Jon Landaburu

"Gizakia zer den ikusteko aparteko laborategia duzu Kolonbia"

  • Gasteizkoa aita, zarauztarra ama, Parisen jaioa bera, kolonbiar hiritarra... Kolonbiako hizkuntzetan espezialista zailduena euskalduna dugu.

Miel Anjel Elustondo
2012ko irailak 23
Jon Landaburu.
Jon Landaburu.Zaldi Ero

“Orocueko sabanan zenbait ordu noragabe erdi galdurik ibili ondoren, artean Kolonbian, Orinokoren ekialdeko Los Llanos erdian zegoen indiar batzuen baserrira heldu nintzen, zeharo nekaturik. 1968. urtea bukatzera zetorren”. Zeuk idatzia da. Eta egundo horrelakorik! Lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta EAJko diputatu Frantzisko Jabier Landabururen semea, Parisko erbestean jaioa zu, Kolonbiako oihanean galdurik.

Ni, bai! 50eko hamarkadaren bukaeran gure aitak erabaki bat hartu zuen. Gogorra egin zitzaion, baina beharrezkoa zela esan zigun beti: frantziar nazionalitatea harrarazi zigun. Ez zuen nahi gu espainolak izatea. Gorka nire anaiak ere esango zizun hori [ikus Gorka Landabururi egindako elkarrizketa Argiaren 2180. zenbakian]. Are gehiago, euskaldunak izan gintezen, gurasoek hona bidaltzen gintuzten udan. Aitak ez zuen nahi Euskadirekiko harremana hausterik. Pentsatu ere ez. Berak, berriz, frankismoak irauten zuen bitartean ez etortzea erabakita zeukan. Bistan da, konpromiso politikoagatik, Jose Antonio Agirreri leial izateagatik, eta Parisko ordezkaritzari eusteagatik. 40ko hamarkadaren amaieran Europako sozialdemokrazia eraikitzeko lanean Frantzian egindako lagunen bitartez, hango nazionalitatea eman ziezaguten lortu zuen. Ez zen gauza erraza ere! Horrela egin ginen gu frantziar. Bera ez, bera apatrida zen, NBEren estatutuaren arabera. Gure aita ez zen Espainiako enbaxadara joaten, eta frantziarra ere ez zen. Apatrida zen, eta apatrida joaten zen bateko eta besteko herrialdeetan egiten ziren bilkura eta biltzarretara.

Zuen aita, apatrida. Zuek aldiz, Frantziako hiritarrak.

Frantziar izateak mugitzeko erraztasunak eman zizkigun, Euskadira etortzeko bidea ireki zigun. Berehala sartuko zen Francoren polizia gure kontra, Frantziako hiritar ginenon aurka. Espainiak nahikoa eta gehiegi zuen garai hartan Frantziarekin!

Abantaila, beraz.

Baina desabantailak ere baziren txanponaren beste aldean: soldadutzara joan beharra genuen, kar, kar, kar. Aljeriako gerlako garaia, adibidez, oso konplikatua izan zen gure anaia nagusi Xabierrentzat. Aljerren izan zen bi urtez. Gure aitaren heriotzarekin batera itzuli zen Xabier hango gerratik. 55 urterekin hil zitzaigun aita, gazterik, Agirre bezala. Hiru urte izan ziren tartean. Hor ere bada zer kontatu… Tira, berehalako batean hil ziren biak, biak gazterik. Ni unibertsitatean ikasten ari nintzen ordurako. Filosofia ikasketak egin nituen lehenengo, eta Hizkuntzalaritza gero, Sorbonan. Horretan, soldadutzara joateko garaia etorri zitzaidan. Soldadutza egiteko era bat azaldu zen orduan, kooperazio zibila. Haren bidez unibertsitateko gazteek munduko hainbat herrialdetan landu zezaketen beren lanbidea. Baziren ingeniariak, medikuak, irakasleak… Tartean izan nintzen ni.

Kolonbian gertatu zinen zu.

Filosofia irakasle bidali ninduten Bogotako frantses lizeora. Ez alferrik! Laster nintzen bertako unibertsitateekin harremanetan eta, oroz gain, Andeetako Unibertsitatearekin, non antropologia departamentu bikaina zuten. Bertako zuzendariak, [Gerardo] Reichel-Dolmatof-ek –austriarra zen jatorriz– dei egin ninduen bizpahiru hilabeteren buruan: “Ondo ari zara, baina abstrakziotik jaisteko garaia heldu zaizu!”. Nik 23-24 urte izango nituen. “Abstrakzioa”. Gaztea izan! “Proposamena egin nahi dizut. Hara, hemen hizkuntza mordoa dago, oso ezezagunak asko. Hitzen lekukotasuna dugu –onenean, alegia–, baina besterik ez. Zertan ez zara horretan lanean jartzen? Finantzabidea inguratuko dizut”, “ez zait interesatzen, ordea. Ni euskalduna naiz, hizkuntzalaritza ikasi dut, filosofiaren ikuspegitik –hau da, unibertsaltasunetik–, aztertu nahi nuelako gure hizkuntzaren funtzionamendua eta, oro har, gainerako hizkuntzena”, “zoaz eta ikus ezazu”. Dirua eman zidan, erostekoak agindu zizkidan, eta ia ipurdian ostikoz jo ninduen handik irten eta lan hura egin nezan, nik ez nuen-eta horrelako intentziorik.

Ekainean, Bartzelonan, Linguapax saria jasotzeko ekitaldian hiru alderdi azpimarratu zenituen Kolonbiako hizkuntzak aztertzeko eskaria jaso eta mundu horretan barna sartzen lagundu zizutenak. Lehenik, euskalduna zinen, erbesteratuen semea. Bigarrenik, frantziar unibertsitarioa ere bazinen. Hirugarrenik, hizkuntzalaria izateko asmoa zenuen.

Bai. Euskaldun abertzalearen seme izateak hizkuntza balioztatzera ninderaman. Gainera, hizkuntza minorizatua, pertsegitua eta baliogabetua zen garai hartan euskara. Orokueko aldi hartan, nekazari haiekin topo egin eta nire jendearen zoriarekin bat egin nuen nolabait. Indiar haiek hemengo baserritarrak baino askoz ere behartsuagoak ziren, jakina, eta haien hizkuntzak ez zuen euskarak bizi zuen pertsekuziorik, baina gizarte giroan zegoen haien hizkuntzarekiko mespretxua eta gutxiespena. Ilusio bat izan zen.

Ilusio erromantikoa?

Bai, horixe, ilusio erromantikoa. Nik euskara aztertu nahi nuen, hizkuntzaren erroa, hizkuntza mespretxatua sasoi hartan. Frantziako gaztearen ilusioa ere baneraman, jakina. Frantziarrak beti izan dira salbai zaleak, bon sauvage esaten dute haiek, munduaren misterioa haietan balego bezala. Erromantizismo hutsa! Jean Jacques Rousseau, Chateaubriand eta gainerakoak… Gure joeratik kanpo dagoenak halako argitasun bat dakarkigu, haren beharra dugu. Berez, hor ez dago okerrik, baina, batzuetan, halako mistifikazio suerte bat ere badakar horrek, urrutiegi joan nahi denean batik bat. Alteritatea ulertu eta onartu nahi denean gertatzen den erakarpena da. Beharbada horixe gertatu zitzaidan niri. Mistifikazioak harrapatu ninduen neurri batean, nahiz eta ez erabat.

Hirugarren eragilea zure bidean sasoi hartan, hizkuntzalari izan nahia.

Sorbonan irakasle izan genuen Andre Martineten hizkuntzalaritza ere halakoxea zen,  estrukturalista. Hizkuntza, sistema itxi bezala erakusten zen, guztiz egituratua zegoen, guztiz trinkoa zen. Esan dudanez, frantses lizeotik unibertsitatera jo nuen, eta Kolonbiako hizkuntzak aztertzen hasi nintzenean konturatu nintzen Europako hizkuntzalaritzak ez zidala balio. Europako hizkuntzalaritza testu zaharren gainean eraiki zen. Testu indoeuroparrak ziren, literatur testu idatziak. Nik berriz, ahozkotasuna bizi zuten gizarteak nituen aztergai. Kinka horretan, Iparramerikako hizkuntzalaritzara jo behar izan nuen, argi bila. Han bai, egin nahi nuen bidea aurretik egina zuten hizkuntzalari bikainak ziren: [Ranz] Boas, [Edward] Sapir eta beste. Orduan ere, Benjamin Whorf-en filosofia erromantikoa zen nagusi. Alegia, esaten zuen hizkuntzak herri baten kultura eta mentalitatea adierazten dituela.

Pentsamendu horrekin abiatu zinen lanean.

Bai, hango indigena haien hizkuntz egoera ez zen euskaldunena, indiarra ez zen garaiko frantses unibertsitario erromantikoek pentsatzen zutena, hizkuntza ez zen 70eko hamarkadako hizkuntzalari estrukturalistek uste zutena… Ordurako, hizkuntzen arteko harremanaz ari ziren batzuk. Beste batzuk berriz, esaten hasita zeuden hizkuntza ez dela organismo itxi bat, ez esentzia bat ere, prozesu historiko guztiz aldakorra baizik.

Hizkuntza, prozesu historikoa?

Bai. Hizkuntzak animalia espezie baten antza duela esaten da orain, indibiduo bakoitzak bere sistema duela. Idiolektoak, alegia. Hizkuntzarik, izatez, ez dagoela, nork bere estrategiak dituela, pertsona gehienak –edo asko, behintzat– elebidun direla, eta norekin ari garen, hizkuntz sistema aldatu, egokitu egiten dugula. Zalantzarik gabe, horrek gauza asko ulertzen lagunduko digu: zergatik aldatzen diren hizkuntzak, zergatik sartzen diren harremanetan, zergatik mailegatzen dizkioten batak besteari hitzak eta egiturak... Garai hartan, euskara esentzia hutsa –esaterako, zerutik jaitsia ia-ia– zela pentsatzen genuenean, ezin ulertuzkoak zitzaizkigun auzi horiek! Koldo Mitxelenak egindako fonetika historikoko ikerketa haiek eta, Martinet oinarri harturik egin zituenak! Hori aldatu egin da. Gaur egun badakigu hizkuntza ez dela monolito bat, ez eta herriaren izpirituaren ispilu, alemanek horrela pentsatzen zuten arren. Poliki-poliki konturatu ginen “salbaia” ez zela egiaren iturri, euskararen egoera ere ez zela hango hizkuntzena, konparazio posiblerik ez zegoela.

Uste guztiak pekoz gora jarri zitzaizkizun…

Bai. Denborarekin ñabardurak egin nituen, ikasi egin nuen, praktikaren poderioz batez ere, indigena haiekin biziz, haien indarrak eta ahulguneak ulertuz, eta guri erakusteko zutena asko zela ikusiz.

Bidea egin duzula, gero, 1968tik hona. Inork ez bezala aztertu dituzu Kolonbiako talde etnikoen hizkuntzak. Irakurri dudanez, 68 hizkuntza dira han, milioi bat hiztun denera, Kolonbiako 46 milioien artean.

Egoera dibertsoa da, eta konplexua. Dibertsoa, hamaika egoera ezberdin direlako. Hamahiru hizkuntz familia dituzu. Ikaragarria da hori! Tartean, zortzi hizkuntza isolatu, euskara bezain. Ez dago arbolarik, adarrak besterik. Zepak, nahi baduzu, mahatsondoak... Tira, horrela esatera jotzen dugu, metaforak erabiltzera, ulertzen ez dugun errealitatea nola azaldu ez dakigunean. Zientzialari zintzoak badaki ez dakiela. Hurreratzen da, huts egiten du, ez du asmatzen, eraiki duen sistemak ez dio balio… Horrela ohi dabil zientzialaria.

Hizkuntz zepak esan duzu…

Bai, zepa barietate genetikoa. Oso ezberdinak denak ere. Kolonbiako kokapen geografikoari zor zaio aniztasun handi hori. Amerika bien arteko istmoaren irteeran dago Kolonbia eta, beraz, herri guztiak pasatu ziren handik. Haietako asko hantxe geratu ziren. Jatorri barietate handi hori hor dago. Bestalde, dibertsifikazioa ere ez da makala, herrialdea ekologikoki ere oso bariatua da eta hobi termikoz beterik dago lurraldea. Ekuatorearen azpian gaude, batean, eta 6.000 metroraino igotzen gara, berriz, bestean! Hor denetatik duzu: estepa, sabana, bi ozeano, hiru mendikate, oihan tropikalak…


Aniztasuna.

Diren eta ez diren biotopoak ditugu Kolonbian, planetan diren ekologi sistema denak, edo gehienak. Hobi termiko horietako bakoitzean milioika urtez garatu diren gizarteak ditugu, beren hizkuntzak ere garatu eta aldatu dituztenak. Gizakia zer den ikusteko aparteko laborategia duzu. Kolonbia, Kenya, Ginea Berria… Badira munduan zenbait herrialde guztiz ezohikoak, non modu zeharo berezian ikusten den giza garunak duen egokitze gaitasuna, non sistema sinbolikoak sortzen eta aldatzen dituen, enteleguaren teknologiaren asmatze kontzeptualak egiteraino. Entelegua teknologia bat da-eta, azken finean. Horrela,  denbora eta espazioa pentsatzeko modua, izakiak sailkatzeko era, prozesuak eratzeko bidea… guztiz bariatua da eta, ondorioz, giza garunaren zabaltze liluragarria gertatzen da, hizkuntzetan gauzatua.

Nortasun agiria

Jon Landaburu Illarramendi (Paris, 1943) euskalduna da, eta frantses eta kolonbiar hiritarra, beraren curriculum vitae-k agintzen duenez. Kolonbiako hizkuntza autoktonoetan espezializatutako hizkuntzalaririk inportanteena da. Era berean, hizkuntzalariak prestatu ditu bateko eta besteko kolonbiar hizkuntzak azter ditzaten. Hizkuntza indigenak biziberritzeko legeriaren bultzatzailea da, eta Kolonbia bertako hizkuntz komunitateen kolaboratzaile zuzena.

‘Konkista’ I

“Iberiakoen inbasioak kataklismoa eraman zuen Amerikako herri indigenetara. Inoiz izan den hondamendi demografiko eta kulturalik handiena izan zen. Hildako kopuru handia, lehenengo, ‘txoke  biologiko’-aren ondorio izan zen. Amerikako indiarren erdia baino gehiago europarren bakteria eta birusek hil zituzten, hau da, nafarreriak, tetanoak, tifusak, gripeak, elgorriak eta bestek”.
 

‘Konkista’ II

“Inbasoreek gizarte sistema kolonialista esklabista inplementatu zuten. Herrien funtzionamendu autoktonoa suntsitu zuten, eta ordu arteko gizarte egiturak eta ahalmen teknologikoak hondoratu zituzten. Konkistatzaileek langileak esklabizatu zituzten, eta familia eta auzo mailako harremanak izaten baino ez zieten utzi”.

‘Konkista’ III

“Bertako apaiz eta administrarien jakintza desagerrarazi zen. Artisauak, urregileak, eltzegileak, ehuleak, eskulturagileak, arkitektoak, itsasontzi-jabeak… nabarmen urritu ziren, edo desagertu. Esklabotasuna, sarraskia eta okupazio militarra nagusitu ziren. ‘Deskubrimenduak’ mendeak iraun zituen”.

Izorratuta

“Bi urtekoa zen soldadutza garai hartan. Kolonbiara Kooperazio programaren barruan heldu eta Iñaki Garai ezagutu nuen. Gernikarra, euskal etxe txiki bat zuen Bogotan. Eta esan zidan: ‘Txikito! Hiru urte baino gehiago egiten badituk hemen, izorratuta hago, ez duk itzultzeko modurik izango”. Horixe zen beraren esperientzia. Lau urte geratu nintzen, eta Iñakik arrazoi! Itsasoa zeharkatzen nuen aldiro halako ezinegon bat izaten nuen, Kolonbiara itzultzera bultzatzen ninduena. Eta halaxe izan da nire bizitza”.

