"Euskaldunak ez du segidarik Puerto Ricon"

  • Amerikara joan zen, misiolari, eta arimak kristautu zituen, nonbait, noizbait. Puerto Ricon bizi delarik, ez du arrakastarik izan gure izena daramatenak euskalduntzen. “Jaioko dira berriak!”. Bai ote?

Zaldi Ero

Hamazazpi urte dira kongresu hartatik: Euskal Gizataldeen I. Mundu Biltzarra. Puerto Ricoren izenean, hiru lagun: Jose Errasti, iaz hila; Javier Arzuaga, “Cheren kapilaua” –AEBetan oraintxe–; eta zu zeu. Oñatiarra Arzuaga, aramaioarrak Errasti zena eta zu. Frantziskotarra izana hura, pasiotarrak zuek. Ameriketara fraide joanak hirurok. Euskara kamustua hirurok...

Lehenengo, guk ez genuen euskaraz batere ikasi. Ez Errastik, ez nik. Ez genuen euskararen gramatikarik ikasi. Apaiztu berritan, 24 urte genituenean, Amerikara joan ginen. Ni, 1958an. Errasti eta Arzuaga hiru bat urte lehenago. Badiotsut, guk ez genuen euskara estudiatu, behin ere. Umetan ikasitako euskara baino ez genekien, etxean jaso genuena, baina osterantzean, gure ikasketak egiten ari ginela, batere ez. Ahaztu egin dugula euskara? Estudiatu ere ez genuen inoiz egin!

Berba egin ere ez fraideen artean, ikasketak egiten ari zinetela.

Ez, gure komunitatean, erdia baino gehiago erdaldunak ziren. Kolegiora sartu ginen eta dena zen gaztelaniaz: irakaskuntza, elkar hizketak, otoitz-errezoak… Dena. Euskara astiro-astiro galtzea, normala... 10-11 urte nituela joan nintzen Gabiriara, pasiotarren kolegiora. Atera kontuak, Aramaion, Iturralde baserrian, bederatzi seme-alaba ginen; txikiena ni. 2 urte nituela aita hil zuten 1936ko irailean, Gerra Zibileko krimenen biktima. Jaio nintzeneko, anaia bigarrena jesuita zen Belgikan. Ondoko hiru arrebak moja sartuak ziren. Beste anaia bat pasiotarra nuen. Gogoratzen naiz anaia hura ikustera eraman izan nindutela Gabiriara, bisitan, eta frontoia ikusi nuen. Frontoia ikustea gauza handia zitzaigun! Gure amarentzat, berriz, handia zen semea apaiz ikustea, edo fraide. Iturralden ez zen dirurik, eta kolegioa pagatu beharra zegoen zerbait. Horretan, osaba bi nituen apaiz, biblioteka ederrak zituzten biek, eta liburuen bidez pagatzen zituen gure amak nire ikasketak Gabirian. Gogoratzen naiz zelan etortzen zen gure ama, urtean behin edo birritan, maleta bete liburu zekarrela. Horrela pagatu zuten gure seminarioa!

1945ean joan zinen Gabiriara. Bost urte han. Angoston, urtebeteko nobiziatua. Tafallan, bi urte Filosofia ikasten. Urretxun, lau urtez Teologia…

Eta azkeneko urtea, Deustun, Oratoria ikasten, sermoiak eta predikuak egiten. 1958an, Amerikara joateko prest nintzen. Santanderretik irten nintzen, abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, Reina del Mar itsasontzian. Hiru ginen pasiotarrak. Gurekin batera, Ekuadorreko Los Rios misiora zihoazen zortzi-hamarren bat apaiz. Denok sotanaz jantzita, goitik behera. Edo behetik gora! Kar, kar, kar. Ikusgarria zen! Gaur egun ergelkeria ematen du, baina gu benetako munduan sartzen ari ginen orduan, modernizatu gura genuen, baina sotana beltz haiek jantzita, eta berotzar hartan, ez genuen lepoko zuria abituaren gainetik ateratzea asmatu besterik. Eta egundokoa egin genuelakoan geunden. Kar, kar, kar.

Bizia egin zenuen Amerikan apaiz.

Bogotan, lehenengoan, sei urte. Beste urte batzuk, berriz, Kolonbian, batetik bestera misiolari, Jose Errastirekin. Mendietan barrena genbiltzan, zaldi gainean. Hura abentura, hura. Behin, gobernuko funtzionario batzuekin batera joan nintzen halako leku batera, herri moduko bat osatzera, eskola, polizi etxea eta bestelakoak ipinita. Zaldiz joan behar izan genuen hara, bi egunez, nondik nora genbiltzan batere ez genekiela, indioak gidari hartuta. Bigarren egunerako, porru eginda nengoen, mailatuta. Heldu ginen, astebetean osatu genuen herria, inguruan txaboletan bizi ziren indioak bertara batu, eta buelta. Misiolari. 1964an Puerto Ricora joan nintzen, eta handik sei urtera sekularizatu egin nintzen

Sekularizatu eta gero?

