, komunikabide askotan lagunak eta adiskideak dituela, komunikazio-aholkularitzan eta harreman publikoetan izen handi samar bilakatu da. Duela urtebete sekulako kontratua lortu du erregaien ustiaketa eta zundaketa lanak egiten dituen enpresa batekin. Hasieran enpresa honen komunikazio-beharrak asetzea ez da zaila izan:  inork ez zuen ezer argitaratzen. Baina orain zalaparta hasi da, eta gero eta nekezagoa da lankide izandakoei  albisterik ez dagoela buruan sartzea.

Koldo seme zintzoa da. Ama jubilatu zenetik ia astebururo joaten da bisitan, amama eta ilobak elkarrekin egon daitezen, eta ondo dagoelako hiriko umeek lurra, baserria eta mendia sentitzea. Larunbatero bezala, irailaren 22an ere, baserrian elkartu dira amamak prestatutako bazkariaren aitzakiarekin egun-pasa egitera.

Bazkaltzen hasi orduko hasi da dena okertzen.  “Gaur frackingaren aurkako nazioarteko eguna da”, bota du Prudenek, ustekabean. Eta Koldoren txistua loditzen hasi da. Maider neska galdetsua da. “Zer da frackinga, amama?”. Koldok ahoa zabaldu baino lehenago, azkar eta gelditu gabe erantzun du Aimarrek:  arbel-gasa dagoela herriko lurzoru guztien azpi-azpian, eta handik ateratzeko lur azpiko harriak apurtu behar dituztela, eta hausteko ura eta sustantzia kimikoak sartuko dituztela. Horregatik deitzen dela haustura hidraulikoa edo frackinga.

Koldo mingaina eta sabaia desitsatsi saiatzen den bitartean, Maider berba-lapikoak hartu du hitza: zenbat litro beharko litzatekeen harkaitza hausteko, eta aurten egon den lehortearekin, ea nondik ekarriko duten horrenbeste ur, eta ea gero zer egingo duten ur kutsatuarekin eta gasarekin, eta ura eta gasa nola garraiatuko duten, herrira doan errepidea hain estua bada...

“Hori diot nik, hori...” laburbildu du Prudenek.

“Zer da garrantzitsuagoa, aita, ura ala gasa?”. Komunera joan behar duela iragarri du Koldok. Atera denean, amama eta ilobak prest daude herrian emango den hitzaldira joateko. Frackingaren aurka. “Urriaren 6an zuenean bazkalduko dugu, eta bazkalostean manifestaziora!” amaitu du amama Prudenek.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude