argia.eus
INPRIMATU
Pribilegiatuak

Edu Zelaieta Anta 2012ko irailaren 18a

Maite dugu paradoxa, nonbait: gero eta okerrago gauden honetan, inoiz baino jende pribilegiatu gehiago omen dago bazterrotan. Hala adierazten dute hainbatek eta hainbatek, apaltasunetik, espanturik gabe, pribilegiatu sentitzen direla egunero lanera joateko aukera dutelako. Lana dutelako. Soldata dutelako.

Kontu aski ezaguna da perbertsioa hizkuntzatik hasten dela maiz, mundua izendatzeko moldetik; izan ere, orain lana duen pertsona pribilegiatua da, duela gutxi arte ez bezala. Ekonomiaren izorramendua tarteko, pribilegio bilakatu berri da lanera joatea. Bistan denez, lan egiteko pribilegioaren aferatxo hau enplegudunak enplegurik ez dutenen ondoan jartzetik sortua zaigu.

Eta oker gaude: soldatapeko langileak ez dira pribilegiatuak; izan autonomo, funtzionario edota enplegatu. Duintasun ekonomikoa ez da pribilegio, eskubide baizik; gu babesten –eta berresten– gaituzten lege idatziek esaten dutenaren arabera behintzat. Baina, paradoxa berriz ere ate joka, zuzen gabiltza: eskubideak dituztenak pribilegiatuak dira. Gero eta gutxiago, alegia.