Solidaritatea eta deshazkundea oinarri

  • Nafarroako Emauseko Trapuketariek 40 urte daramatzate hondakinen bilketan lanean. Besteak beste, egunean 2.000 kilo arropa baino gehiago jaso ohi dute, 5.000 kilora iritsi daitezke egun berezietan. Kontsumo gehiegikeriaren eta solidaritate faltaren aurka, eta gizarte justuagoaren alde egitea dute helburu.

Dani Blanco

Saratsa herrian Emausek duen biltegiko atea ireki bezain laster, trapuketarien munduan murgildu gara. Eurak defendatzen dituzten ideiak eta lortu nahi dituzten helburuak paretetan irakur daitezke: “Gutxiago lan egin dezagun, guztiok lana izan dezagun” edo “izan solidario”, esaterako. Langile guztiek kamiseta eta galtza urdinak daramatzate, batzuek baita txaleko urdina ere. Batetik bestera dabiltza, gauzak jaso eta uzten.

Amaia Olaverrik eta Marta Lacuevak eman digute euren lanaren berri, eta biltegia erakutsi digute. Albo batean ehunka aulki ikus daitezke, bestean elizetako zenbait apaingarri, arropa beste gune batean dago kokatuta, eta etxeko tresnak urrutixeago. Langile bakoitza bere gunean ari da lanean, berrerabili daitekeena eta ezin dena banatzen. Etxeko tresnak konpontzen ari diren txokora hurbildu gara. Argitsua da lekua, eta bi gizon gogor ari dira lanean. Bata labe bat ari da konpontzen, bestea telebistarekin dabil atzera eta aurrera.

Musika animatua entzun daiteke biltegi osoan banatuta dauden bozgorailuetatik. Giro baikorra eta elkarren arteko harreman ona nabari da. Erlijio, kultura eta ohitura oso ezberdinak dituzten pertsonak batera ari dira lanean, trapuketariek duten filosofiaren isla: berdintasuna eta elkartasuna.

Solidaritatea

Sortu zirenetik, elkartasuna izan da trapuketarien lanaren zutabe garrantzitsuenetakoa. Egunerokoan indartu beharreko ezaugarritzat dute eta filosofia hori nagusitzen da euren jardueran ere. Lana banatzea, gutxiago lan eginda gehiagok lana izatea eta diskriminaziorik gabe edonor kontratatzea, horra trapuketarien xedeetako batzuk. Marta Lacuevak dio euren ekintzak ondorengo esaldiak ongi azaltzen dituela: “Itxuraz ezgauza garenok, itxuraz alferrikakoak diren gauzekin, gizartearentzat baliagarriak diren gauzak egiten ditugu”. Duela urte batzuk, lanaldia 40 ordutik 32 ordu eta erdira pasatzea erabaki zuten trapuketariek, astean sei ordu eta erdiko lanaldiak izatea, alegia, modu horretan jende gehiagok lan egin dezakeelako. Gainera, lanaldia murriztuta beste zenbait jarduera egiteko parada dutela diote. Azpimarratzen dute beti lehenetsiko dutela jende gehiagok lan egitea, gutxiengo bat aberastea baino. Sozial Solidario gisa definitzen dute Emaus, eta enpresa batek beste era batera funtziona dezakeela erakutsi nahi diote gizarteari.

Langile guztiek kontratu bera dute, hots, egiten duten ordu bakoitzeko diru-kopuru bera jasotzen dute. Badaude ordu gehiago eskatzen dituzten lanpostuak, eta hauek proportzioan kobratzen dute; gehienez lan-orduak 37 ordukoak dira. Hala, zuzendariak, eta lanean hasi berri den pertsonak soldata bera dute, orduen gorabeherekin. 

Trapuketaria izateak abantaila asko dituela pentsatzen dute Olaverrik eta Lacuevak. Lanaldiaz gain, beste zenbait jarduera egiteko aukera eskaintzen die Emausek, bestelako balioak garatu ditzaten. Ekintza horietako bat da baratze kolektiboa. Komunitatean baratzea egiten da, hogei lagun hilean behin auzolana egitera joaten dira bertara, eta lan horren truke astero baratzeko produktuz betetako poltsa jasotzen dute.

Soldatak ez dira altuak eta hori orekatzeko beste abantaila batzuk dituzte. Besteen artean, arropa dohainik lortzeko aukera dute, eta altzariak eta etxeko tresnak prezio oso baxuan eskura ditzakete. Halaber, Gizarte Segurantzatik kanpo dauden mediku berezietan %50 aurreztu dezakete, erdia trapuketariek ordaintzen dutelako. Dirua behar izanez gero, Emausek uzten die langileei, gerora ahal duten moduan eta denboran itzultzeko.

Geroz eta gizarte indibidualistagoan bizi garela aipatu dute lankideek, eta horrek talde edo kolektibo gisa eragiteko gaitasuna mugatzen duela. Gizartea hainbat alorretan solidario den arren, normalean alboan ditugunekin elkartasun hori hutsean geratzen dela gaineratu dute.

Kontsumo arduratsua

“Egun, hedabideren batean politikoak krisitik atera ahal izateko haztea beharrezkoa dela esaten entzuten ditudanean, iruditzen zait ez direla ezertaz jabetzen. Aurkakoa egin behar dela uste dudalako, txikiagotu, hertu, eta horrela ikusiko duzu nola jende gehiagok izango duen lan egiteko aukera”, dio Olaverrik.  Deshazkundearen alde egiten dute trapuketariek. Nafarroan Bira Beste Aldera taldea dabil deshazkundearen alde lanean eta Emauseko hainbat lagunek hartzen dute parte bertan. Kontsumoa murriztea eta lana banatzea dute helburu, baina gizarte berria diseinatzea da oinarria. Gizarte berri horretan, pertsonen oinarrizko beharrak asetzea, naturarekiko oreka errespetatzea eta gutxiagorekin hobeto bizitzea izango litzateke bidea. Jendeak zertxobait austeroagoa behar lukeela uste dute.

“Egia da, dena den, Iruñea inguruko jendeak trapuketarien lana oso ongi ezagutzen duela, eta gauzak zabor-ontzira bota aurretik berrerabiltze-ontzietara botatzen dituzte”, dio Olaverrik. Gehiengo batek automatikoki egiten du, Emauseko trapuketariekin lotzen dute arropa edo etxeko-tresnen bilketa, eta nabarmendu du gizartearen zati bat gaiarekin oso kontzientziatua dagoela, haiek sortzen dituzten hondakinei erantzuna eman nahi diena. Kontuak kontu, argi du Lacuevak: “Gustatuko litzaiguke jendeak hainbeste ez erostea”. Egunero jasotzen duten arropa kopurua astakeria bat dela azpimarratu du.

Egungo krisi egoeran, geroz eta jende gehiago hurbiltzen da Emauseko dendetara, baina salmentak oro har ez dira igo: “Gure oinarrizko ideia gauzak prezio baxuan saltzea da, baina badirudi jendeak ez duela lehen bezainbeste erosten, ez lehenengo eskukoa, ez bigarrenekoa”, dio Olaverrik. Zailtasun egoera bizi dutenak dira gehien hurbiltzen direnak, baita bestelako bizimoduan sinesten duen jendea ere, kontsumo arduratsua buruan dutenak. Arropa da Emauseko dendetan gehien saltzen dena.

Egun bat trapuketariekin

Goizeko 8etan hasi da Saratsako industrialdean mugimendua. Langileek bilketari edo tailerreko lanari ekin diote. Eguerdi partean, bilketetako kamioiak heldu dira. Horietan iristen den guztiarekin hautapen prozesua burutzen dute, hots, berrerabili ahal diren produktuak konpontzeko tailerrera bideratzen dituzte, eta konpondu ezin direnak birziklatu egiten dira. Berrerabili daitekeena gerora trapuketarien dendetan salduko dute prezio baxuagoan, arroparen kasuan 3-6 euro bitartean, eta berrerabili ezin dena desmuntatu egingo da gero birziklatzeko.

Hondakinak, etxeetan jasotzeaz gain, mankomunitateekin dituzten akordioen bidez ere jasotzen dituzte. Euren diru-sarreren iturburu dira mankomunitateekin dituzten hitzarmenak, mankomunitateek dutelako hondakinak jasotzeko betebeharra, eta horretarako trapuketariak kontratatzen dituzte. Emauseko Trapuketarien irabazien %10a baino ez da diru-laguntzetatik eratorria.

Garai berrietara egokitzen

Gizarte bidezkoago baten alde lanean jarraitzeko asmoa dute trapuketariek, egoera berrietara egokituz. “Etorkizun oparoa izan dezake Fundazioak”, dio Lacuevak. Irabazien %56 mankomunitateei eta Kudeaketa Sistema Bateratuei (KSB) ematen dien zerbitzuetatik lortzen dute, %34 objektu eta materialen salmentatik, eta %9,8 diru-laguntzatatik. Iazko datuei erreparatuta, 2011n 10.000 tona hondakin jaso zituzten trapuketariek, eta horien %86 errekuperatu ahal izan zuten. Krisi ekonomikoari aurre egiteko, berrerabiltzeak eta errekuperatzeak duen garrantzia eta etorkizuna garbi ikusten dute trapuketariek.

Euren burua prozesu dinamiko moduan ikusten dute, ez hasiera eta amaiera bat duen prozesu gisa. “Prozesu honetan, une bakoitzean gauden pertsonak gara honi kolorea eta bizia ematen diogunak. Garatzen goaz, baina hasierako ideologia bera mantentzen dugu eta egunero sortzen den errealitate berrira egokituko ditugu gure ideiak”, diote. Azken finean, munduari erakutsi nahi diote beste era batera antolatutako lana posible dela.

Abbé Pierrek ereindako hazia

“Sufrimendu ororen aurrean, berehalakoan lagundu eta sufrimendu hori ekarri duten arrazoien aurka borroka egin ezazu”. 1949an Abbé Pierre frantziarraren esaldia da, bera izan zen Emausen sortzailea, eta ideia hori da urte hauetan guztietan fundazioak defendatu duena. 1949an sortu zen Frantzian trapuketarien lana. Nafarroako Emauseko Trapuketariak aldiz, 1972. urtean hasi zen lanean. Urte hartan, gazte talde batek “Emaguzue soberan duzuena” lelopean objektuak jasotzeari ekin zion eta Barañainen bizi ziren ijito portuges batzuei laguntzeko erabiltzen zuten lortutako dirua. Gerora, Santa Luzia herrixkan etxebizitza duinak egin ahal izateko ere balio izan zuten irabaziek.

Proiektu ugaritan hartu dute parte, urte hauetan. 1978an, Villa Simona izeneko etxea okupatu eta bertan hasi ziren trapuketarien bizitza soziala garatzen. Bizimodua taldean egiteaz gain, batera hasi ziren lan egiten. Pixkanaka hori ere aldatzen joan da eta gaur egun batzuek batera bizitzen jarraitzen duten arren, badaude komunitatetik kanpo bizi eta Emausen lan egiten dutenak ere. Villa Simonako etxea txiki geratu zenean, Beltzuntzen dagoen etxebizitzara aldatu ziren. Nafarroan 200 bat langile dira, eta horietatik 30 inguru bizi dira batera.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude