argia.eus
INPRIMATU
HEMEROTEKA
Keynes problema da, ez soluzioa
  • Aurrekontuetako defizitak eta zor publikoa handitzearen beharra azpimarratuz, eskariak hazi eta sektore pribatuko jarduera bultzatuko dutela diote ekonomialari batzuek. Kontrako iritzia du Harry Shuttek. Red Pepper aldizkariko webgunean azaldu du zergatia.

Harry Shutt 2012ko irailaren 05

1980ko hamarkadako “iraultza” neoliberalak ez zuen erabat baztertu II. Mundu Gerraren ondoren politikan nagusi izan zen adostasun keynesiarra. Merkatuak liberalizatu eta globalizatu ziren, korporazioei eta finantzei askatasun handiagoa emanez irabaziak egiteko aukerak bilatzeko. Baina ez zen aldatu uste ofiziala: gobernuek merkatuetan esku hartu behar dutela ekonomiaren hazkundea eta finantza-merkatuak babesteko. Benetan ironikoa da eskaintza-estrategia –zerga zuzenak murriztean oinarritua–, Reaganek AEBetan 1980ko hamarkadan aplikatutako ekonomiaren muina, keynesiar estiloko defizitaren finantzazioa izan zela funtsean, hazkundea bultzatzeko diseinatua, nahiz eta gutxi jabetu ziren horretaz garai hartan.

(...) Esan liteke ideologia keynesiarrak jarri zuela abian baliabideen esleipen desegoki eta masiboa eta horrek, progresiboki 1980ko urteetatik, eraman duela mundu osoko merkatu ekonomia ia erabateko kolapsoraino. Horregatik, ondoriozta daiteke Keynesen teoria ekonomikoek orain arte, berak zioen bezala kapitalismoa salbatu baino, balio izan dutela porrot terminalera eramateko.

(...) Halere, porrot hori ulertu gabe, keynesiarrek jarraitzen dute ekonomiaren hazkunde maila (BPG) sostengatzeko konpromisoarekin –edo, ahal bada, 1973 baino lehenago lortutako mailetara igotzeko ahaleginean, hori baita behar den minimoa hazkundearen soberakina xurgatu ahal izateko–. Helburu hori lortzeko lasterketa desesperatuak eragin ditu gaur egungo ekonomiaren distortsio masiboak eta desorekak, bereziki aurrekaririk ez duen zor publiko eta pribatu erabilgaitzaren zama.

(...) BPGaren hazkundea alferrik bilatzeak dakartzan kalteen ordez, eta geroz eta zentzu gutxiago daukan ‘erabateko enplegua’ xerkatu beharrean, ongizate ekonomikoa adierazle sozialetan neurtu beharko litzateke etorkizunean, adibidez, osasun publikoaren bidez edo krimen mailaren bidez. BPGaren hazkunde esanguratsurik gabe, irabaziak modu bidezkoan banatu beharko lirateke honako oinarrietatik abiatuta: a) herritar guztiei oinarrizko errenta ordaintzea (denei gutxieneko segurtasuna ziurtatuz); b) norbanakoen irabazi osagarriak lortzeko aukerak mugatuz, gehienezko lan orduen edo lan urteen bidez eta/edo zerga progresibo altuen bidez. Irabazi nazionalen parte handiago bat masei banatzea (...). Azkar finantzatu ahalko litzateke gaur egungo kapital errendimendu geroz eta erredundanteagoen kuota erraldoietik”.

(...) Ezkerrak egungo miseria kaotikotik ateratzeko modua zehaztu nahi badu, XXI. mendean sartu behar du eta urgentziazko kontu gisa alternatiba hauek serio eztabaidatzen hasi