Jaki japoniarren zalea naiz. Geureen tankera handia hartzen diet, eta gustatu egiten... Hango eta hemengo jakiak eskaintzen dituen jatetxe batean izan berria naiz. Mahaikideak sushi aukera dastatu nahi eta hor dakarte zurezko oholtxo batean. Etxekoa dugu egurrerako joera eta gainekoari baino lehenago begiratu nion zurari. Deigarria egin zitzaidan, hamalau zentimetro eskaseko puskan 90 urteko eraztunak zituen! Eta ezin tentazioari eutsi. Hor galdetu diot zerbitzari japoniarrari: zer egur den ba ote dakien. Bere iritziz “sugi” deitzen duten bat omen, baina sukaldean galdetuko duela... Bueltan, baietz hori dela uste dutela. Nik telefonoari laster galdetu diot zer arraio den “sugi” hori, eta berehala erantzuna: Criptomeria japonica. Bat-batean zuhaitz horren burrunba etorri zait burura. Japonian ia sakratua da. Urte batzuk badira etxeko sailetan basotxo bat landatua dudala eta poliki dator. Deigarriena, hala ere, sukaldariak eta zerbitzariak zuraren kultura berea izatea. Hemengoei galdetu behar!