Kanal honetan artxibatua: Kolonbia

Azkenak
Auzolana pilotaleku autogestionatua eraitsi nahi du Gasteizko Udalak Antzokia egiteko

Gasteizko Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregian eta ondoan dagoen Auzolana pilotalekuan kokatuko litzateke hainbat komunikabidek argitaratu dutenez. 2008. urteaz geroztik auzokideek gestionatzen duten arren, pilotalekuaren eraistea aurreikusten du proiektuak. Pilotalekuko Txapa Ahotsa asanbladak aurreratu du bertan jarraitzeko asmoa dutela.


Zezenketak defendatzeko euren irudia erabili izana salatu du Blusen eta Nesken Komisioak

Gasteizko jaietako zezenketak defendatzeko egindako marrazki bizidunen bideoa ezabatzeko exijitu dute. Protesta modura, asteleheneko Gran Prix-ari uko egin zioten.


Baionako festetan ere indarkeria sexistaren aurka

Uztailaren 27tik 31ra bitartean izango diren Baionako festetarako eraso sexisten aurkako protokoloa eta kanpaina martxan jarri ditu mugimendu feministak, hainbat kolektiborekin batera. Erasoen aurrean Udalari eraginkortasunez erantzuteko eskatu diote, baita herritarrei irmoki egiteko ere.


2016-07-27 | Axier Lopez
Zergatik den Hillary Clinton Trump baino arriskutsuagoa

Diana Johnstone analista politikoa da, AEBetako eta Europako hainbat hedabidetan kolaboratzen du. Hillary Clinton: kaosaren erregina izeneko liburua kaleratu berri du, demokraten hautagaiaren ibilbide politikoari egindako azterketa zorrotza. La Marean elkarrizketatu dute eta pasarterik esanguratsuenak bildu ditugu.


Bost sexu eraso salatu dituzte asteburuan Lezon, Errenterian, Getxon eta Barakaldon

Bost emakumek salatu dituzte sexu erasoak asteburuan. Elkarretaratze eta manifestazioak izan dira horiek salatzeko.


Komunek ez dute genero bereizketarik izango New Yorken

Lege berria sinatu du New Yorkeko alkateak: pertsona bakarrarentzako komunak ez dira gehiago sexuaren arabera bananduko. Edozeinek edozein komun erabili ahalko du. Emakume/gizon binarismoa apurtzeko eta genero-marka deseraikitzeko balioko dute komun neutroek.


"Estatu polizial militarizatu autokratikorantz doa Frantzia"

"Frantzia larrialdi egoera amaigabean sartu da, Poliziaren botere maila altua, gizartearen militarizazioa, eta eskubide eta askatasun demokratikoen etetea oinarri dituena. Herritarrak beldur etengabean bizitzera eta eskubide demokratikoak ordezkatzen dituen larrialdi-botereen menpe egotera baldintzatu ditu Gobernuak".


Arboledan madalena, Meatzaldeko egunik handiena

Goizean goiz esnatu, hamaiketakoa lagunekin egin, mendian gora abiatzekoa.  Meatoki ohien arrastoen artetik, zulo handi, harroka zahar, zelai umel iritsiko gara Galdameseko Uraiaga ingurura.


Erreformatorio batean jasotako tortura irudiek hautsak harrotu dituzte Australian

Lepoa eta eskuak aulki bati lotuta eta burua estalita duen nerabe bat ageri da bideoan. Ikerketa abiarazi du gobernuak, Malcolm Turnbull lehen ministroak aginduta, The Guardianek jaso duenez.


Erdoganek 42 kazetari atxilotzeko agindu du, estatu kolpearekin zerikusia dutelakoan

Fehtullah Güllen oposizioko buruarekin lotutako “inperio ekonomikoaren komunikazio adarrarentzat” lan egitea egozten diete hedabideetako langileei.


2016-07-24 | Xuban Zubiria
Turismoak itoko du Venezia

“Itsasoak jango du Venezia” zenbat aldiz entzun ote dugun. Erresuma zaharrak badu itsasoa baino arazo handiagorik: XXI. mendeko neurrigabeko masa turismoa. Gaur egungo turismo eredu horrek Venezia eta bertako herritarren bizimodua kolokan jarri du.


2016-07-24 | Xavier Aldekoa
Egarriari eta denborari aurre egin dion herria

Himba herriaren jatorrizko lurretan, Namibia eta Angola artean, azken 30 urteetako lehorterik larriena bizi dute. Beren kulturan errotuta dagoen usadioari jarraiki, zaharrenak egunero biltzen dira herrixka guztietako erdigunean dagoen sutondoan ura aurkitzeko lekurik onena zein den eztabaidatzeko. Ombentjiyane Kukandjuriak (argazkiko emakumea) lehortuta ez dauden putzuak bilatzeko gero eta urrunago joan behar du. “Nire seme-alaba eta ahuntzentzako behar beste ura lortzeko, egunean hirutan joan behar dut ur bila. Bakarrik uzteak beldurtzen nau, jakina. Arrisku asko daude hemen, baina ez dago beste konponbiderik”, dio.


Ukazioak sendatzen
"Homeopatia ura eta azukrea baino gehiago da"

Luc Montagnier 2008ko Medikuntzaren Nobel Sariduna eta 300 mediku bildu ditu Homeopatiaren VII. Kongresuak Donostian. Homeopatiaren oinarriak ezagutarazi, hura zientifikoki frogatu eta zalantzak argitu dituztela kontatu digute Txusa Balbas eta Iñigo Altuna adituek. Balorazio positiboa egin arren, “eszeptizisten zauriak” aipatu dituzte behin eta berriro.


"Irlandan politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute gazteek, elite batzuen kontrolpean"

Grian Ni Dhaimhin Strabanen (Ipar Irlanda) jaiotako gaztea da. Belfasteko Queens unibertsitatean historia ikasten du. Ikasle mugimenduan, Fosil Free erregai fosilen ustiategien aurkako mugimenduan eta gaelikoaren aldeko hainbat kanpainatan parte hartzen du besteak beste. Sinn Feineko gazte erakunde Sinn Fein Republican Youth taldeko kide izan da, nahiz eta bere “formakuntza sozialista behar bezala aurrera eraman ezin izanagatik” taldea uztea erabaki zuen. Bere aita IRAko militantea izateagatik hamabi urtez izan zen espetxean. Ipar Irlandako gazteriaren egoeraz eta problematikaz, feminismoaz eta gazteen egoera prekarioa iraultzeko alternatibez mintzatu gara berarekin Dublinen.


Xbkota haurtzaindegia
Euskaraz ari dira Zuberoako txikienak

Haurtzaindegi elebidunak badira Zuberoan. Euskara hutsean arituko zena nahi zuten ordea guraso batzuek. 2016ko urtarrilean lortu zuten abian jartzea Maulen. Hamaika haur dira eta bi haurtzain, Luxi Agergarai eta Marion Cazenave. ARGIA Luxi Agergarairekin mintzatu da. Joana Etxarten eta Sylvie Genezen esanak Kanaldude telebistak egindako bideo lanetik hartuak dira.


2016-07-24 | Garazi Zabaleta
Jantoki jasangarriak
Elikadura ere badelako hezkuntza

Isere departamendura (Rhône-Alpeak eskualdea, Frantzia) bidaia egin zuten, Gure Platera Gure Aukera plataformak antolatuta, Etxaldeko hainbat baserritar, Jata Ondo eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteetako ordezkariak, EHIGE Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko kideak, VSF Herrien Bidezko Elikadura GKEko partaideak edo

...

2016-07-24 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen adorea

Zuhaitzen balorea etengabe berritu eta gogora ekarri behar izateko odola behar da! Halakoxeak gara. Kopeta galanta eta gibela zabal askoa izango ditugu berriz ere... Azalaren lodiera ez aipatzeagatik.

Azala ere ihartu zaio, ia erabat, zuhaitz erraldoi bati. Amorrazio politarekin eman dit berria lagun batek: tragedia Vauc

...
ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude