"Ez konprenitzea ere ene proposamenaren aitzinean erreakzio bat izatea da"

  • Erakusketa ezarria du Donostiako Arteko galerian agorril eta irailean. Barkoxen bizi den artista bilbotarrak hogeita bost margolan erakutsi ditu, tamaina handikoak batzuk, txikiak bestetzuk. Ohi duenez, ez du muga iragan –Mendikotako atelierrean hartu gaitu–, baina baditu enbaxadoreak: Jose Julian Bakedano, erakusketaren aurkezpen testua egin baitio, eta Joseba Sarrionandia, Ez gara geure baitakoak liburuan behinola egin zion pieza ederrean.

(Zaldi Ero)
(Zaldi Ero)

Horra zure margolanak Donostian ikusgai, Barbalotak –intsektuak–, izenpean.

Bai, hor dira. Ilusio handia dut erakusketa honetan. Fedea badut Arteko galeriako arduradun honetan, Kristina. Erlea aldizkarian duela bi urte egindako ilustrazioak ikusi zituelarik, maite ukan zituen, eta iaz harremanetan jarri ginen. Honat jin zen Virginiarekin, Vicente Ameztoiren alargunarekin, eta erakusketaz mintzo ari ginen laster. Horrela.

Obra berria dakarkiguzu. Lan berriak, ezinbestean?

Erakusketa den aldiro artistak ez du obra berria erakutsi behar. Ez bortxaz. Baina erakusketa beti da motibazioa, obraren lantzeko. Erakusketa honetan badira zenbait gauza duela urte bat eginik nituenak. Gehienak, hala ere, urtean zehar egin ditut. Dena den, ene kasuan jarraikitze bat ikusten dut obra hauetan. Ber egurra, ber enborra da beti, baina bertze adar bat. Horretarako da interesgarria erakusketa, ene ustez. Helburuak ukaitea zinez gauza inportantea da, erakusketa halako lekuan izanen dela jakitea, halako egunean. Horrek obra prestatu behar dela erran nahi du. Hori gabe, bada flotatzen ibiltzeko arriskua, galtzeko perila. Bertzenaz, behar duzu ukan diziplina bat alimalekoa, eta nik ez dut! Lanerako bai, badut, baina erakusketa baten egiteko, behar dut ukan obrak galeriari emateko muga-eguna.

Ez duzu zure margoen gaineko sobera esplikaziorik eman nahi izaten…

Ez dut maite.

“Erran ahal bada, zertako margotu?” Baconen aipua egin zenidan behin.

Eta horretan naiz oraino. Gauza eta elementu errekurrenteak erabiltzen ditut ene lanean: espazioa, paisaia –Zuberoako paisaia, beti– eta espazio horretan gertatzen diren gauzak. Horrela da beti ene lana. Bestalde, paketa maite baitut aleman bat Thomas Helbig, bat egin dut harekin, maite baitu arrazionalismoa, eta horrekin batera, kaosa. Biak ageri dira haren obran, eta hori nahi dut ene margoetan ere. Maite dut alemanen metafisika hori, arrazionalismoa batetik, eta kaosa bertzetik, biak batean. Ez dut pitokeriarik erran nahi, baina, enetako, euskaldunok badugu harremana, lotura azkarra, Alemaniako espresionismoarekin.

Arrazionalismoa, eta kaosa.

Horren egiten saiatzen naiz ni. Ene lanetan beti da zerua eta lurra, Zuberoa, eta kaosa. Eta azarea, eta borroka, gestazioa, apokalipsia… Hori da ene intentzioa. Ene margoetan gero eta haboro hori gertatzen dela konturatzen naiz. Hori da ene margoetan ikusten dudan mundua.

Sasoi batean, enteak ere ageri ziren zure margoetan.

Pertsonak dira, edo gauzak, eta espazio horretan ageri dira, bai. Enteok badute ikustekorik ene ibilbidearekin, bai eta bizitza politikoarekin ere. Deus ez da halabeharrez gertatzen, beti bada arrazoirik, gordea bada ere. Ez dut introspekzioa maite, ez zait interesatzen batere, baina konturatzen naiz Zuberoan bizitzeak, Hegoaldetik ihesi jinak, baduela ikustekorik ene lanean, eta, segur aski, kontatzen saiatzen naizela.

“Zuberoan bizitzeak, Hegoaldetik ihesi jinak.” Zango bat hemen, zango bat han bizi zara?

Gero eta gehiago ari naiz zuberotartzen.