Puerto Ricon sekularizatu nintzen, eta berton geratu. Emazte dudana ezagutu nuen, ezkondu nintzen, eta berton. Batzuek emakumea ezagutzearekin lotzen dute sekularizatzea, baina ez da erabakigarria, oro har. Irten nintzen, eta bizitzeko borrokan murgildu nintzen. 38 urte nituen ordurako, eta lan egiteko garai onena joana zitzaidan. Estutasunik handiena lana inguratzea izan zitzaidan orduan. Zoria lagun izan nuen, dena den. Ez nuen agiri akademiko nahikorik. Gabiria ez zen unibertsitatea, eta Urretxu ere ez! Ez nuen unibertsitate mailako agiririk, nahiz eta baliokidetzaren bat eman zidaten. Lana behar nuen, bizitzen hasi behar nuen 38 urtetan, sostengu ekonomikorik gabe.

Zenbat iraun zuen lana inguratu arteko estutasunak?

Hilabete, hilabete eta erdi. Gobernuaren departamentu batean inguratu nuen lehenengo lana: Giza Zerbitzuen atalean. Sekularizatu, deialdi bati erantzun eta lanean hasteko moduan nintzen hilabetera. Sasoi hartan boladan zegoen metadona programa, drogadiktoei laguntzeko, eta hartan eman zidaten lana. Hura bat zetorren nire prestakuntzarekin, behartsuei laguntzeko zera horretan. Gustura nengoen. Funtzionario publiko baten soldata agindu zidaten, handia ere ez, baina niri ona baino hobea zitzaidan. Lana onartu nuen, beraz, eta bizpahiru eguneko prestakuntza ikastaroa nuen zain. Horretan, fraide garaian ezagutu nuen abokatu bat etorri zitzaidan galdezka: “Zenbat irabaziko duzu gobernuko lanean?” “600 dolar!”. Soldata handia iruditzen zitzaidala esan dizut, baina abokatuak, aldiz: “Hori besterik ez?”, “niri ez zait gaizki iruditzen, 600 dolar”. “Tira, guk bi halako emango dizugu. Eta gainera, gasolinatan gastatzeko laguntza”. “Hauek burutik zaudek!”, nik neure artean. Berarekin lan egin nezan gura zuen. “Zertan, ordea?”, “hilerri batean. Ireki berri da, oraindik ez dugu inor lurperatu berton. Gura duzu berton lan egin?”. “Hilerrian?” esan nion nik neure buruari. “Etorri bihar halako lekura eta esplikatuko dizugu dena”. Gobernuko lana seguru neukanez, abokatuak agindutako lekura joan nintzen hurrengo egunean, ea zer ote zen hilerri kontu hura.

Eta?

Joan nintzen eta, hantxe, hiru ordu, jan eta edanean hiru abokatu haiek. Zuzendaritza batzordea izan, nonbait. Haien zurruta! Amaieran, esan zidan batek: “Ez dakit jabetu zaren, baina gurekin lanean ari zara dagoeneko”, “ez, ez, ez zait interesatzen!” esaten hasi nintzen, alferrik. “Etorri bihar bulegora. Lehenengo hileko soldata aurreratuko dizut”. “Hara, benetan ari dituk!” nik neure buruari. Eta delako bulego hartan nintzen biharamunean, idazmahaian jarrita, zer egin behar nuen batere ez nekiela. “Zer egin behar dut, ordea?”, nik. “Trankil, ikasiko duzu”, eta han non etortzen zaidan idazkaria, gutun-azala eskuan, hileko soldata barruan.

Hilerrian lanean, baina ez zulogile, horratik.

Ez. Administrazioan, gerentzian egin dut lan. Buru izendatu ninduten, baina batere ez nekien kontabilitateaz, ez administrazioaz, ez salmentaz. Zoria lagun izan nuen beste behin. Salmenta departamentua osatu nuen, Kontabilitate atala, eta jende ona jarri nuen haietan, arduradun, nahiz eta neu izan denen buru. Horrela egin nuen, eta gauzak ondo irten ziren. Erretiroa hartu arte hilerrietan egin dut lan. Lehenengo hartan, Borinquen Memorial-en, hogeita bi urte. Orduan, hilerri berria egin gura zutela esanez etorri zitzaizkidan beste batzuk, eta haiekin joan nintzen. Azkenean, AEBetako konpainia bat etorri zen, erosi zituen Puerto Ricoko hilerriak eta hileta-zerbitzu gehienak –zazpi hilerri eta hemezortzi hileta-zerbitzu; Espainian ere baditu erosiak–, hots egin zidaten, zazpi hilerri haietako buru izan nendin, eta haiekin hartu nuen erretiroa.

Euskal etxea ere osatu zenuten San Juanen, Puerto Ricoko hiriburuan.

