argia.eus
INPRIMATU
Erresistentzia handiko lentilla

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko irailaren 18a

Harvard Unibertsitateko (AEB) Zhigang Suo ikerlariak zuzendutako lan taldeak ikusmena hobetzeko erabiltzen diren lentillen familiako materiala sortu du, baina desberdintasun handi batekin: material berria jatorrizko tamaina baino hogei aldiz luzeago bilakatu arte  deforma daiteke.

Materiala hidrogela da, hau da, lentillen osagai bera, baina askoz ere elastikotasun eta erresistentzia handiagoak ditu: 9.000 jouleko energia jasan dezake metro koadroko. Orain arteko hidrogel indartsuenek 700 joule baino ez dute jasaten. Propietate berriak erakusteko ikerlariek bideo bat grabatu dute. Bertan ikus daiteke 64 gramoko altzairuzko bola bat 1,86 metroko altueratik lentillaren gainean erortzen. Lentillak, tranpolin baten eran, beherantz deformatu ondoren gorantz igortzen du bola.

Material berriak, lentillak ez ezik, kartilago erresistenteak lortzeko aukera emango du.