Deszentralizatzen hasiko dela dio batek, eta besteak desintegratzen ari dela esan beharrik ez du. Ez dira konparagarriak, Piruli dorreak haize balantza handia du, Eiffelena ez da berehalakoan eroriko, lau zango ditu. Eta guk abiadura bi: Lurralde Elkargo berezi batez ari gara batean, eta independentziarako erreferenduma usaindu nahi dugu bestean. Krisiak mikro-espazioetara badarama mundua, agian ahots bat izan genezake. Ahots bat bai, baina hitzik, izanen ote dugu gure hitzik? Hautetsien Kontseiluak eta Eusko Legebiltzarrak beren hautsi-mautsiak egin artean albiste batzuk oharkabean pasatzen dira gure begien aurretik: euskararen erabileraren datu berriak. Begi baikorretik irakurriz, lurraldetxo bat salbatuko da agian, begi ezkorretik irakurriz, peko errekara ez ote goazen... aitzinatu dena ukatu gabe baina bukatu gabe kinka latza oraindik euskararena. Beste gatazka batek okupatuko du gure pentsamenduaren denbora, baina badugu hemen mikro-gatazka bat, hil ala bizikoa: subiranotasun politikoak jarriko al ditu hizkuntzaren subiranotasunerako oinarriak? Herri bezala bidea urratu behar badugu subirautza prozesuak beharko ditu subiraultza batzuk.