1994an. Lau urte lehenago hasita geunden bilerak, afariak eta zenbait ekitaldi egiten, baina 94an ezagutu gintuen ofizialki Eusko Jaurlaritzak. Kultur elkartea ginen, irabazi asmorik gabekoa, Puerto Ricoko erregistroan ere izena emanda genuen. Garai hartan hasi zen euskal etxeen mugimendua, gura baduzu, eta guk ere bagenekien zertan ari ziren bazterretan. Egitura osatu genuen, beraz, eta egitura osatuta, euskal etxeen zerrendan sartzeko eskatu genuen. Onartu ziguten, eta laguntza eman ziguten. Etxe bat alokatu genuen, egoitza izateko, eta zazpi-zortzi urtean ondo iraun genuen euskal etxean. Urtean ekitaldi indartsu bat egiten genuen, aberri egunez. Urte batean, txistulari bi bidali zizkigun Jaurlaritzak, eta benetako festa egin genuen. Beste behin, txalaparta bidali zigun. Festa ederrak izan ziren.

Eta gero?

Zahartu egin ginen, eta gure seme-alabek, festa haietara etorrita ere, ez zuten eskurik hartzen, horretarako motibaziorik ere ez zuten. Azkenean, zuzendaritza aldatu zen, eta euskal etxeak indarra galdu zuen.

Hasieran esan dudanez, duela hamazazpi urte ezagutu zintudan: Euskal Gizataldeen I. Mundu Biltzarra, Gasteizen. Puerto Ricoren ordezkari, Jose Errasti, Javier Arzuaga eta zu zeu. Akabo da hura, eta euskal etxea San Juanekoa.

Baina ez da ofizialki desagertu. Nire ondotik etorri zen presidenteak ez zuen araudiak agintzen duena zuzen bete: hileko batzarra, ekitaldiak… Beraren ustez, bazkideek egin behar zuten lana, ez berak. Baina inork ez zuen ezer egiten, berak ere ez zuen batzarrik deitzen, ez zuzendaritza-batzorde aldaketarik… Badiotsut, hala ere, elkarteen erregistroan gaude Puerto Ricon berton, irabazi asmorik gabeko elkarte gara, baina alferrik da, ez dago aktibitaterik. Zaharrak hiltzen, gazteek esku hartzen ez… Ez dago segidarik.

AEBetan behin eta berriz eta askotan entzunda: “Lehenengo belaunaldiko euskaldunak hiltzean, kito!”.

Ez dakit, bada. AEBetan izana naiz, Idahoko Boisen, bertoko Jaialdi festa handian. Han ikusi nuena besterik da. Lehenengo belaunaldiko euskaldunak benetan sentimendu bat transmititzen ari direla iruditu zitzaidan. Ostatu hartu genuen hotelean berton, hango euskaldunen umeak ikusi genituen, euskal erara jantzita. Han euskal espiritua ikusi uste izan nuen ondoko belaunaldietan, eta hori ez dela erraz galduko. Geroari begira, bidea irekia dutela iruditu zitzaidan, horri segitu baino ez dutela egin behar.

Eta Puerto Ricon?

Puerto Ricon ez da horrelakorik, euskaldunak han ez du segidarik. Sasoi batean, aberri eguna ospatzen genuen, eta batzen gintuzten gauzak ziren: teknika, telebista. Jaurlaritzak ETB ikusi ahal izateko behar zen tresneria jarri zigun euskal etxean. Euskal telebista ikusi gura zuenak, euskal etxera joan beharra zuen derrigorrez. Aldizkariak bidaltzen zizkigun –berandu jasotzen genituen, baina interesgarri iruditzen zitzaizkigun era guztietara–, loturak genituen, alegia. Baina lehen teknikak elkarretaratzen gintuen bezala, urrunarazi egin gaitu orain: Internet bidez, nork bere etxean ikusi ahal du pilota partida, albisteak, edo dena delakoa. Lehen euskal etxera joan beharra genuen; aldiz, orain, etxeko txokoan berton geratu eta segitzen dugu hemengo mundua. Euskal etxearen beharrik ez…

Nortasun agiria

Jesus Lasaga (1934, Aramaio, Araba). 1957an apaiztu zenetik Amerikan egin du bizia. Puerto Ricon zen 1970ean sekularizatu zenean, hantxe hasi zen lanean, hantxe ezkondu eta familia hazi, hantxe ekin zion San Juan hiriburuko euskal etxeari. Puerto Ricoren buru eta ordezkari etorri izan da Euskal Herrira diasporaren biltzarretara, euskal etxearen sorrera eta nola-halako galera, biak bizi izan ditu. Zentzu handiko agertu zaigu beti, ezagutu dugun joan deneko hamazazpi urtean.

Azken hitza
Balorea

“Orain dela urte batzuk, aspaldiko apaiz lagun batekin egin nuen topo aireportuan. Berbetan ari ginen, eta berak:
–Apaizgoa uzteko balorerik ez nuen izan nik.
–Berton segitzeko balorerik ez nuen izan nik. Enpate gaude! –esan nion”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude