argia.eus
INPRIMATU
Gaztetasun pausatuagoa
  • Iglu bat basamortuan

    Lauroba

    Oihuka

    Iraupena:54´27´´

    12€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko irailaren 18a
Lauroba Donostiako talde gitarrero eta bizia da. Etiketatzekotan, gazteekin –beraien modukoekin– konexio berezia duen taldea dela esango nuke. Halako oroitzapena neukan behintzat. Orain, baina, taldea disko berri honetan helduta aurkitu dut. Halakoa da izenburua ere, harremanei eusteko ditugun desberdintasun eta zailtasunei egiten die-eta aipamena. Fredi Pelaezen estudioan grabatu dute eta horrek kantuei hammonda gehitzeko aukera eman die; bost taldekidek osatzen dute Lauroba orain, teklatua batu baitzaie. Disko pausatuagoa egin dute, melodiei arreta handiagoa ematen diote eta emaitza askoz pop-rockeroagoa da, gitarren presentziari eutsita, jakina. Tartean, gainera, elektronika, power-popa, new-wavea, soka instrumentuak eta hard-rocka landu dituzte; eta opari moduan, UK Bill taldea zena omendu dute.

www.lauroba.org
"Askotan esan digute zer egin eta zer esan arrakasta lortzeko, eta guk ihes egiten diogu horri"

"Izan beharko nukenetik ihesi noa geroa eraikitzeko baitaukat oraindik". Taldea berrinterpretatzeko beldurrik ez?

Zer esana badugu hitzetan eta musikalki ere. Askotan esan digute zer musika egin behar dugun arrakasta izateko, edo zer esan gure hitzetan, eta guk horri ihes egiten diogu. Jendeari ere horixe egiteko aholkatzen diogu gure musikaren bidez.

Taldea dezente pausatuagoa eta poperoagoa da orain, helduagoa, esango nuke.

Disko hau lasaiagoa da. Bost taldekide izatera pasa gara, teklatua gehitu dugu, eta agian horrek ere estilo desberdinagoak ekarri ditu. Teklatuak aukera asko ematen du. Hurrengo diskoa gogorragoa egingo dugu, honen baretasuna konpentsatzeko.

Igaro dira pop-ak gazteekin konexio eskasa zuten garaiak? Balio du Euskal Herrian konektatzeko?

Ez da erraza oraindik Euskal Herrian pop musika egitea, ez dago ondo ikusia askotan. Badirudi musika guztiak gogorra eta aldarrikatzailea izan behar duela, bestela ez du baliorik askorentzat. Euskal Herriko musika jaialdietako karteletan ikusten da.

"Aurrean, gaurko egiak labainkor, arrain biluziak, biharko bela hutsetan loturik atzoko esperantzak". "Are zuriz egindako denbora, ur azpian ihes...". Hitz ederrak Itziar Ituñorenak.

Itziarrek asko lagundu zigun hasieran eta inoz grabatu ez ditugun abesti askoren letrak ere egin dizkigu, tartean Odisea. Horregatik grabatu dugu, berari eskerrak emateko nolabait. Harkaitz Canok bi letra egitea ere izugarrizkoa izan da, baita Beñat Gaztelumendik edo Rafa Cabezak egitea ere.

Kantuak borobiltzeko ahalegin handia egin duzue, instrumentazio eta moldaketa asko. Pozik?

Oso pozik, disko berritzailea eta autentikoa lortzen saiatu gara. Instrumentu denak benetakoak dira, hammonda, isats-pianoa, haizeak, sokak, perkusioak... eta emaitzan antzematen dela uste dugu.