Aitzinako errana duzu hori…

Bai, horretan naiz oraino! Gogo izugarria dut Hegoaldera joateko, eta badut, halaber, beldur alimalekoa, hara joan eta zer ikusiko ote dudan. Estresaturik ikusten ditut artista anitz. Erakusketa ezarri beharra, Alemaniara joan beharra honetako edo hartako… Hori da nik kanpotik ikusten dudana, ez diot ene buruari permititzen inor juzkatzea, inork zer egin behar duen inori erratea. Nik badut ene bidea, espresionismoa, baina behar dut ikusi bertze artisten proposamenak zein diren. Belaunaldi zaharrak eta berriak, denak ikusten ditut, proposamen interesgarriak eta ez hain interesgarriak. Eta Venezian, Berlinen egiten dena ikustera joaten naiz, ahal delarik. Eta beti badira han eta hemen proposamen batzuk zinez hurbil sentitzen ditudanak. Horietarik batzuek ene ideiak sendotzen dituzte, bertze batzuek, aldiz, desorekatzen naute. Beharrezkoa da. Margolari batek behar du lan egin, eta so egin, anitz behar du bietarik.

Oteizak ere erran zuen hori.

Bai. Ez da posible atelierrean sarturik bizitzea, munduan zer ari diren batere jakin gabe. Behin erran zidan artista batek ez zuela horren beharrik, baina ez nion sinetsi. Ezin zara itsu izan, itsu bizi. So egin beharra duzu, ikusi. Europako iparraldeko joera, haien metafisika, espresionismo basa hori, gogoko dut. Bada korronte bat, ez dakit sistematizatzen ahal den ere, baina denok ere badugu familia bat Pinturaren historian. Ni, hasteko, erromantikoa naiz. Hor da Goya ere! Behin honat jin zen Jose Julian Bakedano, eta horixe erran zuen: “Margolari erromantikoa zara”, Baietz erran nion.

Formatu handiko lanak, ertainak eta ttipiak baliatu dituzu erakusketan.

Lan egiteko manera ezberdinak dituzu. Ttipian, lan xeheak egiten ahal ditut, anekdota, detailea, xehetasuna da nagusi haietan. Handian, gestuala da margoa, espazioa okupatzeko gogoa sentitzen dut horietan, ene gorputzaren jarraikimena da ageri han. Zenbait aldiz formatu handian egiten dut lan, eta ttipian bertzeetan. Batzuetan, handian ari eta konturatzen naiz ez dela obra nik nahi bezala heltzen, eta aldiz ttipian bai. Edo alderantziz. Bada bide bat batetik bertzera.

Kolorea deigarri da zure margoan.

Zenbait urtez zuri-beltzez egin nuen lan, baina orain kolorez jiten zait margoa, behar dut. Beltzetik, guti.

Eleak ere sobera. Titulurik ere ez zure lanek, erakusketari izena ematen diona ezik.

Barbalotak. Ene pinturari izen bat emateko modua… Baina titulurik ez dute ene lanek, ezta Joseba Sarrionandiaren olerkiek ere, edo Georges Batailleren harako Histoire de l’Oeil [Begiaren historia] lanak, adibidez. Ez dut batere maite tituluak ezartzen. Nekezia badut tituluak ezartzeko. Zenbait aldiz, ez du zentzurik. Oro har, ene margoak egiteko guti erabili ditut testuak. Aldiz, noiztenka, atmosfera baten atzemateko bada, hartzen dut liburu bat edo bertze. Ez naiz, hala ere, sobera liburuzalea, baina Borges maite dut paketa. Zenbait aldiz, hartu haren ipuinak eta maite dut han ageri den anbiguotasuna, errealitatearen eta fantasiaren artean dagoen zera hori. Maite dut ene margoetan ere aztarnak ematea, errealitatea erakustea, baina giltza osoki eman gabe. Adibidez, zinez sinesten dut polisemian. Hori da, azkenean, ene lana, polisemia baliatzea. Ikusleari irakurketa anitz eskaintzea da ene gogoa, ber irudiari zentzu eta interpretazio ezberdinak eman ahal izateko berak.

Polisemia duzularik lehen asmoetarik bat, eta interpretazio ezberdinak hor direlarik ere, ez ote da ikusleak zure margoan deus ez ikusteko arriskua, deus ez konprenitzeko?

Bai, baina hori bera ere bada erreakzio bat. Txarrena ez ikustea da: galeriara joan, margoen aitzinetik turrustan iragan eta deus ez ikusirik irtetea. Ez konprenitzea ere ene proposamenaren aitzinean erreakzio bat izatea da. Ez konprenitu arren, badira bertze konduktu batzuk, emozioak, adibidez, eta horiek ere balio dute. Margolanean xuxen zer gertatzen ari den konprenitu gabe sortzen ahal da emozioa.Margolanak emozioa sortu behar du nahitaez, ene ustez. Badira margolana intelektualki konprenitu nahi dutenak. Ez naiz horien mundukoa. Lan egiteko garaian badut ene metodoa, baina anitz gauza intuitiboak dira, gauzek nihaur harritu nazaten nahi dut. Maite dut hori… Minimalistak, adibidez, interesgarri dira, konbentzioak hautsi baitituzte. Ez da ene mundua. Oteizak erran zuen: “Cezanne edo Duchamp!”. Nik uste bien artean badela bidea. Ni ez naiz Cezanne-ago Duchamp-ago baino… Horiek pitokeriak dira! Gero eta gutiago maite ditut sailkapenak: “Hauek, espresionista dira; horiek inpresionista; haiek…”. Eta joan eta espresionisten artean ere bada orotarik. Baina historialariek behar dituzte egin beren sailkapenak. Eta gero eta gutiago eramaten ditut horrelako gauzak. “Hau kontzeptuala da!”. Menturaz bai, menturaz ez. Menturaz, badu kontzeptualetik, baina emozioa ere ageri da haren margoetan. Historialariak, finean, artxiborako ari dira lanean.

Ortiz de Elgeak erran zidan, han ari omen zitzaion kritikaria eta: “Ez dakit non sailkatu zure obra!” erran omen zion…

Hori da, bai. Obra egitea, eta sekulan ez kontent izatea.

Hori bai nekezia!

Baina horrek balio du, zuhaurren lanarekin konforme ez izatea. Interesgarria da kritika, nork bere burua kritikatzea, eta jendearen kritika ere. “Zure lanak hunkitzen nau” da enetako kritikarik ederrena. Edo “ez nuen lan hau ezagutzen. Ber gauza da, baina bertze manera bat!”. Jendea datorrela, berehala konturatzen zara jende interesgarria den edo nolakoa den. Nik zerbait sentitzen duen jendea maite dut, margoak hunkitzen duelarik, ez dakit buruan edo bihotzean, baina hunkitzen! “Honek halako pentsarazten dit!”. Maite dut hori, edo ikuslearen ametsen eta margoen arteko erlazioa. Batek dio: “Zaldia ikusten dut hor” eta baliteke ezinago urrun izatea zure asmoa, baina ikusleak egiten duen proiekzioak ere hainbat balio du. Ene ustez. Bertzenaz, hemen gaindi badugu kolekzionista bat, Jauregiberri, eta ari da zenbait gauza egiten, erakusketak. Ene lanak maite ditu, eta beti erraten dit zerbait, ene margoen gainean, bistan da. Problema, sobera positiboak dira haren kritikak... Kritika negatiboa ere behar dut, motibatzen nau. Behar dut, bortxaz. Ene burua zafratzeko balio du, eta ez da gaizki egina.

Pitorea (Gonzalo Etxeberriari)

Pintorea bere gela hertsitik larrera irten zen hegaztien kolorea ezagutzera.
Hegazti bat ikusi zuen laster, kolore zurikoa.
Geroxeago, kolore beltzeko beste hegazti bat ikusi zuen.
Bere gelara itzuli eta, koadroan, hegazti gorria pintatu zuen.

                                                Ez gara geure baitakoak. Joseba Sarrionandia
 

Estiloa

“Zenbait artista plastikok estilorik gabe nahi dute beren lana egin. Errespetatzen dut joera hori. ‘Ez dut estilorik. Hori da ene estiloa!’. Egiten delarik serio, lan gaitza da. Errespetagarri zait, zinez, baina nik ezin dut horrelakorik egin. Enetako, arteak badu hizkuntza, egitura bat, eta behar dut gramatika hori, bertzenaz galdua naiz. Egia da ere behar dudala, ondoan, gramatika hori baztertu, hautsi… Zenbait aldiz, margolana egin eta konturatzen naiz duela lau urte ere egina dudala ber gauza! Eta horren kontra ez da deus egiten ahal! Hormaren kontra jotzea bezala da! Edo jenioa izan behar da, ordu arte eginikoarekin hautsi eta berriz hasteko! Momentu honetan ez naiz hor, hori segur!”.


Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Analisia
Araba: Zer isla elektoral izango du aldaketak?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia nabarmentzen ari da, Araba erabakigarria izan daitekeen herrialde bihurtuta. Dinamika hori ulertzeko, azken hamarkadan Araban izandako hauteskunde-bilakaera aztertu behar da. Hiru aldi... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude