argia.eus
INPRIMATU
Kazetari kurduei epaiketa
"Baimena eskatu behar dut ama hizkuntza erabiltzeko?"
  • Hamarnaka kazetari kurdu epaitzen ari dira egunotan Turkian PKKrekin lotura dutelakoan. Gehienak Azadiya Welat egunkarikoak dira, kurduerazko bakarra.

Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko irailaren 18a
Epaiketa aurreikusi baino beranduago hasi zen, auzipetuak kurdueraz hitz egiten saiatu zirelako.
Epaiketa aurreikusi baino beranduago hasi zen, auzipetuak kurdueraz hitz egiten saiatu zirelako.

Turkiak 44 kazetari kurdu epaituko ditu, ustez PKK alderdiarekin lotura duen Kurdistango Komunitateen Batasuna (KCK) erakundeko kide izan edo loturarik dutelakoan. Auzipetuentzat zazpi eta hogeita bi urte arteko kartzela zigorrak eskatzen ditu fiskaltzak. Froga moduan, poliziak atxilotuen etxeetan aurkitutako liburuak aurkeztu dituzte, baita Kurdistanen aldeko manifestazioetan parte hartu zutela erakusten duten argazkiak ere, mobilizazio horiek kazetari gisa jarraitu zituzten arren.

Irailaren 10ean hasi zen 44 kazetarien aurkako epaiketa –haietatik 36 espetxeratze prebentiboan izan dira abenduaz geroztik–. Saioa aurreikusi baino beranduago hasi zen, akusatuak kurdueraz hitz egiten saiatu zirelako, epaileak debekatu zien arte. “Zure ama hizkuntza erabiltzea arnasa hartzea bezalakoa da. Baimena eskatu behar al da arnasa hartzeko?”, galdetu zuen Yuksel Genc kazetariak.

Giza eskubideen aldeko taldeek esan dute epaiketa hau Gobernu turkiarrak prentsa beldurtzeko eta Kurdistanen aldeko ekintzaileak zigortzeko egindako saiakera dela.

Kazetari kurduek bizi duten egoeraz Argian

Azadiya Welat egunkarikoak dira epaituko dituzten kazetari gehienak. Hogei urte baino gehiago daramatza kalean, hainbat bider itxi dute eta bertako 30 kazetari hil dituzte. Karlos Zurutuza Argiaren kolaboraitzailea beraiekin izan zen 2008an (2.165 zk.): “Hizki zopa xume bat txorakeri bat izan liteke askorentzat, baina kurduontzat berebiziko garrantzia du, zentzu guztietan” zioen erredaktore batek ordukoan. Argia.com-en Arrisku kazetaritza izeneko diaporama dago ikusgai, egunkariak bizi duen egoeraz. (http://bit.ly/PdVJTP)

Bruselatik emititzen duen Roj TV,  Kurduen telebista kateko langi-
le batzuk ere epaituko dituzte.

40 milioi kurduren erreferentzia nagusi bilakatu da. Komunikabide horri buruzko diaporama ere ikusgai dago sarean: Kurduen ahotsa Europa­ko bihotzetik izenburupean.
(http://bit.ly/Okr2tw).