Lerro hauek idazteko unean, Artikoko izotzaren urtzeak gailur historikoa jo duela izan da hizpide berriki. Are berrikiago, mende hau amaitu gabe Australiako biodibertsitatearenak egingo duela entzun edota irakurri dugu. Kezkatzen gaitu, bai, klima aldaketak, baina ez behar adina, ondoko orrialdeetan aurkituko dituzuen zenbait iritziren arabera. Ez gizabanako modura, ezta gizarte modura ere. Haren existentziaz (batik bat), jatorri antropogenikoaz (gutxixeago) eta larritasunaz oso kontsentsu zientifiko zabala badago ere, ez gara gai irtenbideak adosteko, edo adostekotan, praktikara eramateko. Borroka horretan sortu diren bitarteko batzuen egokitasunaz iritzi kontrajarriak daude, baita klima aldaketak ekar ditzakeen, barka, ekarriko dituen kalteen intentsitateaz eta nolakotasunaz ere, ia denak bat etorri arren ez direla txikiak izango. Adostasuna dago, hori bai, atzeraezintasunaz. Klima aldaketa jasango dugu eta izan ere jasaten ari gara dagoeneko. Eragina norainokoa izango den da auzia, auzietako bat bederen. Gure esku dago neurriak hartzea, arazoa gure eskuaren eraginez sortu den modu berean. Eta ez gara meteorologia hutsaz ari; klima aldaketaren inguruko eztabaidak gizarte ereduari, eredu ekonomiari eta gure bizimoduari buruzko eztabaidarekin lotura estua dauka.