argia.eus
INPRIMATU
Uda irekia

Clara Wolfram 2012ko irailaren 12a

Armairu baten maneran irudikatzen dut neure gorputza, kaxoi ezberdinez osatua. Kaxoi batzuk altuak eta zabalak dira, beste batzuk txikiak eta kurbatsuak, denetarik badago nire gorputz honetan. Batean, nire desioak gorde ditut. Beste batean nire gezur txikiak eta nire azken zigarroak. Azken kaxoi batean urtean zehar amestutako muxu guztiak ditut pilatuta, laztan sotil batzuekin batera.

Azken urtean agenda eta erlojuaren orratzen arabera bizi izan naiz, arnasa hartzeko tarte gutxi gordeta. Eta urte osoko martxaren ondoren astun sentitu dut gorputza, enbor zahar baten modura. Kaxoietatik tiraka aritu naiz, baina alferrik. Ez etxean eta ez kalean, indarrik ez dut bildu ahal izan deus ere irekitzeko.

Eta orduan oporrak iritsi dira, eta karabana baten modura gurpilak jarri dizkiot nire armairu zaharkituari. Paseatzera eraman dut armairua bizilagunaren herrira, Xiberoko mendi punta batera, hain zuzen ere. Eta han non isilunea zinez isilunea den, zinez eijerra, zinez geldia, han non distantziak ez diren nabari, ez baitago inongo presarik inora iristeko, han aspaldi itxitako kaxoiak mugitzen hasi zaizkit.

Ohartu gabe, goiz batean, usainen kaxoia ireki zait. Belarrak, beroak eta behien gorotzak nire barruko hainbat ate ireki dizkit, eta errekan ikusi dut neure burua, haurra bezala, harri batetik bestera saltoka. Xiberoko hitz goxoak nire belarrietara ailegatu dira ondoren, eta aspaldian blindatutako barnebideak zabaldu dizkidate. Azkenik, nire amaren adina izango zuen andre baten eskutik pasodobleak dantzatu ditut Mauleko taberna zahar batean, eta hor bai, pelbisean blokeatutako azken kaxoiak ere askatu zaizkit.

Uda irekia eman dut Xiberoan, eta jende anitz eta askotarikoa ezagutzeko aukera eijerki baliatu dut gorputza aire freskoaz bustitzeko. Xiberoan ez da jende asko ikusten kalean, baina bizitza bertan da, edozein etxearen atzeko atarian. Bizimodu propioa bilatzen eta eraikitzen ari den jendea ezagutu dut, eta begirada bakoitzarekin kaxoietan gordetako ilusioa eta sentsualitatea piztu zait. Xiberoan jendea barreiatuta bizi da, ni mendi punta honetan, zu beste hartan, baina plan irekiak egiten dira, jendeak elkar gonbidatzen du, eta gaualdi horietan beti bada sorpresarik. Han non hiririk ez den, han sentitu ditut gertuen besteen ametsak. Ez da autobiarik behar bizitzaren abiadura sentitzeko. Irekia da mundua, mugimenduan dagoen jendea dagoen bitartean.