Amaiera zoriontsuak


2012ko irailaren 30an

Amerikako Estatu Batuetako eleberri lesbiarretan amaiera tragikoek izan duten pisuaz akordatu naiz Patricia Highsmithen Carol nobela zinemaratuko dutela jakitean, hain zuzen, 2013ko otsailerako aurreikusi baitute filmaketa, John Crowley zuzendari eta Cate Blanchett eta Mia Wasikowska protagonista dituela. 1952an idatzitako Carol lanak New Yorken elkar ezagutu duten bi emakumeren istorioa kontatzen du eta lesbianen gaia jorratzen aurrenetakoa izan zela esan ohi da, aurrekariak badiren arren. Estatu Batuetan harreman homosexualak legez zigortuak zeuden garaian, ahoz ahoko publizitate hutsarekin erreferentzia bilakatu zen eleberria potxor zaleen artean. Lehen edizio hark The price of salt zuen izena eta Claire Morgan ezizenpean aurkeztu behar izan zuen bere argitaletxeak lana baztertu ostean. Ukaezina da obrak garaiko gay eta lesbianengan izan zuen eragina. Liburua irten eta urtebetera, gutuna gutunaren atzetik jasotzen hasi zen egilea. Eskerrak ematen zizkioten gizon-emakume askok amaiera tragikorik ez zuen istorioagatik. Patriciak berak honela idatzi zuen: “Liburu honen aurretik, Estatu Batuetako eleberrietan emakume eta gizon homosexualek desbideratzeagatik ordaintzen amaitzen zuten, zainak mozten, igerileku batean beren burua itotzen, joera sexuala baztertzen edo depresio jasanezinean amiltzen”. Hain zuzen, 50 eta 60ko hamarkadetan pulp fiction lesbianen atalean soilik aurki zitezkeen gisako liburuak eta hauek tragikoki amaitzen ziren.

Ordutik iragan dira urteak eta eleberri lesbiarra amaiera tragiko hutsetik aldendu da mendebaldeko eleberrigintzan, umorearen eta ironiaren bideak urratuz, eta amaiera on deiturikoei azpimarra eginez. Espainiako Estatuan joera nabarmena da, Lola Van Guardiaren luma gidari. Ez nuke nahi dogma berri bilakatzea amaiera zoriontsuen joera hau; istorio bakoitzak behar du bere barrenek koherenteki eskatzen dioten amaiera. Baina zinemara salto egiteaz ari garenez, eta obraren aldaketa baldintza izanda ere genero batetik besterako jauzian, espero dut Highsmithek idatzitako amaiera mantentzea. Batetik, tragediatik at den bidean aitzindari izatea zor diogulako. Egilea pozik zen liburuak milaka lagun bakarti eta ikaraturi eman zion heldulekuaz. Bestetik, Patriciak Hollywoodeko zinemak berarekin ekar ditzakeen arriskuak pairatu zituelako, jadanik, Strangers on a Train bere lehen eleberria Alfred Hitchockek zinemaratu zuenean. Zuzendariak bertsio ingelesa eta Hollywooderakoa egin zituen, eta ez batean ez bestean, ez zuen islatu ez liburuaren espiritua, ez amaiera. Eleberrian, tren bidaia batean, Guy Haines arkitektoa Charles Anthony Bruno ezezagun desorekatuaren ideia xelebre bezain brillantearen lekuko da: bi ezezagunek adosten badute bakoitzak bestearen etsaia erailtzea, koartada paregabea lortuko dute. Ez dago on eta txarrik, edozein irits daiteke hurkoa erailtzera, zioen liburuaren barne hotsak. Hitchockek Hollywoodeko amaiera eredugarrien zentsura kodigoari jarraitu zion, ordea, eta Guy protagonistak ez du inor hiltzen filmean, protagonista-heroia hiltzaile izatea ezinezko zenez. Zinerako transposizioak ez du zertan fidela izan, baina  amaiera zoriontsu hark istorioa antzaldatu zuen eta egilearen mundua desagerrarazi beste izenburu bat merezi izateraino, nahiz Highsmith nahikoa interes gabe azalduko zen, orokorrean, zinemarekiko. Espero dut John Crowley zuzendari duen produkzio estatubatuarrak Caroli berea duen amaiera ematea, historian duen garrantzia ulertu eta azpimarratzearren.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude