Euskarabildua jardunaldiak

Sare euskalduna josten, ikus gaitzaten

  • Mundu globalean eta teknologia berrien itsaso zabalean, euskarak eta hizkuntza gutxituek badaukate lekua, eta badabiltza lekua egiten. Arlo horretako egitasmo interesgarri batzuen berri emango da Euskararen erabilera soziala nola zabaldu teknologia berriak erabiliz jardunaldian, urriaren 19an. Argiak, Iametzak (Argiaren taldeko komunikazio enpresa teknologikoa) eta Ametzagaiñak antolatu dute jardunaldia.

Amaia Ugalde
2012ko irailaren 30a
Egoitz Goikoetxea.
Egoitz Goikoetxea.

Teknologia berrietan euskararen erabilera eta ikusgarritasuna bultzatzeko ahaleginak izango dira jardunaldiaren oinarria. Ikuspegi praktikoa eskaini guran sortu dituzte jardunaldiak, egitasmoak erakusteko asmoagaz. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Europa mailako ikuspegia duten pertsonen hitzaldiak izango dira jardunaldiaren muina.

Etxetik hasita, Argiaren esperientziari buruz berba egingo du Lander Arbelaitz argia.eus-eko erredaktoreburuak. Ageri.net egitasmoko Egoitz Goikoetxeak edukiak euskaraz sareratzeak garrantzia daukan era berean, eduki horiek ikustaraztearen inportantziaz jardungo du. Edukiak bilaketen lehen postuetan agertzeko teknikak azalduko ditu, erabiltzaile euskaldunen nahiak Internetez asetzeko.

Herrialde Katalanetako esperientzia baten berri emango du Albert Cuesta kazetari, itzultzaile eta teknologia berrietan adituak. Twitter katalanera itzuli zuteneko kanpaina bultzatu zuen Cuestak, eta bere ikuspegia emango du. Eurolang hizkuntza gutxituen agentziako zuzendari Davyth Hicksek berriz, Europako beste hizkuntza gutxituen egitasmoen eta egoeraren berri emango du.

Tropela, Osasunlingua eta Arbel digitala

Hitzaldiez gainera, Euskal Herrian garatu diren esperientzia praktiko batzuen berri emango dute jardunaldietan: Tropela, Osasunlingua eta Arbel digitalaren proiektuak emango dituzte ezagutzera.

Tropela euskara hutsezko webgunea da eta txirrindularitzari lotutako lehiaketetan oinarritzen da batez ere. Zaletasun horren inguruan, euskaldun ez den jendea batzea ere lortu dute. 

Osasunlingua, Akting enpresak  osasun-laguntzarako sortu duen aplikazio informatikoa da. Hizkuntza bera elkarbanatzen ez duten gaixoek eta medikuek elkar ulertzea da helburua. Osakidetzako barneko sarean ezarri dute eta hamabi hizkuntzetan dago materiala. Materialen artean galdetegi bat dago. Norberak bere hizkuntzan erantzuten ditu galderak, eta medikuek eurek ulertzen duten hizkuntzara itzulita jasotzen dute informazioa.

Bertsotarako arbel digitalaren berri ere emango da jardunaldian. Bertsotan ikasten laguntzeko aplikazioa da, eta IXA taldeko Manex Agirrezabalen proiektua da. Bilatzaile bat, zuzentzaile bat eta silaba kontatzaile bat dauzka. Interfazeak sinonimo bilatzailea ere badauka.

Bilatutakoa aurkitzeko teknikak

Egoitz Goikoetxeak Ageri.net proiektuan egiten du lan, Interneteko ikusgarritasuna errazten duten teknikak aholkatzen.

Euskarazko webguneek Interneten ikusgarritasuna lortzeko lan asko dute egiteko Egoitz Goikoetxearen ustetan: “Webguneak egiten dira, baina ez dituzte egiten jendeak bilatzen duenari zuzenduta”. Lehen intuizioz lantzen zen ikusgarritasuna, baina gaur egun Googlek berak informazio ugari ematen duela nabarmendu du Goikoetxeak.

Googleko bilaketetan leku onean agertzeko bi teknika nagusi daude: bata ordainpekoa da, eta bestea SEO (Search Engine Optimization) egitea, “gure webgunea Google bilatzailearen baldintzetara egokitzea”. Orrialdeen tituluetan hitz gakoak agertzea eta edukiak etiketatzea komeni da Goikoetxearen berbetan: “Googlek webgune bat beste bat baino garrantzitsuagoa dela ikusteko, orri horrek zertaz doan azaltzen duen titulu zehatza eduki behar du. Ez dugu edukiko webgune bat titulu berdinarekin bere orri guztietan”. Webgune horietara heltzeko zenbat eta esteka gehiago eduki, bilaketen zerrendan gorago egongo gara.

Euskaraz SEO eginez gero, bilaketako zerrendan beste euskarazko edukien aurretik ipini ahalko dira, baina erdaretan gai globalen gaineko eduki gehiago daudenez, esteka gehiago eta sailkapen hobea izatea gertatzen da askotan. “Hori gertatu arren horrek ez du esan nahi euskaraz ezin denik SEO egin”.

Bilaketak euskaraz egiteko ohiturari buruz daturik ez dagoela, baina euskaldunak hainbat bilaketa erdaraz egiten dituela sumatzen du Goikoetxeak, “euskaraz bilatzen saiatzen direnean, ez dutelako gura dutena aurkitzen”. Horregatik da garrantzitsua, bere iritziz, euskaraz sortutako webguneek SEOri garrantzia ematea; “bestela euskaldunek ez dute euskaraz bilaketarik egingo”.

Laburbilduz, “edukiak sortzen ditugun momentuan bilaketa egingo duen pertsonaren lekuan ipini eta berak zer bilatuko duen kontuan edukitzea da gakoa”. Gaur egun, Googlek laguntza txiki bat ematen du: “Bilaketa kaxan bertan gomendioak ematen ditu aurreko jendeak egin dituen bilaketetan oinarrituta”.

Sare sozialak katalanera ekartzen

Twitter katalanera itzultzeko kanpaina abiatu zuen Albert Cuesta itzultzaile eta teknologia berrietan adituak. Hilabeteak pasa dira, eta twitterencatala.org zerbitzuaren arabera, irailaren erdialdera 50.000 erabiltzailek eduki dute euren Twitterreko perfila katalanez. Cuestak azaldu duenez, berak espero baino harrera epelagoa izan du: “Kontuan hartu behar da erabiltzaile askok telefono mugikorretik erabiltzen dutela Twitter, eta aplikazio hori itzultzea falta da”. Horrek izan beharko luke hurrengo erronka Cuestaren iritziz: “Itzulpena findu eta mugikorrerako plataforma itzuli behar da”.

Euskarabildua jardunaldian euskarazko Twitterraren itzulpenaren nondik norakoak jakiteko interes handia daukala azaldu du. Teknologia berriak komunitateak indartzeko “itzeleko tresnak” dira itzultzailearen iritziz. Alabaina: “Kaleko erabileran eta kontsumoan duen eragina tentuz jarraitu behar da, esperientziak dioskulako eragin horrek ez duela beti hizkuntzaren kalitate hobea ekartzen”.

Twitter eta hizkuntza gutxitua

Estatuaren babesa ez duten hizkuntzak Twitterren aukeretan jartzea ez da lan erraza izan. Katalanaren kasuan, kanpaina egin eta milaka pertsonek egin zuten bat eskakizunagaz. Barcelona futbol taldeak ere bai. Twitter bera ere, presioa egiteko tresna baliagarria izan daiteke. Alabaina, Albert Cuestak uste du konbentzimenduz baino, nekeagatik eman duela baimena enpresak: “Ziurrenik Bartzelona telefono mugikorraren munduko hiriburu izendatzeak katalanari lagunduko zion. Baina enpresan katalanagaz sentikorrak diren pertsona gutxi daude, eta postu estrategikoetan dauden batzuk horrelako itzulpenen kontra azaldu dira”.

Twitterren itzulpenean lan komunitarioaren garrantzia nabarmendu du Cuestak: “Plataforma digitalek asko errazten dute sakabanatuta dauden kolektiboen antolakuntza, ekintzak koordinatu eta herritarren babesa lortzeko”. Interneteko enpresa asko, ordea, euren estrategiei begira daudela dio: “Herritarren kanpainei entzungor egiten diete, enpresaren estrategiei eragiten badiete”. Cuestaren berbetan, “orain martxan dauden prozesuak beste marko politiko baten amaituko balira, enpresa horiek egoera berriari kasu egin beharko liekete”.

David Hicks: "Sareko garapen bizkorra ikusita, teknologia berrientzako legedi osagarria behar ote dugun pentsatzen hasi behar gara"

Davyth Hicks Eurolang agentziako eta GKEko zuzendaria da.

Zeintzuk dira hizkuntza gutxituen erronkak Interneten eta teknologia berrietan?

Askotan, gure hizkuntzak ez dira “moderno” edo “teknologiko” moduan ikusten, eta horri buelta eman behar diogu. Hizkuntza horientzako oso beharrezkoa da  arlo horretan indarra hartzea. Internetek hizkuntza nagusien erabilera indartzeko joera dauka, batez ere ingelesarena. Horren aurrean, sare sozialetan, adibidez, nahiko ohikoa izaten da hizkuntza gutxituen erabilera, eta proiektu oso interesgarriak daude. Adibidez, Galesko Coderdojo izenekoa, nerabeei galesez idaztera bultzatzeko egitasmoa da. Teknologietan hizkuntza gutxituak gero eta naturalagoak izatea ezinbestekoa da.

Europako hainbat hizkuntza komunitatek euren domeinua eskatu dute. Domeinu horiek hizkuntzen erabilera bultzatu dezaketela uste duzu?

Pentsatzen dut domeinuak edukitzeak gure hizkuntzen ikusgarritasuna hobetuko duela, eta beraz, euren erabilera bultzatzeko tresna badira. Interneten gure “lurraldea” izango genuke dominio horiekin. Estatuen mugez gaindi zabaltzen diren hizkuntzentzako, batez ere, oso erabilgarria da, euskararen eta katalanaren kasuetan adibidez. Domeinuak aukera ematen du mugaz gaindikoak batu eta hizkuntza eta kultura bultzatzeko. .cat domeinuak arrakasta handia eduki du, 50.000 orri baino gehiago daude domeinu horregaz erregistratuta. Bretoiera, euskara, galego eta eskoziera hiztunak kanpainak egiten dabiltza ECLID  (Europako Interneteko Kultura eta Hizkuntza Domeinuak) erakundearen bidez. Kornuallesen [Ingalaterrako eskualdea] kanpaina berri bat ere badago.

Zelan lagundu dezake prozesu horretan Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunak?

Gutuna Europako hizkuntza eskubideentzako erreferentzia da 1990eko hamarkadatik, eta berau aintzat hartuta hizkuntza askok hizkuntz legedi zehatza lortu dute, gaelikoak esaterako. Legearen babesak hizkuntzen plangintzan laguntzen du, hizkuntza gutxituen hazkunde estrategikoan. Sareko garapen bizkorra ikusita, ordea, teknologia berriei dagokien legedi osagarria behar ote dugun pentsatzen hasi behar gara. Horretan gabiltza, eta sarean gauzak azkar aldatzen direla ikusita, guk ere hizkuntza gutxituen plangintzak azkar egin behar ditugu.

Eurolangeko zuzendaria zara. Zeintzuk dira orain arteko lorpenak? Zein erronka daukazue?

Hizkuntza gutxituen gaiak lantzeko berri agentzia ginen hasieran, eta lan esparrua zabaldu dugu; 2009an gobernuz kanpoko erakunde bihurtu ginen. Orain EBLUL Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoa sortu dugu, Europako hainbat elkarte sozialekin bat eginda. Gure arazo nagusia finantzazioa da. Finantzazio egonkorra lortuko bagenu jende gehiagogaz eta intentsitate handiagogaz lan egin ahalko genuke. Beste oinarrizko arazo bat, Europan gure hizkuntzekiko dagoen ezezagutza sinestezina da. Horregatik, Eurolangek Europako Batasunari zuzentarau bat proposatu dio hizkuntza bazterketaren kontra. Bruselan eta Estrasburgon lan handia izango dugu denbora luzez.

Kanal hauetan artxibatua: Euskara  |  Hernani

Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-18 | Bea Salaberri
Hiru kexa denbora gutxian

Hiru kexa bidali nituen oso denbora gutxian. Zehatza izateko lauzpabost hilabete barne gertatu zen dena, agian lasterrago. Hiru kexa igorri nituen, ttanttaka, haserretzen ninduten dokumentuak jasotzen nituen arau:: euskal hitzik batere ez edo sinbolismoaren mailakoak zituzten komunikazio euskarriak jasotzen nituen ber, zehatza izateko gomita bat, berripaper elektroniko bat eta luxuzko magazina koloretsu bat, preseski masiboki herritar orori helarazten zaizkien horietatik batzuk, milaka aletan... [+]


2018-06-18 | Udaltop topaketak
Maleta bete belarritako
MULTIMEDIA - solasaldia

Bergarako Aranzadi Ikastolako Ane Barruso Lazkano eta Bergarako Udaleko Estepan Plazaola Otaduiren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


"Mingaina dantzan" kanpaldia
Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen

2017ko uda, Mundaka. Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, Ebete hizkuntza-aholkularitza enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Helburua: 13-14 urteko gaztetxoek euskaraz ahalik eta gehien egitea. Baziren beste bi helburu ere: nerabeek ondo pasatzea eta erabilera areagotzeko tresnen baliagarritasuna probatzea. Nerabeak poz-pozik itzuli ziren etxera eta antolatzaileek esperimentua errepikatzea erabaki zuten. Uztailean Berrizen elkartuko dira gaztetxoak eta begiraleak.


2018-06-14 | Udaltop topaketak
Nola antolatzen ari da 2018ko Euskaraldia tokian toki? BAM, Baztan eta Zarautz
MULTIMEDIA - solasaldia

Baztango Udaleko Eneritz Rekarte Bengoetxea, Ipar Euskal Herriko Euskaraldia ekimeneko Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai eta Zarauzko Euskaraldiko kide Rita Aldabaldetreku Glez. De Txabarriren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


2018-06-13 | ARGIA
"Mediku on eta euskaldunak gara!"

Aurten ere, ozen mintzatu dira ikasleak EHUko Medikuntzako graduazio ekitaldian. Euskarazko ikasketak aldarrikatzeaz gain, praktiketan ikasleek maiz jasotzen duten tratu txarra eta emakumeek jasan behar izaten duten matxismoa salatu dute (bideoa albiste bukaeran).


2018-06-13 | ARGIA
Bilboko Erreka tabernan jasotako erantzun euskarafoboa salatu du bezero batek

Bilboko Plaza Berrian dagoen Erreka tabernan kafea euskaraz eskatu ostean gertatutakoa kontatu du Twitterren bezero batek. "Ez daukat euskaraz jakin beharrik, goi mailako ikasketak dauzkat, eta zuk?", erantzun ziola zerbitzariak salatu du.


2018-06-13 | Goiena
Sabin Salaberri: "Errepertorioaren erdia zentsuratuta genuen"

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatutako hamasei lagunetako bat da aramaioarra, nahiz eta dioen "ohore handiegia" dela berak egindako lanerako.


2018-06-13 | Uriola.eus
Euskara: erosotasunetik homogeneo eta masibo izatera

Gemma Sanginesek eta Pello Jauregik azaroaren 23tik abenduaren 3ra Ahobizi eta Belarriprest gisa jarduteko argibideak eman dituzte Euskaltzaindian, Bilboko Euskaraldiak antolatutako berbaldian.


2018-06-12 | ARGIA
Seaskak elkarretaratzea egingo du Uztaritzen, 25 irakasle lanpostuak eskatzeko

Seaskak 25 irakasle lanpostu eskatzen ditu, eta Euskararen Erakunde Publikoak dio hamabost behar direla gutxienez. Hala ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak 5,5 lanpostu soilik eskaini ditu.


2018-06-12 | Udaltop topaketak
Hizkuntza ohiturak plano pertsonaletik kolektibora
MULTIMEDIA - solasaldia

EHUko irakasle Pello Jauregi Etxanizen hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude